[itzul] Hitz elkartuen idazkera: forma
Elhuyar Fundazioa
elhuyar a bildua gmail.com
Ast, Aza 19, 15:25:18, CET 2009
Norbaitek argitu beharko du, noizbait, Hiztegi Batuan marratxoa agertzeak
edo ez agertzeak ez dela besterik gabe <legetzat> hartu behar. Bestela,
jendea (marrafilook, marrafoboak eta "marraeszeptikoak") erotu egingo da,
Hiztegi Batua, marratxoari dagokionez, zenbaitetan (gehiegitan) labirinto
beldurgarria (edo barregarria, nondik hartzen den) baita.
Hasi, adibidez, egile-elkarteen taldean. Panorama hau eskaintzen digu
Hiztegi Batuak:
<abere-hiltzaile>, baina <abere(-)lapur>
<agindu-emaile>, <argi-emaile>, baina <kontu(-)emaile>, <abal(-)emaile>
<parte(-)hartzaile>, <kontu(-)hartzaile>, baina <esku-hartzaile>
<bazter(-)nahasle>, baina <ezkontza-nahasle>
<pandero(-)jotzaile>, <piano(-)jotzaile>, <soinu(-)jotzaile>, baina
<bateria-jotzaile>,
<biolin-jotzaile>, <danbolin-jotzaile>
<itsu-gidari>, baina <auto(-)gidari>
<auzi-iheslari>, baina <aseguru(-)artekari>
<abiadura(-)neurgailu>, baina <disko-jogailu>
Segi beste talde batzuekin:
<belarjale>, <intsektujale> baina <barazki(-)jale>
<esku-hartze>, baina <parte(-)hartze>
<beira(-)belar>, baina <beiraki-belar> (ETA SINONIMOAK DIRA!)
<alfer-lur>, baina <alfer(-)solas>
Hartu belarrak eta loreak:
Batetik: aihen(-)belar, aingeru(-)belar, akain(-)belar, alarguntsa(-)belar,
albitz(-)belar, alegera(-)belar, alka(-)belar, amodio(-)belar, anis(-)belar,
azeri(-)belar, azkordin(-)belar; eguzki(-)lore; elur(-)lore...
Bestetik: apo-belar, arrosario-belar, asentsio-belar, asma-belar,
andere-belar, ardi-belar, argi-belar, bihotz-belar, biri-belar, bizio-belar,
iltze-belar; arrosa-lore, pasio-lore...
Badira gehiago ere:
<ardi-azienda> baina <ahuntz(-)azienda>
<ate-gain>, baina <esne(-)gain>
<ate-zulo>, < leize-zulo>, baina <adar(-)zulo>, <begi(-)zulo>, <
botoi(-)zulo>, <elur(-)zulo>...,
<dama-joko>, baina <bideo(-)joko>
...
Aski da ikusteko Hiztegi Batua, marratxoari dagokionez, ez dela
sistematikoa. Noizbait konponduko da hori (hala espero dut). Ezin da, beraz,
Hiztegi Batua legetzat hartu marratxoaren erabilerari dagokionez. Bitartean,
nola joka? Euskaltzaindiaren hitz-elkarketaren arauari atxikiz. Horrek esan
nahi du Euskaltzaindiak aukeran utzitakoen artean nork bere hautua egin
behar duela:
- Elhuyarren, adibidez (gauza jakina da marrafilo samarrak garela) marra
erabiltzen dugu Euskaltzaindiak marratxoz edo bereiz aukeran utzitako
horietan (<eguzki-lore> gisako elkarteetan, adibidez) eta loturik idazten
ditugu Euskaltzaindiak marratxoaz edo loturik utzitako horietan (<sudurluze,
puntazorrotza>). Hala egiten dugu sistematikoki, Hiztegi Batuan
Euskaltzaindiak araututako aukera-askatasuna agertu zein ez agertu.
- Marrafoboek ere antzera jokatu behar lukete, nire ustez: beren irizpideari
eutsiz, Hiztegi Batuaren jokabide asistematikoan oinarritu gabe.
(A, eztabaida sortu duen hasierako galderari buruz hurrengo mezuan emango
dut iritzia)
Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak
2009/11/19 <karlos_del_olmo a bildua donostia.org>
> >Beraz, marrak parentesi artean agertu beharko luke. Ezta?
>
> Izan ere, baina kontraesan bat baino gehiago duen arau mailako hiztegi bat
> dugu indarrean, behin baino gehiagotan profesionalok interpretatu beharrean
> jartzen gaituena. Baina, nork du arauak intepretatzeko eskumena?
>
> Karlos del Olmo
> karlos_del_olmo a bildua donostia.org
> 943424286
>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago