[itzul] Champú al huevo

Elhuyar Fundazioa elhuyar a bildua gmail.com
Ast, Ira 25, 09:36:00, CEST 2008


Erdal sintagma preposizional batzuk euskaratzeko, modu bat bat gehiago dugu.
Kontua da modu bakoitzak bere alde onak eta txarrak dituela. Adibidez,
sukaldaritzan, plateren izenak emateko, ZEREKIN erabil daiteke, eta
erabiltzen da, askotan. Adibidez:



- sagar-budina calvadosekin (pudin de manzana al calvados)

- oilasko errea jerez ozpinarekin (pollo asado al vinagre de jerez)

- giltzurrunak jerezarekin (riñonal jerez)

- limoi-sorbetea cavarekin (sorbete de limón al cava)

- aranak Armagnacarekin (ciruelas al Armagnac)



Molde horrek, baina, ez digu balio absolutibotik kanpo, ez digu balio
deklinatzeko:



el sorbete de limón al cava tiene nata

-*limoi-sorbeteak kabarekin esnegaina du



Hori ez da arazoa izaten ahozkoan, "sorbeteak esnegaina du" besterik ez
baikenuke esango, baina, hortik kanpo, garbi dago "-ekin" aukera erabiliz
gero bestelako moldaketa deserosoak (edo ezinezkoak) egin behar direla
deklinatzeko:



- kabarekiko limoi-sorbeteak esnegaina du

(ez, ezta?)

- kaba duen limoi-sorbeteak esnegaina du

(erlatibo espezifikatiboa erabiliz? Ez, ezta?)



Beste aukera bat, hobea, "-dun" erabiltzea da:

- limoi-sorbete cavaduna



Aukera horrek ez du arazorik sortzen deklinatzeko:

- limoi-sorbete cavadunak esnegaina du



Beraz, "xanpu arrautzaduna" egin liteke. Euskaltermen badira era horretako
adibide batzuk, gutxi:

- mantekatu sesamodun (mantecado al ajonjolí)

- karamelu-budina (flan al caramelo)



Bada, dena den, beste aukera bat: hitz-elkarketa. Nire ustez, trinkoena eta
erosoena da. Eta ez da inolako nobedadea, askotan erabiltzen baitugu "al"
duten erdal sintagmak euskaratzeko. Adibidez, Euskaltermen bertan:

* *

- karbono-altzairu (acero al carbono)

- kobalto-altzairu (acero al cobalto)

- whiski-tarta (tarta al whisky)

- pasta arrautzadun (pasta al huevo)

- pasta tomatedun (pasta al tomate)

- kafe-praline (praliné al café)

- arrautza-likore (licor al huevo)

- olio-pintura (pintura al óleo)

- ur-pintura ur-margo (pintura al agua)



Bide horri segituta, "arrautza-xanpua" egingo genuke.



Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak

2008/9/25 Jon Aurre <jonaurre a bildua euskalnet.net>

> Egun on:
> Goizean goizerako lana gogotsu esnatu direnetzat. Begira, zelan itzuliko
> zenukete "champú al huevo" euskarara?
>
> Ekarpen eta azalpen guztiak eskertuko dira.
>
> Jon Aurre
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago