[itzul] Aditzekin gora eta behera

Bittor Hidalgo bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
Or, Ots 20, 13:07:08, CET 2009


Ez nuen asmorik sartzeko egun pare bat edo pasa delako, baina uste dut 
komeni dela esatea, nire ustean behintzat, gure iparraldean oso arrunta 
dela "-KO ...-(e)NEAN" egitura, bai orain aldian ("iritsiko denean"),  
bai lehen aldian ("iritsiko zenean"), hegoaldean gaur egun arruntki 
"-T(Z)EN ...-(e)NEAN" egitura bidez adierazten duguna adierazteko 
("iristen denean"; "iristen zenean"), eta euskara klasikoan ere maiz 
adierazi dena subjuntiboaren bidez, nahiz gaur egun bitxiagoa izan 
("irits(i) dadinean"; "irits(i) zedinean"; irits(i) ledinean).

Beraz, hasierako galderari dagokionean, hain ona da HELDUKO ZENEAN, nola 
HELTZEN ZENEAN.

Hemen, halako (lehen aldiko) erabilera adibide batzuk, askoren artean 
erakusgarri, Euskaltzaindiak ikertzaileen esku jarritako Orotariko 
Euskal Hiztegiko Testu Corpusetik ekarriak (Larregiren 3, B. 
Joanategiren 1, eta hegoaldeko XX. mendeko Oskillasorena ere):

Heien xedea zen hiltzeko Samson, goiz-alderat, *ilkiko zenean* Gazatik. 
(Larregi, /Testamen zaharreko eta berriko historioa/, I, 230)

Pilatusek ezin egundaino amoratu zituenean yudu itsuak bere hitz eta 
arrazoin onez, eman zion bere buruari sarthuren zirela urrikalmendutan 
*ikhusiko zutenean* Salbatzaillea barbaroen beren urrikalmendua 
bereganatzeko estaturik lastimagarrienean. (Larregi, /Testamen zaharreko 
eta berriko historioa/, I, 272).

Salomonek othoitztu zuen oraino Jainkoa haren populuak aurkhi zezan 
tenplu berean gerize segur bat etsaien asalduren kontra, zerua eginen 
zenean, gizonen bekhatuen gatik, metalaren berdin, lurra burdinaren, eta 
agorte luze batek *erakharriko zuenean* gosete ikharagarri bat. 
(Larregi, /Testamen zaharreko eta berriko historioa/, I, 332).

Eta gero, nola jasan, bihotza erdiratzen senditu gabe, haur harren 
izkirituak eta nigarrak, olio irakiturat *arthikiko zutenean*. (B. 
Joannategi, Sainduen bizitzea, 101)

Nekez arkituko zuten jatekorik kurloiek, euren partea *bilhatuko 
zutenean*. (Oskillaso, /Kurloiak/, 137).

Ondo izan

Bittor


>
>   
>> Aupa,
>> eztabaidan nabil nire irakaslearekin esaldi baten inguruan. Berak esaten
>> du era batean izan behar dela eta nik ezetz. Zuentzat erraza izango dela
>> suposatzen dut. Hara doa:
>> "Nos dijo que cuando llegase el tren, lo entregásemos"
>> "Cuando llegase" hori nola esango zenukete? "helduko zenean"? "heltzen
>> zenean"? beste era batean?
>> Tira, eskerrik asko.
>>     
-- 
=============================
Bittor Hidalgo Eizagirre
Gaztelu kalea, 25, 4.A
20013 Donostia (Gipuzkoa)
Euskal Herria (Espainia -gainezarpenez-)
Tfnoak: 943326855 // 655728290
posta-e: bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
=============================




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago