[itzul] Definizioa eta galdegaia: inkesta
jon-agirre a bildua ej-gv.es
jon-agirre a bildua ej-gv.es
Or, Eka 24, 10:18:41, CEST 2005
Nik araua ez nuke hautsiko.
Orain, argitu dezagun araua. Euskaraz aditza atzean jartzen dela ez da arau
ondo adierazia, topiko nahasgarria baino. Jartzen dena da galdegaia
aditzaren aurrean: antzekoa da, baina ezberdina eta batere zerikusirik ez
daukana bere ondorioetan. Euskaraz normalagoa da aditza erdian joatea, hain
zuzen galdegaiaren ondoren. Mintzagai hanpatua dagoenean jartzen dugu aditza
atzean, baina galdegaiaren ondoren. Atributiboetan-eta, atributuen bitartean
jar daiteke eta askotan jartzen da.
"Hau da polita" zuzena da euskaraz, baldin eta "hau da, polita" irakurtzen
badugu (edo adierazten badu), eta okerra da euskaraz "hau, da polita"
irakurtzen badugu (edo adierazten badu). Azken kasu honetan, zuzena da
"hau(,) polita da", badakigunez.
Hala ulertzen dut nik araua (ez nabil araua ezartzen, azaltzen baino).
Hortik abiatuta, Edortaren definizio-arauen proposamena guztiz egokia eta
zuzena dela esan nahi dut. Zuzena, bai. Araua guztiz errespetatzen duena.
Bestalde, adibidez, "Atmosfera gasezko geruza da, Lurra inguratzen duena"
edota "Atmosfera da gasezko geruza, Lurra inguratzen duena" hobeto daude eta
egokiagoak dira "Atmosfera Lurra inguratzen duen gasezko geruza da" edota
"Atmosfera da Lurra inguratzen duen gasezko geruza" baino, nahiz eta denak
zuzenak izan. Zergatik? Hain zuzen, Edortak esaten zuenagatik. Atmosfera ez
da Lurra, geruza baizik.
Definizioaren gunea definitu behar den hitzera hurbiltzea komeni da, are
gehiago (definitu beharrekoa nominatiboan egoten da eta definizioaren gunea
ere hala eman behar da) nominatiboan dagoen definizio-gunearen aurretik
beste hitzen bat kasu (nominatibo) berean badago (atmosfera, Lurra eta
geruza bezala).
Badakit eztabaida amaitutzat jo ondoren natorrela, baina (txinparta gehiegi
ez nuke atera nahi) Altube gehiegi kritikatzen dela uste dut, eta funtsean,
"elemento inquirido" (galdegaia) eta horiek identifikatzen-eta, asmatu zuela
esan nahi nuke. Bere oinarrizko esanak muturrera (nork? berak? ondorengook?)
eraman izanak ekarri ditu, beharbada, arazoak joskeran, zurrunegi
interpretatu izanak alegia, eta kasu guztiak berdinak direla uste izateak
ere bai. Eta "zeinistak" edo Altuberen kontraesaleak dira zurrunen
interpretatzen eta gehien kritikatzen dutenak. Bere garaian ulertu, aitortu
eta utzi behar genukeela deritzot.
Jon Agirre
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago