[itzul] Abesti baten itzulpena
Juan Garzia Garmendia
juangarzia a bildua gmail.com
Al, Ots 9, 10:24:13, CET 2009
Oso pieza ederra iruditu zaidak, Xabier. Ez diat izan betarik kanta
ikasteko, eta, beraz, ez zakiat zenbateraino geratu diren hitzok kantuarekin
beti egoki ezkonduak. Ausartuko nauk, hala ere, bizpahiru kontu aipatzera,
erositako prezioan...
"Gazan, gaur" giltzarri hori neurriz eta bestela ere, hobetu litekek, nik
uste, "egun" sinonimoa erabilita ("gaur" ez bezala, fonetikoki luzagarria
da, eta aurreko enearen errepikapena dakar.ge-ren errepikapena galdu
gabe...). Jakina, "egun"ez duk hain gurea, baina... heuk ikusi.
"lainotatik", beldur nauk, ez duk mugagabearen erabilera jator horietarikoa,
goierritar fonetismoa baizik: "lainotik"/"laino(e)tatik".
"euri azidoaren gisan" oso kasu tipikoa duk egungo euskal kantagintzan:
indartsu beharko lukeen gunean, gramatika hutsezko hitzak geratzen dituk,
hala nola "zitzaizkizuen" eta tankerakoak. Hor ez duk hainbesterainokoa ere,
baina, aukeran, askoz hobe "euri azidoa" amaieran joango balitz. Badituk
aukeran poesian aski ohikoa den moldea eta beste batzuk:
nola euri azidoa
dirudiela/baitirudi euri azidoa
Heurea duk, hala ere, hitza, eta nireak, berriz, lagun-iruzkin hutsak.
Segi jator.
2009/2/8 Aixe, S. L. <aixe a bildua ctv.es>
>
> Duela astebete lehenengoz entzun nuenetik, abesti hau gogoan ibili zait,
> mundu hobe baten alde lan egiteko akuilu: hainbeste sarraski eta
> hondamendiren aurrean etsi gabe, gizalegezko mundu baten alde ahal dudantxoa
> egiteko akuilu, alegia.
>
> Bestalde, semeak bultzatuta, euskaratzeko beharra ere sentitu dut,
> ingurukoei abestia ulertzeko aukera ematearren. Beraz, langintza horri lotu
> nintzaion, eta aitortu behar dut ez dela samurra izan; nahiz eta
> gaztelaniatik olerkiren eta abestiren batzuk euskaratuak nituen, oraingoan
> metrikari eustea askoz zailagoa egin zait, nolabaiteko oreka bilatu behar
> esanahiaren eta metrikaren artean...
>
> Konparazio batera, abestiaren izenburua «EZ DUGU BEHEA JOKO» itzuli nuen
> hasiera batean, baina behin eta berriz agertzen den esaldiaren metrika
> erabat hautsiko luke horrek; beraz, egun batzuen buruan, oraingo izenburura
> («EZ DUGU ETSIKO») iritsi nintzen. Eta 11. lerroa, Goierriko erara irakurri
> behar, silaba kopurua sartu ahal izateko, iruditzen zait abestuta ilun
> samarra dela goierritar ez diren gehienentzat:
>
> E-rre-kóiz-ki-gu-zuée-txé-mes-ki-tá-taes-ko-lák
>
> Hurrengo lerroarekin, berriz, aski pozik geratu naiz:
>
> gu-re-ké-me-na éz-taor-dé-a-hil-kó
>
> Lan orduei eta desorduei ateratako tartetxoetan mila eta bat buelta eman
> eta gero, ez zait bururatzen zertan hobetu, baina beharbada inori bururatuko
> zaio zer edo zer. Hala izanez gero, gustura jasoko nuke burutazioa. Eta
> inork itzulpen hau erabili nahi badu, niregatik libre du, baina kontuan har
> beza egilearenak direla egile eskubideak.
>
>
> Hona hemen itzulpena (beherago adierazi dut originala zein den):
>
> ----------
>
> EZ DUGU ETSIKO (Gazaren aldeko abestia)
> (Musikagilea: Michael Heart. 2009)
>
>
> Itsugarria, distira zuria,
> Gazako zeru gainean gaur.
> Jendea, lasterka babes bila,
> jakin gabe hil ala biziko diren.
>
> Etorri dira tanke eta hegazkinekin,
> hondamenezko gar kiskalgarriekin,
> eta ezerk ez dirau,
> ke lainotatik datorren ahotsak baizik.
>
> Ez dugu etsiko,
> gauean, borrokarik gabe.
> Erreko dizkiguzue etxe, meskita eta eskolak;
> gure kemena ez da, ordea, hilko,
> ez dugu etsiko
> Gazan, gaur.
>
> Andre eta umeak berdin,
> sarraskitu dituzte gaurik gau.
> Herri urrunetako buruak, aldiz,
> eztabaidan, nori eman arrazoi.
>
> Alferrik haien hitz indargabeak,
> bonbak datoz euri azidoaren gisan.
> Baina malko, odol eta oinaze artean,
> ozen eusten dio ahotsak, ke lainotatik.
>
> Ez dugu etsiko,
> gauean, borrokarik gabe.
> Erreko dizkiguzue etxe, meskita eta eskolak;
> gure kemena ez da, ordea, hilko,
> ez dugu etsiko
> Gazan, gaur.
>
> ----------
>
> Abestia entzuteko, hemen dago mp3 fitxategia:
> <
> http://www.michaelheart.com/sfg/downloads/a22685d/dl65.php?file=we_will_not_go_down.mp3
> >
>
> Letra originala, orri honetan:
> <http://www.michaelheart.com/Song_for_Gaza.html>
>
> Egileak eskatzen dizu, abestiaren trukean, dirua eman diezaiozula
> palestinarren sufrimenduak arintzen diharduen erakunderen bati, adibidez
> UNRWA (Palestinako Iheslarientzako NBEren Agentzia) erakundeari. Hauxe da
> erakunde horren gaztelaniazko webgunea:
> <http://www.unrwace.org/>
>
>
> Ondo izan,
>
> Xabier
>
> ___________
>
> Xabier Armendaritz
> AIXE itzulpen eta zerbitzuak
> Biltzar Nagusiak, 11, behea
> 01010 GASTEIZ
>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago