[itzul] La belga edo belgikarra

jon-agirre a bildua ej-gv.es jon-agirre a bildua ej-gv.es
Ast, Api 23, 15:24:18, CEST 2009


Erantzun egokia da Aitzolena eta bat nator ia denean. Hala ere, "La Belga" esaten dutela eta, lehenik eta behin zein hizkuntzatan esaten duten jakin behar genuke. Argi dago gaztelaniazko artikulu eta guzti ez lukeela euskaldun ikasi batek erabiliko euskaraz, ez bada aparatuak marka hori zuela. Baina Belgikakoa izanik arraro egiten zait (sinestezina) marka gaztelaniazkoa izatea. Beraz, gaztelaniazko erabilerak diglosia egoera batean euskarazko ahozko erabilera baldintzatu badu, ezingo dugu hori idatziz berretsi kartel ofizial batean, nire ustez.

Bestalde "belgikarra" esan beharrean "belga" esatea euskaraz eta ahoz, oraintsu arte behintzat, ia aho batezkoa izan da Hegoaldean, baina badakigu zergatik, eta Euskaltzaindiak baztertu egin du estandar idatzian behintzat. Beraz, izen propioa ez bada (ikertu egin behar) ez nuke "Belga" (are gutxiago "La Belga") jarriko. Eta pertsona ez denez, tramankulua edo baizik, nondarra barik, nongoa erabiliko nuke: Belgikakoa. Hori bai, generikoa (postua, posizioa, metrailadorea, kanoia...) gehitzea egokia izan daiteke, baina kontuz ea zer den Belgikakoa: metrailadorea edo kanoia beharbada bai, baina postua eta posizioa ez (Belgikakoarena edo Belgikakoena...).

(Oso sentibera naiz toki izenak birbataiatzerakoan, horrela galtzen baitira, ordezkapenez, lekuko izenak. Gertakari handi batek eraldatzen du toki izena, eta esango dugu herriak nahi duena egin dezakeela, eta bat nator; baina normalean aldaketa horiek erdal herriak egin dizkigu, ez euskal herriak. Nire inguruko adibide batzuk jartzearren: *La Campa del Muerto, *La Puņalada, *El Fango...).

Jon





-----Jatorrizko mezua-----
Nork: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com] Noren izenean: Mendiola Agirre, Aitzol (Euskarabidea)
Bidaltze-data: osteguna, 2009.eko apirilak 23 13:46
Nori: ItzuL
Gaia: Re: [itzul] La belga edo belgikarra

Sarean pixka bat begiratuta, badirudi "La Belga" metralaidore postu bat dela. Izan daiteke (adituren bati galdetu behar) horrela deitzea arma hura Belgikan egina zelako, edo belgikar brigadistek prestatu zutelako edo... Soldadu ibili direnek gauza hauen gainean gehiago jakinen dute, baina iruditzen zait aski ohikoa dela armei, untziei, eta horrelakoei izena ematea (askotan emakume izena).

Nolanahi ere, euskaraz bertakoek "belgia" edo "belgena" beharrean "La Belga" eman izan badute, nik horrela utziko nuke. Beti ere markatuz postu/metrailadore/posizio... baten izena dela (jatorrian) eta ez toki batena: "La Belga" postua, "La Belga" metrailadorea, "La Belga" posizioa...

Aitzol








-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com] En nombre de jon-agirre a bildua ej-gv.es
Enviado el: jueves, 23 de abril de 2009 12:45
Para: itzul a bildua postaria.com
Asunto: Re: [itzul] La belga edo belgikarra

Ez dut uste Elgetan leku bati La Belga deitzen zaionik, El Panadero ere leku bati deitzen ez zaion bezala. "Eso ocurriķ donde la belga" edo "Estoy en el panadero" esaten denean horiek ez dira leku izenak, erreferentziaz izendatzen ditugunak baizik. "Belgikarrarenean gertatu zen", "Okinarenean nago" esango genuke euskaraz. Baina lekua ez da ez Belgikarra ez Okina. Beraz, ez dakit zer testuingurutan jarri behar den izen hori, baina kartel soil batean edo izenburu gisa jartzeko, gutxienez "Belgikarrarena" esango nuke, argi utzita b larria testu hasieragatik jartzen dela.

Bestalde, ez dakit garrantzitsua den emakumea zela aditzera ematea. Ez dakit zergatik "belgikarra" irakurrita pentsatu behar dugun gizonezkoa zela, baina inkontzienteki hala gertatzen omen da. Esplizitatu nahi/behar izanez gero: "Belgikar emakumearena". Baina gizonezkoa denean ez esplizitatzeak badirudi berretsi egiten duela "belgikarra" irakurrita gizonezkoa dela (oker) pentsatzea zuzena dela...

Jon


-----Jatorrizko mezua-----
Nork: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com] Noren izenean: Iban Arantzabal
Bidaltze-data: osteguna, 2009.eko apirilak 23 11:35
Nori: ItzuL
Gaia: [itzul] La belga edo belgikarra

Elgetan badago Gerra Zibilean famatu egin zen eta orain mitifikatu den guda-leku bat... Emakume bat ei zegoen Intxorta aldean arma ondo erabiltzen zekiena...

"La Belga" deitzen zaio lekuari eta herritarrek zein historialariek darabilte izen hori.

Orain, panel informatibo batzuk jarri bihar dira leku horretan bertan eta izena jarri behar zaio leku horri. Zelan erabili?

a) La Belga.
b) "La Belga".
c) belgikarra

Eskerrik asko.

Iban 



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago