[itzul] Kolore, kolore!

Antton Gurrutxaga agurrutxaga a bildua elhuyar.com
Ost, Mar 23, 08:57:32, CET 2005


Elhuyarren ere maiz atera da gai hori, hiztegigintzan zein testugintzan.
Gure iritzia, oro har, Fernandok eta Patxik eman dutena bera da. Ohar bat
baino ez:

Argi dago 'kolore-hitzak' ('gorri', 'urdin'...) izen- eta izenondo-kategoria
dutela. Bestetik, objektu batekiko analogiaz egiten diren
kolore-adierazpenak 'x-kolore' formatua dute, batzuetan izenlagun gisa
(Otañok txepetxa deskribatzeko erabili zuen 'gaztain kolore bakarrekoa',
adibidez) eta besteetan (gutxiagotan esango genuke), izenondo gisa ('galtza
arrosa-koloreak). Fernandok dioen bezala, 'berde kolore' modukoak horiekiko
analogiaz ere sortuko ziren, beharbada.

Kontua da, ordea, 'x-kolore' multzoko batzuk lehen multzoko 'kolore-hitz'
izatera pasa daitezkeela. Horretara, kolorearen izena adierazteko edo
izenondotzat ere erabiltzen dira. Esaterako, 'laranja'. 'Ereduzko prosa'-ko
adibide batzuk:

- "Gelako argia pizten duzu itxaropen gehiegirik gabe eta bonbillak eman
dezakeen guztia ematen duen arren, argi laranja laru bat besterik ezin du
eman." (Pasaia blues, Harkaitz Cano)

- "Argi laranja ahul batek girotzen zuen kolore granateko girnaldez
apaindurik zegoen klubeko terraza." (Egurra Pinotxori, Aritz Gorrotxategi)

- "Zein da nire trena? -galdetu zuen andre laranja batek" (Van't Hoffen
ilea, Unai Elorriaga)

- "Hogei kilo gutiagoren jabe eta markako txandal gorri-laranja batez
txatxutua, gure semeak maite dituen filme guztiz pedagogikoetako heroi
transgalaktiko zangomotza iduri zuen, sugar desgisatu eta lekuz kanpokoa
“Lisboako” histuran." (Rock'n'roll, Aingeru Epaltza)

Interneten ere badaude horrelakoak:

- Hasieran ganbila da, baina gero laundua, eta kolore gorri-laranja du
(orbita.starmedia.com/~perretxikuak/ama_cae.htm)

- Eskolako liburutegiko (sorta laranja). Nola prestatu ahozko azalpen bat
Bigarren
Hezkuntzako arlo guztietan.
(http://www.cfnavarra.es/PUBLICACIONES/unacoleccion.asp?iddecoleccion=59&nom
brecoleccion=Eskolako%20liburutegiko%20(sorta%20laranja)

- II Kategoría. Koloreak: Urdina, berdea eta laranja.
(www.gaztenet.com/usoa/equipo_ de_protección_individual2.htm - 17k)

Horrenbestez, esan liteke 'laranja' hitza 'kolore-hitz' bihurtzen ari delako
zantzuak badaudela. Horrelako gehiago? Datuak hobeto aztertu behar lirateke,
baina, esaterako, gaude 'arrosa'-z ere antzeko zerbait esan litekeela.
Ereduzko prosan adibide asko daude ('soineko arrosa, 'hodei arrosa'...;
batzuetan, bietarako adierazpideak agertu ohi dira idazle beraren testuan:
'atorra arrosa' eta 'atorra arrosa-kolorea'; Airezko emakumeak, Felipe
Jauristi). Bestetik, OEHn izenondo-kategoriako adibide bakarra dator; beraz,
prozesu 'berritzat' jo liteke; bidenabar, aurreko 'laranja'-ren adibiderik
ez dago OEHn; azpisarrera 'laranja-kolore' da, aipu bakarrekoa).

Kolorea deskribatzeko erabiltzen diren hitzak oso ugariak dira (ezin konta
ahal hitz daude). Batzuk 'espezializatu' samarrak dira, eta, gure ustez,
joera badago 'kolore-hitz' bihurtzeko. Bistan da ez garela 'gaztaina',
'marmol' eta horrelakoez ari, 'fuksia', 'turkesa', 'zian' eta gainerakoez
baizik.

Begira 'turkesa'-ren agerraldiak 'Ereduzko prosan'-n:

- "Gilderoy Lockhart, ordea, ezin garbiago zegoen turkesa-koloreko jantzi
dotoreekin, ile horia dir-dir zuela urrez apaindutako kapela turkesa ondo
jarriaren azpian" (Harry Potter eta sekretuen ganbera, J.K. Rowling / Iñaki
Mendiguren)

- "Han koaderno ezin politagoak ikusi ditut, eta nire barrena askatzeko
(zerikusirik ez bulegoko akta, agiri eta fakturekin) eta nire zuloa nola edo
hala ixten laguntzeko, azal turkesa duen hauxe hautatu dut, politegia
aukeran bertan idatziko ditudanak kontuan hartuz." (Jeans-ak hozkailuan,
Patxi Zubizarreta)

- "...titi ederrak, oparoak haiek ere, soineko arinen azpian, batarena
turkesa eta bestearena marroia, lehendabiziko aldiz bezperan jantziak..."

- "Kristaletan, hodeiak turkesa-koloreko itsas gainean iheska." (Zorion
perfektua, Anjel Lertxundi)

Bietarako erabilera ageri da adibideotan ('kapela turkesa',
'turkesa-koloreko jantzi')

Hiztegigintzaren ikuspegitik, gai zaila da horrelakoak hiztegian nola
adierazi (izenondo-kategoria duten, kolore-izen beregain bihurtu diren..).


-----------------------------------
Antton Gurrutxaga
> ELHUYAR Hizkuntz Zerbitzuak
> Zelai Haundi, 3 Osinalde Industrialdea / 20170 Usurbil
> (+34) 943 36 30 40
> agurrutxaga a bildua elhuyar.com / www.elhuyar.org
-----------------------------------


-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
nombre de Patxi Petrirena
Enviado el: miércoles, 23 de marzo de 2005 2:28
Para: altxupere a bildua euskalerria.org; ItzuL
Asunto: Re: [itzul] Kolore, kolore!


Uste dut bat etorri garela Fernando eta biok, bakoitzak bere moduan
adierazirik gauzak (hark zehatzago). Beharbada, nik esandakotik pentsa
daiteke gaitzetsi egiten dudala ‘arrosa koloreko galtzak’, baina esan behar
dut ezetz; bakar-bakarrik, lehenago ikasi nuela ‘galtza arrosa-koloreak’.
Gehituko dut, bidenabar, bizpahiru aldiz aurkitu dudala testuetan
‘arrosakolore’, horrela idatzita, dena batera (izenondo moduan, jakina).

Bestetik, zehaztu behar genuke ‘gorri’, ‘berde’ eta halakoak ez direla
izenondo bakarrik, izen ere badirela batzuetan: ‘Gorria kolore bizia da’,
‘Ostadarraren lehen kolorea gorria da’


Horregatik, besteak beste, sail berezi bat egin beharra daukagu auzitan
jarri ditugun 'gorri koloreko' erakoetan. Alesek bildu dituenetatik
(Euskarazko Prosa Gaur-ekoak), uste dut ezin direla bestela esan honako
hauek, egitura konplexuagoak baitira:

esmalte zuri koloreko begiak
esmalte zuri koloreko hortzak
zilar zuri-koloreko zerbait
kanario hori-koloreko jantziak
marmol hori-koloreko paretak
sufre-hori koloreko txori
urre berde koloreko soineko
aza-berde koloreko alfonbra

Marratxo horiekin nabil ni nahasi samarra, baina argitu gintezke. Honako
hauek hartzen ditut nik eredu:

- ‘aza-berde koloreko alfonbra’ [kolorea = berdea, baina azaren berdea (ez
belarraren berdea, adibidez)]. Hala uste dut behintzat


- ‘sufre-hori koloreko txori’ [kolorea = horia, sufrearena]

Horiek horrela, uste dut ‘kanario-hori koloreko paretak’ idaztea dagokiola,
eta ez aurkitutako adibidean dagoen bezala. Nire iritzia, betiere.

Beste bizpahiru, berriz, ez dakit seguru nola hartu beharrekoak diren.
Esango nuke ez direla aurreko horien berdin-berdinak: ‘marmol horia’,
adibidez, ‘iz. + adj.’ bide da, eta ez ‘marmolaren horia’, lehengo
‘sufre-horia’ = ‘sufrearen horia’ bezala.

Gaurkoz, aski.

Patxi
_________________________________________________________
Lortu posta elektronikoa doan >>> http://www.euskalerria.org
____________________________________________________________________________
_______________
Lortu posta elektronikoa doan >> http://www.euskalerria.org




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago