[itzul] "declaración" hitza dela eta

AElosegi antton.elosegi a bildua ehu.es
Or, Eka 16, 17:59:43, CEST 2006


 Kaixo,
Iñigok ez bezala, nire ustez 'adierazpen' bezalaxe, 'aldarrikapen' hitzak
ekintza zein ekintza hori gauzatzen deneko agiria edo bestelako bidea
adierazteko balio du, eta 'deklarazio'beti izango da deklaratu ekintzaren
ondorioa edo papera. 'Adierazpen' hitzaren erabilera hori hiztegietan jasota
izatea, eta besteena ez, ezin da interpretatu ukapen bezala. Beraz, ez dut
uste irizpide hori baliagarri denik bata edo  bestea aukeratzeko.
Nire iritziz, euskarazko eta erdarazko hitz bakoitzaren esanahiak eta
erabilerak dira parean jarri behar direnak baliokideak proposatzerakoan.
Erabilerari dagokionez, zuzenbidearen munduan (edo mundutxo horren zati
batean) egiten denaren esperientziatik abiaturik arituko naiz gehienbat.
Esanahiari eta erabilerari gagozkiola, 'adierazi/ adierazpen' dira,
zalantzarik gabe, zabalenak. Edonork dakien bezala, edozein bidez eta
edozein gauza adieraz daiteke. Hitz horrek ez digu ezer esaten 'aditzera
emate' horren inguruko xehetasunez. Hortaz, ez du eragozpenik ia edozein
testuingurutan erabiltzeko. 
Aldarrikatu /aldarrikapen, esanahi zehatzagoko hitzak dira, eta ekintza
hori, 'jatorrian', ozenki esatea dela esango nuke. Nire ustez, esanahi hori
oso ondo egokitzen zaio erdaretako 'proclamación / proclamation' hitzen
erabilera askori. Buruzagi bat aldarrikatzea, edo independentzia
aldarrikatzea edo giza eskubideak mundu osoarentzat direla aldarrikatzea,
guztiz zuzena, eta egokia dela uste dut. Orobat horien 'aldarrikapenez'
(agiriez) hitzegitea
Hirugarrena, 'deklaratu/ deklarazio', badira euskaraz aspalditik erabilitako
hitzak, eta gainera, Hiztegi Batuan jasoak. Egia da, hori bai,
'deklaratu'ren 2. adieran h. dagoela eta 1. adieran "epaiketaren inguruko
adierarekin batez ere" azalpena ondoan duela. Zuzenbideko hizkera erabili
eta findu behar dugunok horren interpretazio zabala egiten dugu (batzuek,
gutxienez), eta epaiketaren mundu hertsitik kanpo ere erabiltzen dugu. Gutxi
gora behera, honela deskribatuko nuke hitz horren esanahia: zerbait modu
formalki, ofizialki edo hotsandiz adieraztea da deklaratzea; jakina,
'deklaratu' ekintzaren ondorioa zein papera,'deklarazioa' izango da.
Zein da erabilera horien abantaila? Euskarak baduen lexikoari bidea ematea,
eta hizkera espezializatuetan (eta ez hain espezializatuetan) daukagun
zehaztasun beharra zertxobait erraztea. 
Kasu guztietan 'adierazi' eta 'adierazpen' hitzekin molda daitekeela? Bai,
baina zer irabazten da?
Antton Elosegi


-----Jatorrizko mezua-----
Nork: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com] Noren
izenean: Iñigo Errasti Aranbarri
Bidaltze-data: viernes, 16 de junio de 2006 10:42
Nori: ItzuL
Gaia: Re: [itzul] "declaración" hitza dela eta

Egun on, Agurtzane:

Ea balio dizun atzo galdetu zenuena argitzeko. Nik uste dut lehenen-lehenen
bereizi beharrekoa dela ea "ekintza" ala "zer hori, testua-agiria-papera"
den. Adibide inozo bat: "Aurreko baten, Jonek Giza Eskubideen Adierazpena
utzi zidan mahai gainean." Nik neuk ez nuke esango horrelako esaldi batean
"Giza Eskubideen Aldarrikapena" utzi zidala.

Frantsesez, ingelesez eta gaztelaniaz, "déclaration, declaration,
declaración" esaten diote horri (proclamation, proclamation, proclamación
gutxi topatuko duzu). Hiru hizkuntza horietan, hitz horrek (déclaration-ek)
ekintza eta ekintzaren "ondorioa" adierazten dituzte, hau da, kasu honetan,
giza eskubideak (edo dena delakoa) "aldarrikatzeko" ekintza eta (demagun)
hori jasotzen duen testua-agiria-papera.

"Proclamation" hitzak, ingelesez eta frantsesez era bi adiera ditu: ekintza
eta "gauza-papera-ondorioa".
Gaztelaniaz, ordea, "proclamación":
 1. f. Publicación de un decreto, bando o ley, que se hace solemnemente para
que llegue a noticia de todos. 
 2. f. Actos públicos y ceremonias con que se declara e inaugura un nuevo
reinado, principado, etc. 
 3. f. Alabanza pública y común. 

Nik horri "ekintza"-ren adiera baino ez diot hartzen.

Eta euskaraz, zer? Euskal Hiztegia hartuta (Elhuyarren Euskal Hiztegi
Modernoa ez daukat, tamalez), hona zer dioen:

adierazpen: (...) 1. (Zerbaiten) adieraztea, azalpena. (...) Jendaurrean
zerbait aditzera emateko egiten den izkribua. Ik. agiri. Euskaltzaindiak
bere VIII. Biltzarraren ondoan adierazpen hau agertzen du:... Han bildurik
zeudenek egindako adierazpena irakurtzeko (...)

aldarrikapen: iz. (1977). Aldarrikatzea.  (alegia, aldarrikatu aditzaren
aditz-izena)

Beraz, hasieran esan dizudan bezala, nik dokumentu, agiri eta halakoentzat
"adierazpen" erabiliko nuke (zein testuinguru den, beti ere... zeuk esana da
"zer uste duzue egin beharko genukeela "declaración" horiekin guztiekin,
"aldarrikapen" bihurtu denak ala "adierazpen" deitu ala...?"... , eta
"guztiekin" eta "denak" horiek beldurra eman zidaten... brometan, e? Jendea
batzutan sutan jartzen da eta ;) Ordea, horiek bultzatzeko edo sustatzeko
egiten diren ekitaldietarako (zelan edo halan ekintza adierazten
dutenetarako) "aldarrikapena" erabiliko nuke.

Izan ere, "aldarrikapenak" eta bere "lehengusuek" niri neuri "ozen esatea,
jendaurrean oihuka-edo esatea..." ekintza, beti ere, ekartzen didate gogora
(oker ibiliko naiz agian).

Ez dizut "deklarazio" hitzaren gainean ezer esan. "Deklarazio" hobesten
dutenek esango dizute zergatik hobesten duten, eta nik oso gustura jasoko
nuke azalpena. 


Beno, ea ezertarako balio dizun, eta barkatu gehiegi luzatu banaiz... baina
nahiago dut iritzia agertuta adierazpena ere ematea :)

Iñigo




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago