[itzul] Sartu-irteerak
Gotzon Egia
gegia a bildua gipuzkoa.net
Ast, Maiatza 15, 10:49:37, CEST 2008
Zalantza bat sortu zait esaldi batean «sartu-irteerak» ikusi dudanean.
Oso oker ez banago, dvandva erako elkartea da hori, «bata gehi bestea»
esan nahi duena.
Erabideaz sortu zaizkit zalantzak: badirudi halako elkarteetan bi
elementuak simetrikoak izan behar direla, kategoria eta erabide
gramatikalari dagokionez. Adibide gehienak hala dira (Euskaltzaindiaren
arauari lapurtuak): zeru-lurrak, galde-erantzunak, maisu-maistrak,
izen-deiturak, txuri-urdin, gazi-geza, luze-zabal, argi-ilun; han-hemen,
ezker-eskuin, harat-honat...
Alabaina, Euskaltzaindiaren adibideetan badira, baita ere,
«laztan-musuka» edo «negar-zotinka»; horietan, simetria ez da
erabatekoa, ez baita «laztanka-musuka» egiten. Badirudi halako
[laztan-musu][ka] edo [negar-zotin][ka] egiten dela; hau da, bi elementu
simetriko daude (laztan-musu), eta biei eransten zaie atzizki bat (ka).
Ez al daiteke [sartu-irte(n)][erak] era berdinean hartu? Nahitaez izan
behar du, edo «sartu-irtenak», edo «sarrera-irteerak»?
Ereduzko Prosan ez da behin ere ageri «sartu-irteerak»; maiz, ordea,
«sartu-irtenak». Googlen, «sarrera-irteerak» 650 bat dira,
«sartu-irteerak» 120 bat, eta gehiago, 1150 inguru, «sartu-irtenak».
Xuxenek gorritu egiten ditu «sartu-irteerak», ez, ordea,
«sarrera-irteerak» edo «sartu-irtenak».
Argudio sendoren bat nahi nuke entzun, [sartu-irte(n)][erak] erabidearen
aurka.
--
Gotzon Egia
gegia a bildua gipuzkoa.net
43º 19' 13.5" N 1º 57' 50.4" W
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago