ER: [itzul] besterik

Juan Garzia Garmendia svrinsjg a bildua sv.ehu.es
Ost, Maiatza 18, 14:45:59, CEST 2005


Nire ustez, "baino"rekin bederen eta oraingo nire inguruko erabileran,
adiera bana hartzen dute bi esaldi hauek:

"Lau liburu baino ez dut irakurri" (=ez dut beste ezer irakurri)
"Lau liburu baino ez ditut irakurri" (=ez dut liburu gehiagorik irakurri)

Lehenbizikoan garbi erabil daiteke "besterik" "baino/baizik"en lekuan:

"Lau liburu besterik ez dut irakurri" (=ez dut beste ezer irakurri)

Bigarrenean, berriz, nire ustez, gogorregia da (partitiboaren marka hortxe
dagoelako edo):

"???Lau liburu besterik ez ditut irakurri" (=ez dut liburu gehiagorik
irakurri)

Horrekin loturik, funtsezkoa da, nik uste, hasierako sintagma plural hori
benetako plural mugatuaren zentzuan hartzekoa den ala mugagabearenean
(liburuak=los libros / liburuak=libros):

"liburuak baino/baizik ez ditu irakurri" (aldizkariak irakurri gabe utzi
ditu)

"liburuak besterik ez du irakurtzen" (ez zaizkio gustatzen liburu ez
direnak)

Nik horrelaxe emango nituzke, "baino/baizik" eta "besterik" trukatu gabe
(gehienez ere, bigarrean "baino/baizik", baina ez lehenbizikoan "besterik")
baina ez dakit nire erabilera bat datorren zuen guztionarekin.

-----Jatorrizko mezua-----
Nondik: itzul-bounces a bildua postaria.com
[mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]Honen izenean: Alfontso Mujika
Bidalia: asteazkena, 2005.eko maiatzak 18 12:26
Nora: ItzuL
Gaia: RE: [itzul] besterik


Euskaltzaindiak ez du horri buruzko araurik eman. 1998an Gramatika
batzordeak arau-proposamen bat prestatu zuen (<Izen-sintagma + 'besterik'
eta aditz komunztadura>), baina ez da oraindik arau bihurtu. Tradizioan,
badirudi hor proposatzen dena dela erabilera nagusia, baina bestelako
adibideak ere ez dira falta. Hor proposatzen dena aplikatzen dugu Elhuyarren
testu-zuzenketetan.

1999an, Gramatika batzordeak honela erantzun zuen Jagoneten:
GALDERA:
Ariketak besterik ez dut egin ala Ariketak besterik ez ditut egin? Biak dira
zuzenak?
Lau gizon besterik ez ditut ikusi.
Zuk esan zenituenak besterik ez nituen entzun.
Besterik honek egin dezake komunztadura pluralean, ala singularra baino ez
du onartzen?
Lau gizon ikusi ditut, besterik ez.
Zuk esan zenituenak entzun nituen, besterik ez.

ERANTZUNA:
Ez da araurik eman auzi horren gainean. Gramatika batzordeak Areatzako
txostenean aurkeztutako arau-proposamenak honela dio:
Besterikek ezkerretara daraman osagaia absolutiboan bakarrik joan daiteke,
"absolutiboa + besterik ez + aditza" egituran.
Horrelakoetan perpauseko aditzak besterikekin egiten du komunztadura, oro
har:
a) Pertsonari dagokionez, dudarik gabe (zu besterik ez dut maite).
b) Numeroari dagokionez ere, hori da gomendioa (ez zegoen bakar batzuk
besterik).
Gogoan izan "x + beste" bezalako egiturak kasu guztietan erabil daitezkeela
eta bi sintagmak kasu berean joango direla:
Zuk bestek ez dit esan.
Gertaturikoa ez diot zuri beste inori esango.
Asteburuetan ez omen zara mendira beste inora joaten.
---------------------------

Alfontso Mujika

-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
nombre de Xabier Mendiguren
Enviado el: miercoles, 18 de mayo de 2005 11:50
Para: ItzuL
Asunto: [itzul] besterik


"Bigarren mailako ikasleak besterik ez da / dira etorri".

"Sagarrak besterik ez dut / ditut jaten".

Zuen ustez singularra ala plurala erabili beharko litzateke halakoetan.

Eta "baino" eta "baizik" hitzekin berdin funtzionatzen al du?

Beharbada erabakia ere hartuta dago, baina nik ez dut horren berri;
inork argibiderik balu, zinez estimatuko nioke.

Aldez aurretik mila esker.

X.





ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago