[itzul] "declaración" hitza dela eta
Iñigo Errasti Aranbarri
errasti.i a bildua AJU.ej-gv.es
Al, Eka 19, 11:07:32, CEST 2006
Barkatu, lehenengo testuan letra etzanez idatzi ditut asko eta asko baina ez dira horrela agertu mezuan. Ea horrela hobeto ulertzen duzuen.
Egun on,
Antton, gustura jaso dut azalpena. Kontu batzuetan bat nator, beste batzuetan ez.
"Adierazpen hitzaren erabilera hori hiztegietan jasota izatea, eta besteena ez, ezin da interpretatu ukapen bezala"... edo bai (Asiskorena). Kontua da, Antton, interpretatzea iritzi kontua dela neurri handi batean (osoan ez bada). Dena dela, baten esanahia jasota dago eta bestearena ez.
Ordea, neuk ere uste dut euskarazko eta erderetako hitz bakoitzaren esanahiak eta erabilerak parean jarri behar direla baliokideak proposatzerakoan (nahiz eta uste dudan, batzuetan, erabilera okerra izaten dela), eta horrexegatik proposatu dut nik proposatutakoa adibide zehatz horretan: "declaración/adieraztea-adierazpena", eta "proclamación/aldarrikapena". Euskaraz zein den erabiliena? Bada, "Giza Eskubideen adierazpena" bi aldiz gehiago erabili da "aldarrikapena" edo "deklarazioa" baino (Googlen). Ereduzkoan, "adierazpena" da 3-4 aldiz, "deklarazioa" 12 bider eta "aldarrikapena" behin ere ez. Horiez gain batzuk dira "Kuala Lumpurko" edo "Islamabadeko" deklarazioak, eta beste batzuk, berriz, "Bartzelonako" edo "Bolognako" adierazpenak; edo Gobernuak eta ETAk kaleratutako "adierazpenak". Beraz, "declaración" eta "proclamación" direnak, "adierazte-adierazpen" eta "aldarrikapen" dira, oro har (bigarren horiek, norbaitek nahi izanez gero, paperean. Uste dut azken horretan soilik ez gatozela bat, ezta?).
Ados, "deklarazio"-k ekintza eta ondorioa adierazten ditu. Horrela mailegatu dugulako, adiera biekin (bide batez: Orotarikoak dio klasikoen artean idazle "arduratsuek", garai batetik aurrera, ez dutela erabiltzen, eta nik interpretatzen dut beste bideren batetik jotzen dutela hori adierazteko). Baina berdin-berdin hartu dezakegu hitza bere adiera guztiekin (RAEn dauzkan zazpiekin, esaterako). Kontua da, zuk aurrekoan esandako "nire ustez, declaración, guztiek ez badira askok, "deklarazio" behar dute." horrek zehaztea eskatzen duela. Izan ere, "declarar/declaración" askok pare-pareko dute "adierazi": "le declaró su amor"; "el presidente declaró que la economía es una prioridad para el Gobierno..." Eta beste batzuetan, "declarar"-ek "deklaratu" baino, beste hitz batzuk dituela ordaineko (hiztegietan datoz jasota eta ez dut gehiegi luzatu nahi). Nire ustez, euskaraz dugun zehaztasun beharra ez du askotan (bai batzutan) "deklarazio"-k ekarriko, ezpada gaztelaniaz "declaración"-i ematen dizkioten adina esanahi (edo erdia), zabal-zabal, "adierazte-adierazpen" bikoteari onartzeak. Izan ere, gaztelaniazko "declaración"-i esanahia erabilerak, testuinguruak eta irakurleek ematen diote (eta bereizten dituzte Romeroren amodio adieraztea eta lehendakari baten hitzak). Eta zer galtzen da, bada, horrela?
Iñigo
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago