[itzul] itzulpen memoriak berriro
Ana Morales
ana_isa_morales a bildua yahoo.com
Ast, Api 26, 21:58:38, CEST 2007
Kaixo denoi:
lehenengo eta behin eskerrik asko aurrekoan zerrendara edo pribatuan erantzun zenidatenoi: Karlos del Olmo, Elena Garcia Berasategi, Ana Martín eta Gotzon Egia.
Orain galdera konkretuagoa egin gura nizueke guztioi (aurrekoan erantzun zenidatenoi eta ixilik geratu zinetenoi):
memoriarekin dokumentu bat itzultzen ari garela, konturatuko zineten memoriak etengabe gordetzen dituela sortuz goazen unitateak; hau da, ez du itxaroten guk "clean up" egin arte gordetzeko. Horren emaitza da gero memorian unitate beraren bertsio bat baino gehiago izaten direla, askotan egun bereko data dutenak. Horrek zikindu egiten du memoria, ez baita biltegiratzen guk ontzat jo dugun azken bertsio behin betikoa bakarrik, tarteko beste bertsioak ere gordetzen baitira.
Horren konponbidea izan liteke Translation Memory Options-en overwrite aukera hartzea, hots, agindua ematea memoriari jatorrizko segmentu berberaren azken bertsioak aurreko guztiak ordezkatzeko. Hala ere, horrek ez liguke aukerarik utziko jatorrizko segmentu bat bera modu desberdinetara itzulita gordetzeko (orain ez nabil unitate bat beraren bertsio desberdinez; orain esaten nabilena da guk, itzultzaile esperientziadunak garen heinean, badakigula batzuetan "Banco" banketxea dela eta beste batzuetan "aulkia" dela, eta, beraz, interesatzen zaigula memoriak aukera ematea unitate desberdinak izateko jatorrizko segmentua berdina izan arren).
Hori konpontzeko Euskal Herriko Unibertsitateko itzultzaileek memoria txikiak erabiltzen dituzte; hau da, dokumentu berri bat heltzen zaienean, analizatu egiten dute memoria nagusiaren kontra eta hark emandako unitateekin memoria txiki bat sortzen dute proiektu horretarako. Analisiak zero unitate eman arren ere, memoria txiki bat sortzen dute proiektu bakoitzerako, hutsik egon arren. Memoria txikiarekin egiten da itzulpena, eta azkenean, zuzenketa guztiak sartuta daudenean eta itzulpena behin betikotzat jotzen denean, dokumentua memoria nagusian gordetzen da.
Memoria txikiekin lan egitearen beste abantaila da memoria nagusia haziz joan ahala astunegi egiten dela erabiltzeko, batez ere itzultzaile askok konpartitu behar dutenean.
Hala ere, badirudi memoria txikiekin lan egiteko ohitura hori ez dagoela oso zabalduta euskal itzultzaileen artean, eta gurako nuke jakin zergatik, ea ez zaizuen memoria zikintzearen arazoa gertatzen edo nik ez dakidan beste era batera konpontzen duzuen.
Eskerrik asko berriz ere hona heltzeko pazientzia izan duzuen itzultzaile bizkorroi.
Eta gaur, eskumin bereziak gernikarrei.
ana
---------------------------------
Ahhh...imagining that irresistible "new car" smell?
Check outnew cars at Yahoo! Autos.
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago