[itzul] Sesión de 24 de septiembre, lunes

Xabier Aristegieta xabiera a bildua parlamento-navarra.es
As, Ira 25, 08:53:22, CEST 2007


Kaixo, Itzul-kide guztiok:

Gaztelaniaz hain xinpleki adierazten den "Sesión de 24 de septiembre, lunes" hori euskarara itzuli eta itzulpenarekin gustura geratzeko gorri samarrak ikusten ari naiz. Eta, egia esateko: hizkuntza batean halako aisetasunez esaten den gauza bat itzultzean hainbeste katramilarekin topo egiteak dezente amorrarazten nau (beharbada egun txarra daukat gaur; hori ere baliteke).

Aukerak:
Irailaren 24ko (astelehena) bilera
Irailaren 24ko, asteleheneko, bilera
Asteleheneko, irailaren 24ko, bilera
Asteleheneko (irailak 24) bilera
Irailaren 24ko bilera (astelehena)
Asteleheneko bilera (irailak 24)
...eta ez dakit beste konbinaziorik geratzen ote den.


Niri gorputzak eskatzen didana (edo, besterik ez bada ere, gutxienik protestatzen didana) lehenbizikoa da, hau da: "irailaren 24ko (astelehena) bilera". Gertatzen dena da halako kontzientzia txar bat-edo pizten zaidala, bai baitakit ziur aski Juan Gartziak espresio hori agramatikaltzat joko duela (oraindik gogoan dut bere "Joskera lantegi"ko adibide hura, "Araiako (Araba)..." esaldia gaitzesten zuenekoa). Baina, orduan, zer aukera gelditzen da? Horrelako zerbait esan?:
                    "Irailaren 24ko bilera. Irailaren 24a astelehena izan zen"

Inork argi pittin bat botatzerik balu, eskertuko nioke. 

Ondo izan,

Xabier


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago