[itzul] Kolore, kolore!
Rey Escalera, Fernando (Traductor BON)
fernando.rey.escalera a bildua cfnavarra.es
As, Mar 22, 13:52:37, CET 2005
Kaixo, Alex.
Aspaldi ohartua nintzen problema horretaz eta komentatu ere egin dugu itzultzaile batzuen artean. Eta egia da idazle batzuek hori egiten dutela, baina, nire ustez, kasu batzuetan, oker.
Segurtasun erabatekorik gabe, baina gauzak, nire ustez, honela daude:
A) Kolore batzuk adjektiboak dira: zuri, gorri, berde, hori... betiko koloreak, nolabait ere esateagatik. Beraz, etxe gorria, jertse berdea eta horrelakoak esanen ditugu. Dena dela, igual erdarazko esamoldeen bitartez (ez nago seguru), honelakoak ere sartu zaizkigu: "un libro de color verde". Aski izanen litzateke "liburu berde bat" esatea, baina behin esamolde hori onartuta "kolore berdeko liburu bat" esan beharko genuke eta ez, inola ere, "berde koloreko liburu bat", berde adjektiboa delako eta ez izen. Egia da zabaltzen ari direla "berde kolorea", "urdin kolorea" eta horrelakoak, baina, nire ustez, oker.
B) Beste kolore edo ñabardura batzuk adierazteko, adjektiboez baliatu beharrean sustantiboez baliatzen gara, elkarketaz (izena + izena). Orduan zerbaitek pistatxoaren kolorea duela adierazteko, pistatxo kolorea esaten dugu. "Un libro color pistacho", "pistatxo koloreko liburu bat". Sail horretakoak dira, ba, laranja, urrea, brontzea, gaztaina eta beste asko. Beharbada batzuk mugan daude eta ez dakigu izen diren edo jadanik adjektibo bihurtu diren (arrosa...).
Izen elkarketa hori adjektibo ere bihurtzen da batzuetan. "urre koloreko liburua = liburu urre-kolorea"...
Hori da nik dudan eskema, egin ditudan kontsultek, esperientziak eta intuizioak emana. Baina badira, seguru, askoz ere gehiago dakitenak.
Fernando Rey.
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago