[itzul] eureka!
Juan Garzia Garmendia
svrinsjg a bildua sv.ehu.es
As, Ots 7, 09:51:28, CET 2006
Barkatuko didazue harrokeria, baina gaur "eureka" bat atera zait mezu bat
iritsi zaidanean, zientzialari bati beraren iragarpen teoriko bat datuek
enpirikoki frogatzen dutenean ateratzen zaionaren modukoa.
Izan ere, esana nuen nik, aspaldi, azkenean edozer gauza bihurritzeraino
iritsiko zela gaztelaniazko prosa, nominalizazio-estilo gupidagabera
behartzeko, baina ez nuen espero hain azkar eta hain biribil iristea
adibidea. Bada, horratx, etorri bezala (azenturik ezak xarma anbiguo bat
gehitzen dio):
DESHABITUACION TABAQUICA
Tamala da, zinez, azken(aurreko) urrats hori egitera ausartu den pioneroaren
izena isilik geratzea. Hura fama-leihoratzen den bitartean, hala ere, beste
berri bat badugu gurean, beste eureka bihotzetikoago bat jaulkarazi behar
ligukeena, guztion itzultzaile-heldutasunaren seinale den neurrian,
euskaratzaileak ez baitu, hara, DESOHIKUNTZA TABAKOLARIA edo halakoren eman,
honako hau baizik: TABAKOTIK DESOHITZEKO TERAPIA. Berri onak ere berri izan
litezke, ezta?
Horri esaten diot nik eurekazko oreka, urrezko legea aplikatu baita:
itzulgaitik behar bezain urrun, eta hartatik ahal bezain hurbil. Eta, kasu
honetan, beste zuhurbide bat ere aplikagarri zen eta aplikatu da: ez heldu
estuegi berekin hondoratuko zaituen testuari.
EHUn gertatu dira eureka-kasu biak, baina edonon gerta zitezkeen noski.
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago