[itzul] '16 mm film projector'

Alfontso Mujika alfon a bildua elhuyar.com
As, Uzt 26, 09:04:15, CEST 2005


Nik uste dut bi ideia nahasian erabiltzetik etorri dela zalantza hori.

Batetik, egia da menpetasunezko izen-elkarte batean bigarren izena dela
sintagmaren burua ('film-proiektagailua' zer da? 'film' bat edo
'proiektagailu' bat? Garbi dago 'proiektagailua' dela). Hortaz, izenlagun
bat elkartuz gero, hari dagokiola ulertu behar da. Adibidez:
<1.000 euroko film-proiektagailua>
<Gure etxeko film-proiektagailua>
Lehen kasuan, garbi dago proiektagailuak balio duela 1.000 euro, ez filmak.
Eta bigarren kasuan ere, garbi dago proiektagailua dela gure etxekoa, ez
filma.

Hori egia da, eta, beraz, '16 mm-ko film-proiektagailua' terminoan '16 mm-ko
proiektagailua' esaten ari garelako baieztapena zuzena da. Baina, hortik,
bigarren baieztapen bat egin da: 'proiektagailuak 16 mm ditu', eta hori,
nire ustez, ez da -nahitaez- zuzena.

Ingelesez, '16 mm film projector' esatea bezain normala da '16 mm projector'
esatea. '16 mm projector", euskaraz, '16 mm-ko proiektagailua' egingo genuke
lasai asko, eta horrek ez du esan nahi proiektagailuak 16 mm dituenik.
Adibidez, '220 V-eko proiektagailua' esan dezakegu, eta horrek ez du esan
nahi proiektagailuak 220 volt dituenik, baizik eta 220 volt-eko tentsio
elektrikoa erabiltzen duela.

'Nolako proiektagailua' den zehazten ari gara, eta '16 mm-koa' dela esaten
badugu, proiektagailu horren ezaugarri bereizgarri bat ematen ari gara.
Ezaugarri hori, kasu honetan, proiektagailuak onartzen duen filmaren
zabalera da: 16 mm.

Bestelako informazio jakinik ez balego, mezuaren hartzaileak pentsa lezake,
besterik ezean, '16 mm' delako hori proiektagailuaren geometriari buruzko
datu bat dela (ez genuke jakingo luzera, zabalera edo garaiera den), baina
hipotesi hori ez da erreala. Informazio hori ematean, informazioa ematen
duenak jakintzat ematen ditu hainbat gauza, hartzailearentzat ere jakinak
direnak. Horregatik, termino hori trinkoa da. Bestela, '16 mm-ko filmetarako
proiektagailua' edo antzeko zerbait esan beharko genuke, baina, ekonomiaren
legeak '16 mm-ko film-proiektagailua' formulara ekarri du.
Diapositiba-proiektagailuak ere 16 mm-koak izan daitezke. Horregatik, filmak
proiektatzeko gailuez ari garela zehazteko, eta diapositiba-proiektagailuez
ez garela ari argitzeko, '16 mm-ko film-proiektagailua' esango dugu, '16
mm-ko proiektagailua' bakarrik esan beharrean.
Baina, beste mota bateko proiektagailuekin nahasteko arriskurik ez
dagoenean, ekonomiaren legeak are gehiago laburtuko du terminoa: '16 mm-ko
proiektagailua'.

<Nolako proiektagailua? 16 mm-ko filmetarako proiektagailua>
<Nolako proiektagailua? 16 mm-ko film-proiektagailua>
<Nolako proiektagailua? 16 mm-ko proiektagailua>

Horregatik, esango nuke '16 mm-ko film-proiektagailua' termino zuzena dela,
eta ez dut uste hitz-elkartea ezinbestean hautsi beharra dagoenik. Horrelako
jauzi semantikoak etengabe egiten ditugu hizkuntza arruntean nahiz
teknikoan, euskaraz nahiz erdaraz.

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuak


-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
nombre de Igor Odriozola
Enviado el: sábado, 23 de julio de 2005 18:10
Para: itzul a bildua postaria.com
Asunto: [itzul] '16 mm film projector'


Arratsalde on,

Ingelesezko: '16 mm film projector' zelan esan liteke euskaraz? Izan ere,
euskaraz '16 mm-ko film-proiektagailua' jarrita, proiektagailuak izango
lituzke 16 mm, ez filmak; eta ez zait hitz-elkarketa beste era batera
egiteko modurik etortzen burura.

Laguntzerik bai?

Igor Odriozola
_________________________________________________________
Lortu posta elektronikoa doan >>> http://www.euskalerria.org
____________________________________________________________________________
_______________
Lortu posta elektronikoa doan >> http://www.euskalerria.org




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago