[itzul] Abesti baten itzulpena

Aixe, S. L. aixe a bildua ctv.es
Iga, Ots 8, 13:18:01, CET 2009


Duela astebete lehenengoz entzun nuenetik, abesti hau gogoan ibili zait, 
mundu hobe baten alde lan egiteko akuilu: hainbeste sarraski eta 
hondamendiren aurrean etsi gabe, gizalegezko mundu baten alde ahal 
dudantxoa egiteko akuilu, alegia.

Bestalde, semeak bultzatuta, euskaratzeko beharra ere sentitu dut, 
ingurukoei abestia ulertzeko aukera ematearren. Beraz, langintza horri 
lotu nintzaion, eta aitortu behar dut ez dela samurra izan; nahiz eta 
gaztelaniatik olerkiren eta abestiren batzuk euskaratuak nituen, 
oraingoan metrikari eustea askoz zailagoa egin zait, nolabaiteko oreka 
bilatu behar esanahiaren eta metrikaren artean...

Konparazio batera, abestiaren izenburua «EZ DUGU BEHEA JOKO» itzuli nuen 
hasiera batean, baina behin eta berriz agertzen den esaldiaren metrika 
erabat hautsiko luke horrek; beraz, egun batzuen buruan, oraingo 
izenburura («EZ DUGU ETSIKO») iritsi nintzen. Eta 11. lerroa, Goierriko 
erara irakurri behar, silaba kopurua sartu ahal izateko, iruditzen zait 
abestuta ilun samarra dela goierritar ez diren gehienentzat:

  E-rre-kóiz-ki-gu-zuée-txé-mes-ki-tá-taes-ko-lák

Hurrengo lerroarekin, berriz, aski pozik geratu naiz:

  gu-re-ké-me-na   éz-taor-dé-a-hil-kó

Lan orduei eta desorduei ateratako tartetxoetan mila eta bat buelta eman 
eta gero, ez zait bururatzen zertan hobetu, baina beharbada inori 
bururatuko zaio zer edo zer. Hala izanez gero, gustura jasoko nuke 
burutazioa. Eta inork itzulpen hau erabili nahi badu, niregatik libre 
du, baina kontuan har beza egilearenak direla egile eskubideak.


Hona hemen itzulpena (beherago adierazi dut originala zein den):

----------

EZ DUGU ETSIKO (Gazaren aldeko abestia)
(Musikagilea: Michael Heart. 2009)


Itsugarria, distira zuria,
Gazako zeru gainean gaur.
Jendea, lasterka babes bila,
jakin gabe hil ala biziko diren.

Etorri dira tanke eta hegazkinekin,
hondamenezko gar kiskalgarriekin,
eta ezerk ez dirau,
ke lainotatik datorren ahotsak baizik.

Ez dugu etsiko,
gauean, borrokarik gabe.
Erreko dizkiguzue etxe, meskita eta eskolak;
gure kemena            ez da, ordea, hilko,
ez dugu etsiko
Gazan, gaur.

Andre eta umeak berdin,
sarraskitu dituzte gaurik gau.
Herri urrunetako buruak, aldiz,
eztabaidan, nori eman arrazoi.

Alferrik haien hitz indargabeak,
bonbak datoz euri azidoaren gisan.
Baina malko, odol eta oinaze artean,
ozen eusten dio ahotsak, ke lainotatik.

Ez dugu etsiko,
gauean, borrokarik gabe.
Erreko dizkiguzue etxe, meskita eta eskolak;
gure kemena            ez da, ordea, hilko,
ez dugu etsiko
Gazan, gaur.

----------

Abestia entzuteko, hemen dago mp3 fitxategia:
<http://www.michaelheart.com/sfg/downloads/a22685d/dl65.php?file=we_will_not_go_down.mp3>

Letra originala, orri honetan:
<http://www.michaelheart.com/Song_for_Gaza.html>

Egileak eskatzen dizu, abestiaren trukean, dirua eman diezaiozula 
palestinarren sufrimenduak arintzen diharduen erakunderen bati, adibidez 
  UNRWA (Palestinako Iheslarientzako NBEren Agentzia) erakundeari. Hauxe 
da erakunde horren gaztelaniazko webgunea:
<http://www.unrwace.org/>


Ondo izan,

Xabier

___________

Xabier Armendaritz
AIXE itzulpen eta zerbitzuak
Biltzar Nagusiak, 11, behea
01010 GASTEIZ



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago