[itzul] erlatibozko aposizioak
Bittor Hidalgo
bittorhidalgo a bildua wanadoo.es
Ast, Maiatza 29, 07:42:09, CEST 2008
Berriro ari gara nik uste hizkuntzaren gaineko bi ikuspegiren ingurutik.
Bat: Garrantzizkoa da hizkuntzaren erabilera nagusiak ohikoenak halakotzat
ezagutaraztea eta hauen funtzioak eta helburuak finkatzea. Bi: Arazoa da zer
egiten dugun bide nagusiak ez direnekin, eta hori bi jarrera bereizi litezke
gure artean. Bat, nagusia, hizkuntzaren barrenean nagusiak ez diren beste
bide guztiak gaitzestearena, eta jarrera honek, euskara estandarraren azken
berrogei urteetan, eta are hegoaldeko azken ehun urteko tradizio
murriztailean, zerikusi handia izan du ahozko zein idatzizko tradizioaren
ezezagutzarekin (egoera diglosiko heriotza ondokotik abiatu baikara, eta
gure nagusien erabilera idatzi eta ahozkoaren erabateko ezezagutzatik, nahiz
eta ari garen hortik ateratzeko bideak jartzen -OEH, azken EGLUak,.). Beste
bidea da, ahozko eta idatzizko tradizioaren (eta are gaur eguneko altxor
biziaren) ezagutza osatzen joatearena, eta bertan aurkitzen saiatzea orain
artean hizkuntzan ezezagunak izan zaizkigun bideak, gure espresabideak
aberaste aldera, zertan ari garen, noski, eta zeinen guztiz beharrean
baitzegoen eta baitago gure euskara estandar nahiko esklerotikoa bere
hasieran.
Eztabaidan pixka bat sartuaz. Euskaltzaindiak aposizioen gainean eman zuen
109. arauan ("Komunztadura aposizioetan", bide batez ohar bitxi batez ematen
dena: "Euskaltzaindiak, Iturenen, 2000ko maiatzaren 26an onarturiko
testuaren ordez, beste berri hau onartua du Bilbon, 2001eko ekainaren 29an",
ez baitut orain esku artean Iturenen onartu testua), espres aitortzen du:
"Komunztadura gabeko aposizioak lekukotasun urriagoa du tradizioan, batez
ere perpaus barruan kokatua dagoenak". Eta beraz ulertzen dut nik, hala
ulertzea delakoan mesedegarri hizkuntzaren eta hiztunon
adierazgarritasunaren mesede: 1. Badela gure tradizioan (ahoz eta idatziz
-cf, EGLU V, nire lanak erlatiboen gainean, eta batez ere tradizioa bera-)
"komunztadura gabeko aposizioa". Eta 2. Eransten edo interpretatzen dut nik,
eta hala azaldu dut nire lanetan, "Komunztadura gabeko aposizioa" ohikoagoa
dela, eta funtzio garbiagokoa, (bere) esaldiko aditz gobernatzailearen
ondoretik ematen denean, izan aposizioaren aurrekari den sintagmaren segidan
bertan, nola "gibeleratuak" edo deitu litezkeenetan, sintagma honen eta
aposizioaren artean beste osagairen bat tartekatzen dutenak, maiz esaldiko
aditza bera. Ze, behin esaldiko aditza eta aposizioaren aurrekari den
sintagma emana, eta bien arteko harreman sintaktiko funtzionala ongi
finkatua, hiztun/idazleak, aposizioarekin bi modutara joka lezake: 1. Hau
komunztatuaz, eta beraz, esaldi osorekiko honen funtzioa birgogoratuz, nola
2. Hau komunztatu gabe eta, soilik, aurrekariaren azalpen bezala emanez
aposizioa, nola egin ohi den eta egiten den maiz, uste dut.
Kontua da, azken aukera hau, funtzio berezia duena, ez dela tradizioan eman
ohi bi punturen ondoren, baizik eta beste zeinu ortografikoen ondoren,
maizenik koma, eta ahozkoan eten nabarmen batez. Eta azalpen horiek
adierazteko orain arte erabili diren komak erabili ordez gidoiak erabiltzea
gomendatzea, izan liteke irtenbide bat, Euskaltzaindiak bere 109. arauan
esaten duen legean:
"Zenbaitetan, perpausaren joskeratik aparteko eranskin edo tarteki aske gisa
ematen da bigarren
sintagma eta ez sintagma aposatu gisa. Areago gertatzen da etenak, tartekiak
eta horrelakoak maiz samar
dituen euskara mintzatuan, jardun egituratuagoa izan ohi duen idatzian
baino. Horrelakoetan, jakina,
benetako aposiziorik ez dagoenez, ez da komunztadura egiten.
Errazago onartzen dira horrelakoak, tarteki izaera argia denean:
. Gure herriko alkateak -musikazale amorratua bera- begi onez ikusi du
kontzertu gela berria
egiteko proiektua.
. Haren etxean -aski zabala, ene ustez- erraz kabituko gara denok.
. Datorren larunbatean -hilak zortzi- hasiko da ehiza garaia."
Eta hauen gramatika interpretazioa gora behera hor ez da ez aipatzen, ez
proposatzen bi punturik (guztiz beste irakurketa bat eragingo lukeena,
esaldiaren azken helburua bi puntuen ondorengoa balitz bezala edo, eta
gainera, ezinezko egingo lukeena, esaldiaren segida, 109. arauko adibideetan
bertan.
Eta erlatibo aposizio ez komunztatuen gainean EGLUk zehatz dioena da (V
215):
".[erlatibo aposizio komunztatu gabeak] aditzaren ondotik etena eginez (bi
puntu
balira bezala), eta beraz perpausaren batasuna hautsiz, onar
daitezke[ela]", eta ez "derrigor" edo "derrigorrik gabe" bi puntuz eman
behar direla, irakurketa oso oker bat egin ezean. Eta "bi puntuak bi puntuak
dira" esateak ez dut uste asko laguntzen duenik kontua argitzen, areago,
gaur egun arteko zeinu ortografikoen erabilera nahikoa kaotikoa izan denean,
eta are denean gaur egun ere zenbait mailatan.
Beraz, Euskaltzaindiak berak bere arau, maiz hain murriztaileetan, irekita
uzten dituen atetxoak itxi nahi izatea, ez zait iruditzen jarrerarik
txalogarriena hizkuntzaren eta hiztunon adierazgarritasun aukera
aberastasunaren mesedetan.
Kontu hauez guztiez ari da ere espres eta zabal nire lagun Mitxel
Kaltzakorta, eztabaidan eta irakasten hainbat adibideren ingurutik, 2007an
argitaratu berri duen UEUrekin argitaraturiko "PROSA KOMUNIKAGARRIAGO
EGITEN" liburuaren lehen eranskinean (401-416). Eta eztabaida ez da beraz
nirekin bakarrik.
Juanek egiten duen bezala, argumentatzea "arauak (hizkuntza-arauak, ez
bereziki inork emanak, baizik eta euskararen corpus nagusian guztiz nagusi
direnak) eta bitxikeriarik bazterrekoenak (lapsusak barne) maila berean
jartzea" hitz nahiko gutxiesgarriekin besteok esaten dugunaz, areago,
oraindik inork erakutsi ez duenean, nik dakidala, nirea baino corpus
azterketa zabalagorik, ezta ere "nagusi -bide- diren" joera horiez, ez zait
oso giza zientzien aurrerabide iruditzen.
Gainera ez zait batere gizalegekoa iruditzen, eta ezta ere noski, eredugarri
eta aberasgarri, hau bezalako eztabaidak deskalifikazioak baino ez diren
hitzekin estali nahi izatea, Juanek egiten duen moduan, segidako esaldiak
bezalakoak erabiliz: "debaldeko ausardiaz hari [arauari] kontra egitea ere
ez da beti, automatikoki, kritika jatorra egitea: bazterrak nahastea gerta
daiteke inoiz, asmoak asmo." Eta "debaldeko ausardia" kontuak edo "bazterrak
nahaste" bezalakoak, uste dut hobe lukeen erretiratuko balitu publikoki
aurrerantzean, Juanek ere.
Eztabaida maizenik delakoan aberasgarri
Ondo izan
Bittor
=============================
Bittor Hidalgo Eizagirre
Gaztelu kalea, 25, 4.A
20013 Donostia (Gipuzkoa)
Euskal Herria (Espainia -gainezarpenez-)
Tfnoak: 943326855 // 655728290
posta-e: bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
=============================
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago