[itzul] Hitz elkartuen idazkera: forma

Elhuyar Fundazioa elhuyar a bildua gmail.com
Ast, Aza 19, 15:54:25, CET 2009


Elhuyarren, oro har, ez dugu kontuan hartzen EIMAren Ortotipografia lanean,
hitz-elkarketari buruzko atalean, multzo-elkarteak, zati-elkarteak eta
molde-elkarteak sailetan egiten den marratxoa ez erabiltzeko gomendioa.
Alegia, <liburu-mota> idazten dugu, eta ez <liburu mota>. Ulertzen dugu
EIMAn egin den bereizte-saioa eta ahalegina, baina uste dugu oso konplexua
dela eta ezin zaiola hori edozein euskalduni  hain erraz "irentsarazi"
(<futbolari talde> marratxorik gabe, baina <futbol-talde> marratxoz
gisakoak). Maiz ibili gara irizpide hori azaltzen (irakasleei, idazleei,
kazetariei), eta behin eta berriro jaso dugun feedback-ak esaten digu
konplexuegia dela.

Nolanahi ere, gure bezeroren batek EIMAren gomendio hori betetzea eskatzen
digunean, bete egiten dugu, jakina. EIMAren gomendio hori betetzera, noiz
edo noiz sortzen dira Bakunek aipatutako zalantzak:

<forma> ez dago EIMAren "Index Marratxorum Prohibitorum et Expurgatorum"
delakoan, ezta "bihi", "tipo", "kasu" eta abar ere. Zer egin? Guk,
horrelakoetan, zerrenda itxitzat jotzen dugu. Ez badago, ez dago, eta kitto.

Kontuan izan behar da, gainera, EIMAn bertan konturatuta daudela zerrenda
horretan ageri diren batzuk (<bikote>, <kantitate>, <kopuru>, <ilara>,
baita, ziur asko, <pare> ere) zerrenda horretatik kanpo ezarri beharrekoak
direla. Baina hori beste gai bat da.

Beraz, Bakunen galderari erantzuteko: hitz-elkarte baten bigarren osagaia
denean, guk <forma> marratxoz idazten dugu: <orratz-formako hosto>,
<igitai-forma>...



Alfontso Mujika

Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak


2009/11/19 Bakun <bakun.mac a bildua euskalnet.net>

>
>
> Kaixo denei!
>
> Zubimendiren Ortotipografia txostenean, hitz-elkarketari buruzko atalean,
> hiru salbuespen egiten dira marratxoa aukerakoa duten hitz elkartuetan:
> multzo-elkarteak, zati-elkarteak eta molde-elkarteak.
>
> Zubimendik zerrendak irekita uzten ditu, eta askotan ez da erraza irizpidea
> zehaztea.
>
> Beraz, hau da zalantza: forma hitza hitz-elkarketako eskuineko osagaia
> denean, salbuespentzat jotzen al duzue? Molde-elkarketetan sartzen al duzue?
>
> Eskerrik asko aurrez,
>
> Bakun.
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago