[itzul] "Internet" deklinatu

Elhuyar Fundazioa elhuyar a bildua gmail.com
Ost, Aza 25, 09:31:55, CET 2009


Hezkuntza Sailaren "Letra larriak erabiltzeko irizpideak" liburuan honela
eman genuen:
<<<<<<<<<<<<<<<<<<<

*Internet** hitza*

Mundu osoko ordenagailuen artean datuak trukatzeko balio duen sare
informatiko globala da Internet.

Gainerako komunikazio-sistemekin aldera daiteke; telefonoarekin edo
telegrafoarekin, esate baterako. Beraz, telefono hitza letra xehez hasita
idazten bada, beste hainbeste egin liteke, eta hitz arrunt gisa deklinatu,
teorian: interneta, internetaren... (telefonoa, telefonoaren... egiten den
bezala).

Hala ere, Internet sareen sarea da, munduan bat bakarra, eta hitzaren
jatorrizko hizkuntzan, ingelesean, Internet eta internet
(internetworkhitzaren aldaera laburra, TCP-IP protokoloa erabiltzen ez
duten bestelako
sare taldeak izendatzen duen terminoa) bereizten dira, eta hortik zabaldu da
beste hizkuntzetara Internet letra larriz hasita. Letra larriz idazten da
inguruko hizkuntza gehienetan (ingelesa, nederlandera, gaztelania --RAEren
erabakia--, katalana, frantsesa, italiera, portugesa...; frantsesez ere bai,
eztabaida eta guzti, eta letra xehez idaztearen aldeko joera bizia bada
ere). Euskaraz ere letra larriz hasita idazten da, eta izen berezi gisa
deklinatzen: Internet, Interneten... Haren bertsio aurreratua den Internet-2
/ Internet II / abiadura handiko Internet ere era berean idatzi behar da.

Baina letra xehez idatzi behar dira  --eta hitz arrunt gisa deklinatu--
Internet ez diren gainerakoak: infraneta, intraneta, estraneta.
<<<<<<<<<<<<<<<<<<<

Litekeena da erabileraren poderioz, edo teknologiaren aurrerapenaren
ondorioz, erabat lexikalizatzea eta letra larria galtzea. Hizkuntzaren
barne-dinamikak ekarriko luke hori; hala ere, badirudi oraingoz izen
bereziari eustea dela zuhurrena eta gaur egungo praktika nagusia.

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak

2009/11/24 Idoia Carramiņana <idcarrami a bildua hotmail.com>

>
> Euskarazko eskola ematen ari nintzen eta "internet" hitza nola deklinatu
> behar zen ziur ez jakiteagatik zalantzan nago. Mugagabean ala mugatuan?
> Interneten, interneti..., edo internetean, internetari...
>
>
>
> Mila esker!
>
> _________________________________________________________________
>
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago