ER: [itzul] Hobe esan
Juan Garzia Garmendia
svrinsjg a bildua sv.ehu.es
As, Maiatza 3, 11:14:24, CEST 2005
Barkatu hain berandu heltzea honi, baina "hobe esanda"ri dagokio hori, eta
ez "hobe esan"i. Bistakoa da desegokia dela "hobe" erabiltzea
"hobeto/hobeki"ren partez, baina ez dago hain garbi egitura bera duenik
"hobe esan" esapide bereziak, non "hobe" horrek "hobe izan (da/duzu)"
esapidekoarekin duen, nik uste, zerikusi handiagoa (hots, ez dagokio NOLA
galderari).
Nire iritziz, beste kontu bat gurutzatzen da, hala ere, hor. Zenbait
hiztunen (edo hizkeraren) gramatikan ez dago "hobe/egia esan" molderik, eta
erabat jokatutakoak erabiltzen dira hori adierazteko (mendebaldean
bereziki): "hobeto esanda", "egia esanda/esateko/esatearren"...
Okertzat jotzekotan, bada, "hobe esan" zein "egia esan" molde labur(tu)ok jo
behar lirateke, eta ez dut uste Euskaltzaindiak hartarainoko ausardiarik
duenik. Ez dakit noizdanikoa den joskera hori, baina aski erroturik dago
hizkera askotan, belarriek huts egiten ez dadidate (neu ere zalantzan ibilia
naizelako segitu diot arrastoa joskera horri).
"Hobeto"ren ordez "hobe" erabiltzea, jakina, erdaraz biak "mejor" izatetik
datorkigu, baina harrigarria da zenbat jendek eta nolakoak egiten duen huts
hori. Muturreko kasu baten kalteak neuk jaso nituen, Argian egin zidaten
elkarrizketa luze batean, sintaxia erabat desintegratzearekin batera, nire
"hobeto" GUZTIAK "hobe" bihurtu baitzituzten.
-----Jatorrizko mezua-----
Nondik: itzul-bounces a bildua postaria.com
[mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]Honen izenean: LARRINAGA LARRAZABAL,
ASIER
Bidalia: ostirala, 2005.eko apirilak 22 17:06
Nora: 'ItzuL'
Gaia: RE: [itzul] Hobe esan
Jagoneteko kontsultetan begiratuz gero, hau irakur daiteke.
>>"Hobe" izenondoa denez, okerra da "hobe esanda" delakoa. Gramatika
batzordeak Leioako biltzarrerako prestatutako txostenean argitu zuen kontu
hori (ikus II.12. puntua).<<
Txosten hartatik hona, ziurrenik, idazle onek (edo arduratsuek,
behintzat) alde batera utzi dute egitura okerra. Baina sasoi batean oso
modan egon zen, eta askok, euren belarrian arrotz egin arren, erabili egingo
zuten. Hizkuntzako modekin horrela gertatzen da. Belarrian min egiten
diguten hitzak, egiturak, esaldiak... milagarrenean geuk ere erabiltzen
ditugu.
Asier Larrinaga
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago