[itzul] Bistadizo (ea hirugarrenean)

hekoepa a bildua gipuzkoa.net hekoepa a bildua gipuzkoa.net
As, Abu 26, 23:03:53, CEST 2008


		 
		Aita zaldibitarra dut, 70 urtetik gorakoa, eta hitzetik hortzera erabiltzen du "bistadizo" hitza eguneroko hizkeran. Guretzat ere, Goierrin, erabat arrunta da.

	-----Original Message----- 
	From: itzul-bounces a bildua postaria.com on behalf of Bittor Hidalgo 
	Sent: mar 26/08/2008 17:53 
	To: 'ItzuL' 
	Cc: 
	Subject: Re: [itzul] Bistadizo (ea hirugarrenean)
	
	

	Egia da Gotzonek dioen bezala, orain begiratu ahal izan dut, K. Zuazok
	euskara batu, jantzi eta zabalerako baztertu nahi duela "bistadizo" hitza,
	eta hau bezalakoak, atal horretan ematen dituen adibideekin "txokoegikoak"
	edo direlakoan, euskaldunon arteko komunikazio orokorrerako. Eta arrazoia
	bide du noski filosofian.
	
	Hala ere, ohargarria da, Koldok berak adibideetan "bistadizo" eta behean
	jasotzen ditugun antzeko hitzak aipatuta nola dioen Sendabelarren liburuan
	(2000, 204): "Nabarmendu ditudan hitz horiek oso geureak dira, eta lasai
	asko erabil ditzakegu geure eguneroko lagunarteko jardunean." Eta bere ustea
	eransten dien arren: "baina inondik inora ere ez [dira] hizkera jasoan
	[erabiltzekoak]. Zer esanik ere ez, nazioko euskara jasoan dihardugunean ",
	oso urruti geratzen dira hitz horiek nolanahi, esatetik hemen esan den
	noduan hitz horiek EZ DIRELA-edo euskaraz.
	
	Kontua da orde nik ez dakidala ere zenbateraino diren kontuan hargarriak
	Koldok Sendabelarren liburuan ematen dituen adibideak berak, nahiz eta
	pasartearen filosofia garbia izan eta defendatu beharrekoa nire ustean.
	
	Koldok sail horretan sartzen ditu, "bistadizo", hiztegietan ageri ez den
	horretaz gain: PESKIZAN / PRONTO /  PRIMERAKO / BUELTAN / KONFORME /
	DERRIGOR eta ZITA (uste dut).
	
	Kontua da nik oso kategoria desberdinetako hitzak sumatzen ditudala multzo
	horretan. Batetik gure abiapuntua den "bistadizo" bezalako hitz "bitxi" eta
	"berria" maila batean, hiztegi deskribatzaileetan ere ageri ez dena, baina
	nik susmoa dudana ahozko hainbateko tradiziozko erabilera baduena (eta
	ezagutu nahi niona, eta diodana oraindik ere inork daturik badu).
	
	Bestetik "zita" bezalako hitza OEHn agerpen bakarra duena, "testu bateko
	aipu"-edo bezala, Elhuyarrek jasotzen ez duena, baina Hiztegia3000k bai.
	Niri ere guztiz berria egiten zaidana, batere tradiziorik gabe (ez
	horregatik gaur usu erabili gabea).
	
	Eta guztiz beste multzo batean sartuko nituzke seguru asko beste guztiak,
	denak ere bere tradizio hainbat sendoa dutenak euskaraz, ahoz eta idatziz
	-salbu PRIMERAKOak-, eta beraz tradizoi onetik jasota erabiltzen dituen hark
	ez du zertan jakin, bere jardun are jantzian erabili aurretik, hitzok
	guztiak Euskal Herriko zenbat bazterretan erabiltzen diren edo zenbatean ez,
	noiztik erabiltzen diren, edota tradizio idatzikoak diren edo soilik
	ahozkoak, edo alderantziz, …. Ze, nire ustez hitz hauek guztiak dute bere
	lekua ongi irabazia gure estandar, are jantzian.
	
	Eta uste hori ziurtatzeko, baieztatzeko edo ezeztatzeko, Orotariko hiztegira
	joan naiz, eta han aurkitu dut datu pila bat hasierako uste horretan sendotu
	nautenak, eta erantzun honen eranskin gisa edo jarriko ditudanak ikusi nahi
	dituen harentzat (detaile gehiago nahi lezanak jo beza noski zuzenean
	Orotarikora nik egin (behar izan) dudan bezala, nire hasierako susmoak
	baieztatu edo kasuan ezeztatzeko; eta bidean asko ikasiz).
	
	Besterik gabe, ondo izan
	
	Bittor
	
	--------------------------------------
	
	OEHtiko ERANSKINA:
	
	o DERRIGOR: Orrialde oso bat edo hartzen du OEHn (VI 134-5). Derrigorrean,
	derrigorrez, derrigorre(z)ko azpisarrera sendoekin. Baita ere "derrigortu",
	sarrera propioan. Adibide herrikoi pilarekin batera (bertsolariak, …),
	idatzizko tradizio herrikoi(e)koak ere badituena (Frai Bartolometik, Abelino
	Barriola, F. Bilbao, Alzola, J. San Martin, …). XX. mendeko autore jantzi
	ugarik erabiltzen dutena: Lizardi, (A.?) Irigoien -EGAN-, Aresti, Gandiaga
	(Elorri), Villasante, Mitxelena (3 adibide behintzat), Txillardegi, M.
	Atxaga, …). Egia da, OEHk argi dioela: "Exclusivamente meridional", baina
	horretatik, euskara batu jantzitik desterratzea (hala esan baliteke), …
	[baina OEH berak jokatzen du horretara, hitzaren hegoaldekotasuna aipatu
	ondoren eransten duenean: "especialmente frecuente en textos populares". Eta
	noski, hala bada, hala da. Baina hitza ezarian bezala baztertu nahi ez bada,
	agian esan zezakeen berdin: "aunque especialmente frecuente en textos
	populares, también lo usan con mucha expresividad muchos autores que
	podríamos llamr cultos, entre los que figuran: Lizardi, (A.?) Irigoien
	-EGAN-, Aresti, Gandiaga (Elorri), Villasante, Mitxelena (3 adibide
	behintzat), Txillardegi, M. Atxaga, …)".  Esateko moduak dira, noski.
	
	o PESKIZAN, niri beti bitxi eta ezezagun egin zaidana, baina dirudienez
	badudana ongo ikasteko garaia OEH begiratu eta gero (XIV, 64-5, orrialde oso
	edo). Batez ere PESKIZAN esamoldean erabilia (zein ez bide den agertzen ez
	Bizkaiko, ez Zuberoko testuetan -OEH-, baina beraz, besteetan bai
	agidanean), baina bai eta ere bestela. Landucciok jasoa (behintzat) -1562-,
	eta gero hainbat hiztegitan. Etxeberri Ziburukoak erabilia, eta: Axular,
	Pouvreau, Duhalde, Duvoisin, PELLO ERROTA, Zubiri, Lafitte, Uztapide,
	Xalbador, E. Larre, … Agian gara batzuk ondo ikasi eta gure jardun
	jantzietan ere erabiltzen hasi beharrekoak.
	
	o PRONTO (OEH XIV, 326-7; orrialde bete edo, gehi FRONT eta FRUNT-en
	erabilera bertan aipatuak ere, begiratu ez ditugunak -inork nahi baleza-):
	Leizarragak erabilia (eta Samper-rek testuinguru berean), eta: Tartas, Otxoa
	Arin, P. Errota (eta bertsolari ugarik OEHn bertan), M. Elizanburu,
	Moulier-Oxobi, Lizardi, D. Inza, N. Etxaniz, Anabitarte, Larrasket -Zuberoko
	hiztegian- eta Mokoroak berean. Eta beste hainbatek ere. Baita erro
	horretatik eratorritako hitz esanahi bertsuko hainbat ere: "prontoki",
	"prontotasun". Hori bai, garbi dago mailegu dugula.
	
	o KONFORME (OEH X, 692-3; orrialde bete-edo, ia bi orrialde osoak erro
	bereko "konformatu", "konformitate" eta antzekoekin). Jatorri arrotza du,
	ados. Baina badarabilte jada (hau eta kidekoak) Leizarragak, Beriain,
	Tartas, Etxeberri Sarakoak, Mikoletak, Otxoa Arinek, Gerrikok eta beste
	idazle hainbatek, eta hainbat bertsolari eta narratzaile herrikoiez gain,
	baita ere Arestik, Zaitegik, eta Mitxelenak ere (nahiz honen
	elkarrizketetako 2 adibide baino ez azaldu, baina ezin hortik esan maila
	apaleko hizketan ari denik Mitxelena: Bai, konforme, beno, baina nolazpait
	ere nik esango nizuke soziopolitika soziolinguistikaren adarra edo dela).
	Agian hobeko dugu ADOS erabili KONFORMEren ordez (nahiz jatorri seguru asko
	nahikoa apalagokoa izan, ezta?: "ponerse a dos" … Arakistainek; edo hiru
	baldin bagara agian ATRES jarri beharko), eta askoz ere tradizio eskasagokoa
	(orrialde bete OEHn, I, 230-1, erro berekoekin batera, OEHek zeuden adibide
	guztiak jasotzen zituen garaian lehen tomoetan). Baina hori, noski, gertatu
	da. EPG (Ereduzko Prosa Gaur) korpusean ez dira 529 adibide baino
	KONFORMErenak, batzu bai hala ere, baina 2.414 ere bai ADOSenak. Baina ez
	diot ere nik ezer kendu nahi ongi asko irabazi dugun ADOSi, nahiz seguru
	asko irabazi ahal izan dugun espainolezko jatorri ilunskoa(?) gogoratu
	gabe-edo.
	
	o BUELTA (OEH V 595-8; orrialde eta erdi-edo, bi orrialde eta erdi-edo erro
	bereko "bueltaka", "bueltatu" eta antzekoekin). "Exclusivamente meridional"
	dio OEHk eta baita ere "Es raro encontrarlo en textos de léxico cuidado"
	(bestela (ere) esan, XX. mendeko voragine puristan ez dela agertzen). Jada
	Landucciok jasotzen du (1562), eta Larramendik. Eta klase guztietako
	bertsolari eta narratzaile herrikoiez gain, badarabilte, horrela
	boteprontoan (hiztegietan ere noski agertzen ez den hitza; baina euskarazkoa
	da, ezta?, hemen erabiltzen da, hemen bakarrik eta euskaraz bakarrik, ezta?;
	ez espainolean, …) eta lehen bistadizoan, Orixek, Salbatore Mitxelenak, J.
	Etxaidek, Arestik, Oskillasok, Gandiagak, Salaberrik, M. Ugaldek (batzuek
	"bueltaka").
	
	o PRIMERA(KO): OEHren arabera (XIV, 307) ahulena da multzo honetan egoteko,
	tradizio ahulena duena, eta gutxiena erabilia ahoz (bertsolariek ere gutxi),
	eta idatziz ia batere ez (Muniberen El borracho burlado-n), nahiz OEHk
	ematen duen Mitxelenaren adibide bat, honek aipamen "berezia" egin nahirik
	edo "<primerako> preso ezagun bati", hori bai, komatxo artean egina.
	Nolanahi EPG (Ereduzko Prosa Gaur) corpusean baditu 745 agerraldi ere
	(primera*), eta nik uste hala baduela bere lekua ere irabazia gaur eguneko
	estandar jantzian (ere), ezta?. Uste dut.
	
	Adibideak adibide, nolanahi, berriro esango dut K. Zuazoren mezua oso
	kontuan hartzekoa dela, eta ahal bezain urruti ihes egitekoa Azkuerekin-eta
	XX. mende hasieran zabaltzen den "txokozaletasun" lexikoa, nola
	Sabinorekin-eta -eta lehen Larramendiren ondoren- zabaltzen den purismo
	lexikoa, Sebero Altubek (ere) maiz eta ongi gaztigatu bezala lexiko
	kontuetan oso garaiz.
	
	=============================
	Bittor Hidalgo Eizagirre
	Gaztelu kalea, 25, 4.A
	20013 Donostia (Gipuzkoa)
	Euskal Herria (Espainia -gainezarpenez-)
	Tfnoak: 943326855 // 655728290
	posta-e: bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
	=============================
	
	
	-----Mensaje original-----
	De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com] En nombre
	de Gotzon Egia
	Enviado el: martes, 26 de agosto de 2008 12:51
	Para: ItzuL
	Asunto: Re: [itzul] Bistadizo (ea hirugarrenean)
	
	LARRINAGA LARRAZABAL, ASIER(e)k dio:
	>       Bi pezetako iritzi bat: <<bistadizo>> hitz berri-berria da euskaran.
	>
	>       1. Orotariko Euskal Hiztegian ez da ageri, nahiz eta <<bista>> /
	> <<bixta>> familia ugariro jasota egon: <<bistadun>>, <<bistatik>>,
	> <<bistatu>>... Oso susmagarria da halako hutsunea.
	
	Bai, egia da, halako hutsuneak susmopean ipintzen du hitza, baina...
	
	>       2. Hitz hori Euskadi Irratiak zabaldu du lau haizeetara, eta
	> horregatik egiten zaio ezagun jende askori. Baina ez dakit zenbateraino
	> sinets dezakegun hitz hori badela euskaraz.
	
	Euskadi Irratiko esatari gehienak ez nituzke hain alprojatzat joko, egia
	esateko. Zurekin bat netorke, adibidez, esaten bazenu EIko esatari askok
	logopedaren baten laguntza behar duela -ll- soinua ongi ahoskatzen
	ikasteko, zenbakietan ez dezaten etengabe «miya» esan, edo «maila» eta
	«mahaia» berdin ahoskatu. Baina «bistadizo» hitza, benetan euskaraz ez
	badago behintzat, hedatzearen erantzukizuna leporatzea urrun samar
	joatea dela iruditzen zait.
	
	Irratiko hitzak ez dira hiztegietan jasotzen, baina idatzitakoak, bai:
	EHU lantzen ari den «Hiztegi Batua Euskal Prosan» webguneari
	(http://www.ehu.es/ehg/) jaramon eginez gero, Iñigo Aranbarrik eta
	Berriak 3 bider erabili dute, joan den mendetik hona, «bistadizo» hitza.
	Ez da asko, baina ez dut uste hain idazle kaskarrak edo guztiz iritzi
	gabeak direnik, euskaraz EZ den hitz bat erabiltzera ausartzeko.
	
	Koldo Zuazok ere erabili duela ageri da; ez daukat ondo gogoan, baina
	uste dut «Euskararen sendabelarrak» liburuan ageri dela, ez hain zuzen
	hitz gomendatuen artean.
	
	Amaitzeko, hiztegietan ongi begiratu beharra sutsuki nabarmendu denez
	egunotan zerrendan, hona hemen Intzak dakarren ale ederra:
	
	     * begia sartu
	
	       Azalpena: gainbegiratu
	
	       Adibideak:
	
	       ---   Erresuma honetako judizio-kodizeetan sartu dugu begia, hea
	nunbaitetik agertzen zen gure hauziaren berriren bat
	       ARESTI, G. (1933-1975)
	       Obra guztiak I.
	
	       Gazteleraz: echar un vistazo
	
	
	--
	Gotzon Egia
	gegia a bildua gipuzkoa.net
	43º 19' 13.5" N 1º 57' 50.4" W
	



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago