[itzul] toki-erakunde eta antzekoak
Joseba Erkizia
jerkizia a bildua gipuzkoa.net
As, Maiatza 3, 11:27:13, CEST 2005
aspaldi dabilkidan zalantza bat argitu nahian idazten dut.
"local" terminoa "toki-" bezala itzulita agertzen da askotan eta neri, egia
esan, belarrian min pixkat egiten dit. gainera, gehienetan automatikoki
itzultzen dela iruditzen zait, "local" horrek zer adierazten duen aztertu
gabe.
hona nere galdera, zuen iritzia jakiteko:
"entidad local" ez al dago hobeto emanda "udal-mailako" edo "udaleko
entitate/erakunde" terminoekin, "toki-erakunde" zehazgabea esanda baino? eta
gauza bera toki-administrazio, tokiko errepide eta antzekoei dagokienez,
eskerrik asko aldez aurretik,
maria
Kaixo Maria:
Beste inork erantzun ez dizunez, hara nire iritzia: "local = toki-" oro har.
Egia esan, neroni urte askotan aritu naiz "administración local" bezalakoak
"udal administrazio" jartzen; izan ere, "udal administrazioaren" barruan,
udalak ez ezik, udalez beheko erakundeak, mankomunitateak. kontsortzioak,
diputazio arruntak (ez foralak) eta abar egon arren, funtsezko ezaugarria
edo maila "udala" dela uste baitut.
Erabileran, ordea, joera jori ez da gailendu, eta "toki administrazioa"
nagusitu da. Gainera, beste erabilera esparru batzuetan ere aski zabaldua
dugu, dagoeneko, "toki-" elkarketa-osagaia (ingurumen ekimenetan,
nekazaritzan, historian, ezatabaida filosofikoetan...).
Administrazioaren barruan, esaterako, nire ustez nahiko erabakigarria izan
da "7/85 Legea, toki-araubidearen oinarriak arautzen dituena" horrelaxe
euskaratu izana (IVAP, 2004).
Behin baino gehiagotzan esan izan dut termino batek euskaraz bere bidea
urratua duenean aintzat hartzen ohitu behar ginatekeela, ezin dugula dena
"belarriaren" arabera epaitu edo dena arrazoi logikoz hornitzen saiatu.
Badakit euskarak korpusa normalizatzeko bide luzea egin behar duela
oraindik, baina hizkuntza normalizatuetan erabilerari ematen zaion lekua
ematen ohitu behar genuke euskaraz. Zer esan nahi du horrek niretzat? Bada,
testugintzari kasu gehiago egitea, aurrekarietara gehiagotan jotzea,
erabilerari bideak zabaltzea; edo, beste era batera esanda, gauza guztiak
behin eta berriz asmatzen ez aritzea.
Esaterako: gaztelerazko "local" adjektiboak asebetetzen al ditu/gaitu
gaztelerazko erabiltzaileok? Ezetz esaten ausartuko nintzateke ni. Denok
sinesten dugu, ordea, "local" horretan, eta gazteleraz idazten dugunean
"administración local" erabiltzen dugu lasai asko (testuinguru jakin
batzuetan izan ezik).
Noiz hasi behar dugu hori egiten euskeraz? Noiz galdetu behar dugu gehiago
"nola erabiltzen da..." edo "nola dago finkatua..."?
Nire ustez, "zer iruditzen zaizue...?" bezalakoak, benetan termino edo
adierazpen berrietarako mugatu behar genituzke.
Uste dut jbide honetatik zihoala joandako 29an gas deskontuaren inguruan
adiskide Iñakik (BITEZ LOGOS) esandakoa ere, eta arrazoi ematen diot. Gas
hornitzaile batek esaten badigu, txukun asko esan ere, "% 2ko deskontua
gasaren fakturan / % 2ko deskontua argindarraren fakturan", zergatik ezin
dugu sinestu?
Joseba
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago