[itzul] Decenas de miles
Antton Gurrutxaga
agurrutxaga a bildua elhuyar.com
Al, Ots 12, 16:17:34, CET 2007
Duela bost urte inguru, gai honen inguruko kontsulta jaso genuen. Hona
orduan prestatu genuen erantzuna (agerraldien datuak zaharrak dira):
--------------------
Mahai gainean jarri duzun arazoa ez da guretzat berria, baina, hala ere,
gogobetetzeko moduko erantzuna eta irtenbidea ez da ematen erraza. Errazetik
has gaitezke:
Euskaraz baditugu 'ehunka', 'milaka' eta 'milioika': 'ehunka lagun etorri
ziren', 'milaka liburu bildu dituzte'; 'milioika erromes heldu dira Mekara'.
Horiek denak 'kopuru handia' adierazten dute, baina 'maila' aldatu egiten da
batetik bestera (argi dago ez dela gauza bera toki batean 'ehunka lagun' edo
'milaka lagun' biltzea). Gaztelaniaz, 'cientos de', 'miles de' 'millones de'
dira horien ordainak, hurrenez hurren. Eta gaztelaniazko 'decenas de'?
Euskaraz 'hamarka' ere badago, baina ez da oso erabilia eta, gainera,
zalantzazkoa da 'kopuru handia' adierazteko erabiltzen den; badirudi
'dozenaka' erabiltzen dela horretarako (Euskal Hiztegian, 'hamarka'-ren
definizioa 'Hamarreko multzoetan' da; 'dozenaka'-rena, berriz: 'Dozena
neurri banakotzat hartuaz; kopuru handietan'). Hortaz, bidezkoa da 'decenas
de' euskaraz adierazteko 'dozenaka' erabiltzen dela esatea (hona hemen
Interneteko adibide bat: 'decenas de heridos en un accidente...'; gure
ustez, 'dozenaka zauritu' eman liteke euskaraz, besteak beste).
Baina erdaraz (gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez...) maiz topatzen ditugu
honelakoak:
'han gastado cientos de miles de euros', 'decenas de miles de trabajadores,
'miles de millones de estrellas'
'centaines de milles de chemins', 'dizaines de milliards de personnes', 'des
milliers de milliards de cellules'
'hundreds of thousands of children', 'ten of thousands of dollars',
'hundreds of millions of years'
Horrelakoak nola? Kantitate edo kopuru handia adierazten dute; ez dira
kopuru zehatzak, baina horrek ez du esan nahi nolanahi itzul daitezkeenik;
hau da, kopurua edo kantitatearen maila nolabait adierazten dute, gutxi
gorabehera, eta argi dago ez dela gauza bera, ez beti eta testuinguru
guztietan behintzat, milioiez ari bagara, hamar, ehun edo mila milioiz
mintzatzea. Gure ustez, horrelakoak honela eman daitezke:
'ehunka mila euro gastatu dituzte', 'dozenaka mila langile', 'milaka milioi
izar'
'ehunka mila bide', 'dozenaka milioi lagun', 'milaka milioi zelula'
'ehunka mila ume', dozenaka mila dolar', 'ehunka milioi urte'
EEBSn badaude horrelakoak; adibidez:
"Eunka milla langille, gizon eta emakume, ari dira munduan, fruita bereizi,
tajutu ta pardeltzen, urtearen buruan millaka ta millaka tonelada biltzen
ditutela" (DORRONSORO, Lukas,'Industriaketa aundiak',1971).
"Eta hau gutxi balitz Suizara ateratzen diren milaka miloiak daude."
(BERETERRETXE, 'Nazio arazoa',1978)
"...milaka milioi biztanle..." (ASKOREN ARTEAN, 'Mega gaztetxoentzat', 1995)
Baita Interneten ere (Google, 02-02-26):
dozenaka mila (66), dozenaka milioi (2)
ehunka mila (40), ehunka milioi (32)
milaka milioi (101)
Gainera, batzuetan 'varios, unos (cuantos)' / 'quelques' / 'several' eta
antzekoak ere erabiltzen dira, eta orduan, kopuru zehatzagoa delako edo,
badirudi enfasi txikiagoa jartzen dela kopuruaren handitasunean:
'varios miles de aficionados', 'varias decenas de miles de personas'
'quelques dizaines de milligrammes', 'quelques centaines de milliards
d'étoiles'
'several thousands of birds', 'several hundreds of millions of dollars'.
Arazo zailagoa da horrelakoak euskaraz ematea. Hala ere, zenbakiak
'cientos', 'miles' eta 'millones' soilak direnean, badira tradizioan
'kartutxo milaka batzuk' (EH) edo 'milaka batzuk zirela zioen' (EEBS)
modukoak, eta ez litzateke burugabekeria 'dozenaka batzuk','ehunka batzuk',
'milioika batzuk' proposatzea. Interneten ere aurkitu ditugu horrelakoak:
milaka batzuk (19), ehunka batzuk (4), milioika batzuk (1)
Azpimarratzekoa da adibide gehienetan izenik gabeko sintagmak erabili
direla; geure buruari galdetu egin behar diogu EHko 'kartutxo milaka batzuk'
delako adibideak atea ireki liezaiekeen 'pertsona ehunka batzuk' edo
'argi-urte milioika batzuk'-en modukoei.
Baina nola adierazi gainerakoak? (hau da, 'varias decenas de miles de
personas', 'quelques centaines de milliards d'étoiles' edo 'several hundreds
of millions of dollars').
Hori arazo da oraindik guretzat. Beharbada, batzuetan ez da beharrezkoa
izango maila bereko esapide bat erabiltzea, eta litekeena da, adibidez,
'varias decenas de miles de personas' itzultzeko 'milaka pertsona'
erabiltzea; baina sakonago aztertu behar genuke gauzak beti horrela konpon
daitezkeen.
-----------------------------------
Antton Gurrutxaga
> ELHUYAR Hizkuntza Zerbitzuak
> Zelai Haundi, 3 Osinalde Industrialdea / 20170 Usurbil
> (+34) 943 36 30 40
> agurrutxaga a bildua elhuyar.com / www.elhuyar.org
-----------------------------------
> -----Mensaje original-----
> De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
> nombre de LARRINAGA LARRAZABAL, ASIER
> Enviado el: lunes, 12 de febrero de 2007 10:28
> Para: 'ItzuL'
> Asunto: Re: [itzul] Decenas de miles
>
>
>
> <<Decenas de miles>> esapideari buruz, azalpen oso
> zehatza eman zuen
> Antton Gurrutxagak orain urte bi.
>
> http://article.gmane.org/gmane.culture.language.basque.itzul/2
> 3904/match=ham
> arka+mila
>
> <<Persona afectada>> dela eta, laburrena, beharbada,
> <<kaltedun>>
> esatea da, baina <<kalte hartu dutenak>> edo horrelako bat
> erabiltzea ez
> nuke baztertuko: <<hamarka mila pertsonak hartu dute kalte>>
> edo horrelako
> zerbait.
>
> Asier Larrinaga
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago