[itzul] Desapalancamiento

xabier-pascual a bildua ej-gv.es xabier-pascual a bildua ej-gv.es
Ost, Abe 30, 12:45:12, CET 2009


Eskerrik asko Xabierri, Joni eta Garikoitzi ere, zuen hausnarketak
ekartzeagatik. Oso interesgarriak iruditu zaizkit.

 

Xabierrek esan dituenak gogoan hartzekoak dira eta arrazoi osoa dauka
'apalancamiento' eta 'endeudamiento' bi ideia ezberdinak direla eta,
ondorioz, bi termino ezberdin behar direla haiek adierazteko. Strictu
sensu, hori horrela da.

 

Hala ere, ekonomiaren eremuko beste hitz batzuekin gertatu den bezala,
nik uste dut 'apalancamiento' hitza enpresen mundutik irten dela eta
kalera jaitsi dela. Horrelako zerbait gertatu da 'inbertsio' hitzarekin
ere. Askotan entzuten diogu lagun bati 'dirua burtsan inbertitu duela'
edo 'etxe bat erosi duela dirua inbertitzeko' Bada, ekonomistok beste
hitz bat erabiltzen dugu bi ekimen horiek izendatzeko: espekulazioa.
Izan ere, inbertsioa izateko ezinbestekoa da eraldaketa bat egotea,
balio erantsi handiagoa duen beste produktu bat lortzeko. Gaur akzio
batzuk merke erosi eta bihar garesti saltzen baditugu, mozkina jasoko
dugu, baina ez dugu ezer inbertitu. Baina hori da kaleko hizkera.
Jakina, enpresak gure diruarekin egingo ditu (edo ez) bere inbertsioak,
baina ez guk.

 

'Apalancamiento' ditxosozko horrekin antzeko zerbait ari da gertatzen.
Are gehiago, nik esango nuke boladan dagoen hitza dela,
'endeudamiento'ren kaltetan. Egia da 'apalancamiento' ez dela zorpetze
hutsa, norberaren eta maileguan hartu duen diruaren arteko erlazioa dago
tartean, mozkinak ahalik eta handienak izateko helburuarekin. Lehen,
enpresen portaeratzat jotzen zen, baina orain familien eta gobernuaren
'apalancamiento'z ere hitz egiten da, nahiz eta strictu sensu guztiz
zuzena ez den. Analogiaz edo egiten da. Gogoratu behar da duela gutxi
jendeak maileguak hartzen zituela burtsan jokatzeko, ustez lortuko
zituen irabaziekin interesak ordainduko zituelakoan eta mozkin ederrak
lortu (eta garai batean ondo ateratzen zen, baina krisia iritsi ondoren,
akabo), bere dirua erabili gabe. Edo etxebizitza bat erosten zuen
mailegu handi batekin, etxearen balioa gehiago igoko zelakoan eta
interesak ordaintzea erreza izango zela etxea saldutakoan. Portaera
horretatik etortzen da 'apalancamiento' hitzaren zabalkuntza.

 

Guk hemen idatzi dugun txostenean, 'apalancamiento' idatzi dugu
gaztelaniazko bertsioan, baina orain nago zuzenagoa zela 'endeudamiento'
erabiltzea. Ni neu ere itsutu nau boladako hitzak, antza. Beharbada
horregatik nengoen eroso euskarazko bertsioan idazteko orduan 'zorpetze'
eta 'zorgabetze' hitzekin. Azken batean, txostenean ohartarazi nahi
duguna zera da: ekonomia eragileen (familien, enpresen eta gobernuaren)
zorpetze maila zuzentzen (jaisten) ez den bitartean, kontsumoa nekez
suspertuko dela.

 

Jakina, honekin guztiarekin ez dut konpondu hasierako gaia: bi termino
behar direla berez bi kontzeptu ezberdin diren horientzat. Baina
testuinguruak aukera ematen didala zorgabetzea erabiltzeko uste dut.

 

Zuekin guztiekin zorretan geratzen naiz, zuen laguntzagatik.

 

 

Xabier Pascual Jimenez

 

Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza

Eusko Jaurlaritza

945 01 90 56

 




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago