[itzul] Abesti baten itzulpena

Aixe, S. L. aixe a bildua ctv.es
Al, Ots 9, 23:15:20, CET 2009


 
Eskerrik asko hire oharrengatik, Juan! Azken biekin, askoz hobeto geratu 
duk abestia.
 
Hire iradokizunetatik lehendabizikoa, hala ere, azkenean erabaki diat ez 
hartzea. Beste hiruzpalau aldiz entzun diat gaur abestia, 
atsedenaldietan, eta benetan ere «gaur» eskatzen zidak senak (sen zuzena 
edo okerra, auskalo). «Gaur», dena dela, ez gure ohikoena den esanahian, 
zaharrena bide den hartan baizik: «gau honetan», alegia.
 
Hona hemen itzulpena, originalaren aldean:
 
    In Gaza tonight
    /in-gá-za-to-nájt/

    Gazan, gaur
    /gá-za-an-gáur/
 

Zer deritzok?
 
Hau litzateke azken bertsioa, oraingoz:
 
 
EZ DUGU ETSIKO (Gazaren aldeko abestia)
(Musikagilea: Michael Heart. 2009)
 

Itsugarria, distira zuria,
Gazako zeru gainean gaur.
Jendea, lasterka babes bila,
jakin gabe hil ala biziko diren.
 
Etorri dira tanke eta hegazkinekin,
hondamenezko gar kiskalgarriekin,
eta ezerk ez dirau,
ke lainotik datorren ahotsak baizik.
 
Ez dugu etsiko,
gauean, borrokarik gabe.
Erreko dizkiguzue etxe, meskita eta eskolak;
gure kemena            ez da, ordea, hilko,
ez dugu etsiko
Gazan, gaur.
 
Andre eta umeak berdin,
sarraskitu dituzte gaurik gau.
Herri urrunetako buruak, aldiz,
eztabaidan, nori eman arrazoi.
 
Alferrik haien hitz indargabeak,
bonbak datoz nola euri azidoa.
Baina malko, odol eta oinaze artean,
ozen eusten dio ahotsak, ke lainoetatik.
 
Ez dugu etsiko,
gauean, borrokarik gabe.
Erreko dizkiguzue etxe, meskita eta eskolak;
gure kemena            ez da, ordea, hilko,
ez dugu etsiko
Gazan, gaur.
 

 
 
--------------
 
Juan Garzia Garmendia(e)k dio:
> Oso pieza ederra iruditu zaidak, Xabier. Ez diat izan betarik kanta
> ikasteko, eta, beraz, ez zakiat zenbateraino geratu diren hitzok kantuarekin
> beti egoki ezkonduak. Ausartuko nauk, hala ere, bizpahiru kontu aipatzera,
> erositako prezioan...
>
> "Gazan, gaur" giltzarri hori neurriz eta bestela ere, hobetu litekek, nik
> uste, "egun" sinonimoa erabilita ("gaur" ez bezala, fonetikoki luzagarria
> da, eta aurreko enearen errepikapena dakar.ge-ren errepikapena galdu
> gabe...). Jakina, "egun"ez duk hain gurea, baina... heuk ikusi.
>
> "lainotatik", beldur nauk, ez duk mugagabearen erabilera jator horietarikoa,
> goierritar fonetismoa baizik: "lainotik"/"laino(e)tatik".
>
> "euri azidoaren gisan" oso kasu tipikoa duk egungo euskal kantagintzan:
> indartsu beharko lukeen gunean, gramatika hutsezko hitzak geratzen dituk,
> hala nola "zitzaizkizuen" eta tankerakoak. Hor ez duk hainbesterainokoa ere,
> baina, aukeran, askoz hobe "euri azidoa" amaieran joango balitz. Badituk
> aukeran poesian aski ohikoa den moldea eta beste batzuk:
>
> nola euri azidoa
> dirudiela/baitirudi euri azidoa
>
> Heurea duk, hala ere, hitza, eta nireak, berriz, lagun-iruzkin hutsak.
>
> Segi jator.
>   



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago