[itzul] CICLISMO INDOOR

Alfontso Mujika alfon a bildua elhuyar.com
Ast, Ira 20, 12:38:00, CEST 2007


"Body combat", "Body balance", "Body step" eta "Body jam" itzuli gabe 
erabiltzen dira gaztelaniaz, ingelesez alegia; baita frantsesez ere. 
Nire ustez, alferrikakoa da horiek euskaratzen hastea, zilegia izanda ere.
"ciclismo indoor" horretan, berriz, jakin behar genuke zer esan nahi 
duen. Pista estalian egiten den txirrindularitza bada, "pistako 
txirrindularitza" edo, zehatzago, "pista estaliko txirrindularitza" esan 
liteke (belodromo guztiak ez baitira estaliak). Hala, josita geldituko 
litzateke termino-familia: "mendiko txirrindularitza", "errepideko 
txirrindularitza", "pista(estali)ko txirrindularitza".

Hala ere, "bodyzera" eta "bodyondoko" horiekin guztiekin batera dagoela 
ikusita, ez ote da, besteak bezala, gimnasio barruan egitekoa izango? 
"ciclismo indoor" hori, hartara, ingelesezko "indoor cycling" 
terminoaren itzulpena litzateke, hau da, "spinning-a".

"indoor cycling" terminoaren sinonimoak dira, hain zuzen ere, "studio 
cycling", "spinning" eta "bicycle spinning". Frantsesez, adibidez, 
"cardio(-)vélo" terminoa asmatu zuten "spinning" ingelesari aurre 
egiteko (arrakasta ez oso handiarekin, hala ere: <<cardiovélo: Activité 
d'entraînement physique qui se pratique habituellement en groupe, sur un 
vélo d'exercice spécial appelé cardiovélo, au son d'une musique rythmée 
et sous la supervision d'un entraîneur qui incite les participants à 
fournir un effort intense>>).

Kiroldegiaren eskaintza izanda, logikoa da pentsatzea "spinning-a" 
izatea eta ez "pista estaliko txirrindularitza" (nik dakidala, oso toki 
gutxitan daude belodromoak). Eta, "spinning" bada, euskaraz nola esan? 
Beharbada, etsiak hartua nago, baina nire inguruko eskualdun guztiek 
"spinning-a" esaten dute (beno, esan, "espinina" esaten dute), eta ez 
dut uste horri buelta emateko moduan gaudenik, gaztelaniaz lortu ez 
dutenean eta frantsesez ere guda ia galdua dutenean.

Deklinabidea, berriz, galdegileak aipatu bezala: body balance(-)a, 
spinning(-)a, body combat(-)a... (marratxoa aukerakoa da; zenbat eta 
ezagunago, hainbat normalago marratxorik gabe erabiltzea).

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak




txema(e)k dio:
> Indoor estalpeko itzuli ohi da, hortaz, estalpeko txirrindularitza, besteak
> dauden bezala, ingelesez direnez
> ----- Original Message -----
> From: "Debako Euskara Saila" <euskara a bildua deba.net>
> To: <itzul a bildua postaria.com>
> Sent: Thursday, September 20, 2007 11:21 AM
> Subject: [itzul] CICLISMO INDOOR
> 
> 
>> Egunon:
>>
>> Kiroldegiaren eskaintza itzuli behar dut eta honakoak azaldu zaizkit.
>>
>> Ciclismo indoor
>> Body combat
>> Body balance
>> Body step
>> Body jam
>>
>> Horrelakoak itzultzen dituzue ala bere horretan lagatzen dituzue? Eta,
> bere
>> horretan lagatzekotan, deklinatzerakoan, nola egin beharko nuke: cycling
>> indoor-a ??? edo barneko txirrindularitza ??? Body combata? (gorputz
>> borroka???) Body balancea?  (gorputz oreka???)Norbaitek itzuli ditu
>> horrelakoak?
>>
>> Eskerrik asko.
>>
> 
> 




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago