[itzul] piercing/eraztun/arrakada

Alberto Martinez de la Cuadra acuadra a bildua zamudiokoudala.net
Ast, Ots 5, 10:32:36, CET 2009


Koldo Zuazok ("Euskararen sendabelarrak", 206. or.) ontzat eman zuen bere hartan mailegatzea, egokitzapen grafikorik egin gabe:
"Esate baterako, honako hauek: airbag, bikini, boom, casting, charter, chip, doping, gigolo, hacker, jakuzzi, lifting, lobby, manager, marketing, master, overbooking, paparazzi, piercing, sandwich, scanner, self-service, sexy, stock, stress, top (model / secret...), vedette, voyeur... Arrazoia garbia da: nazioarteko hitzak dira, eta euskara ere nazioarteko hizkuntza denez, bidezkoa ez ezik ezinbestekoa ere bada horrelako hitzak geureganatzea".

Hala ere, 'pirzin' ere irakur daiteke han eta hemen.

Gaztelaniaren kasuan, "Diccionario panhispánico de dudas"ek —arau-emailea da— 'pirsin' ematen du (edo'perforación', 'perforado'):
"pirsin. Adaptación gráfica propuesta para la expresión inglesa (body) piercing, ‘perforación hecha en una parte del cuerpo distinta del lóbulo de la oreja, para insertar pendientes, aros u otros ornamentos’. Su plural debe ser pírsines (→ plural, 1g). También puede sustituirse el anglicismo por expresiones españolas alternativas, como perforación (corporal): «La moda de las perforaciones corporales (piercing) [...] será regulada por una ley estatal. [...] Los establecimientos donde se realicen perforaciones deberán contar con cabinas para sus prácticas» (País@ [Esp.] 14.1.03); o perforado: Se ha hecho un perforado en el ombligo".

Xabier Mendigurenek zalantzan jartzen duen hedatze semantiko hori ez dakit 'zulatzea' edo 'zulo' kontzeptuetatik 'apaingarri' kontzeptura igarotzeaz ari den edota 'apaingarri' kontzeptutik 'eraztun' kontzeptura igarotzeaz, gorputzean egindako zulo guztietan ez baita eraztunik jartzen. Nolanahi ere, 'piercing'ek "azala zulatzea" edo "azalean egindako zuloa" esan nahi du ingelesez, ez apaingarria: "Body piercing is the practice of puncturing or cutting a part of the human body, creating an opening in which jewelry may be worn. Body piercing is a form of body modification. The word piercing can refer to the act or practice of body piercing, or to an opening in the body created by this act or practice" (Wikipedia).

'Arrakada' erabiltzeari dagokionez, 'belarritako'k balio ez badu, nik ez dakit zergatik balio behar duen 'arrakada'k. 'Arrakada' Bizkaiko Sartaldeko eskualde batzuetan esaten da eta 'belarritako'ren sinonimoa da. Halako hedatze edo manipulazio semantikoak bazter euskalkietako aldaera lexikoek jasan behar izaten dituzte hamarretik zazpian. Ez dakit zuzena den beti hala izatea; beste irtenbide bat aurki badaiteke, behintzat.

Nik neuk 'piercing' edo 'pirzin' erabiliko nuke, testuingurua zein den (hizketan nor ari den, esaterako). Apaingarriaz ari bada, 'eraztun' ondo egon daiteke kasurik gehienetan (eta erabili ere nik uste dut hala erabiltzen dela gehienetan, 'piercing' edo 'pirzin' esaten ez bada).

Alberto



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago