[itzul] ¿De qué murió?
Patxi Petrirena
petrirena a bildua gmail.com
Ost, Uzt 21, 01:17:39, CEST 2010
Ez daukat nik ezer "Zerk hil zuen" esaldiaren kontra, jakina, baina Koldok
zeharka bezala aipatu duen beste bat ere aitzakiarik gabea iruditzen zait:
"Zertaz hil zen?". Erantzunerako ere egokia baita -z kasu hori: "minbizi(a)z
hil", "tuberkulosi(a)z hil"...
Interneten "zertaz hil" bilatuta, ageri dira adibideak. Hona hemen pare bat:
- FLORINDO: Zertaz hil h**uen? (Carlo Goldoniren "Arlekino, bi nagusiren
serbitzari" antzerki-obra, Xabier Mendigurenek itzulia, 1983).
- Eta zertaz hil zen? ("Jakintzaren arbola", Pio Baroja / Josu
Zabaleta, Alberdania-Elkar,
2006).
Garbi dago "goseak hil", "hotzak hil" eta abar esapide guztiz jatorrak
direla. Baina baditugu, horien ondoan, "gosez hil", "hotzez hil" eta beste
sail luze bat. Gainera, Koldo, zeuk aipatu duzun "istripuan hil" horrek ere
badu bere bikoa, "istripuz hil" hain zuzen ere ("atentatuz hil" eta halakoak
ere ageri dira testuetan, prentsan gehienbat, eta niri zilegi iruditzen zait
halako kasuetan ere analogia edo dena delakoa).
Egia da, orobat, halako kasuetan azpian dagoen galdetzailea "nola" dela
pentsa dezakegula, eta bilatzen ari garena beste gauza bat dela (ez oso
urruti dagoena baina desberdina: "zeren ondorioz / zergatik / zertatik /
zertaz" edo halako zerbait adieraziko duen forma bat, hain zuzen. Hor
sartzen ditut nik hasieran aipatutako bi adibideak, eta pareko egitura ageri
da honako esaldi honetan ere:
- Nolanahi ere, zerbaitetaz hil beharra dago. (Loroaren teorema, Denis Guedj
/ Jon Muñoz, EHU, 2006).
Hari horretako beste adibide benetan aipagarriren bat ere aurkitu dut:
- Matematikaz hil zen Grosrouvre. (Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz,
EHU, 2006).
Gaixotasunen izenak aipatzen dituzten adibideak ere ez dira gutxi; Ereduzko
Prosa Gaurren, adibidez. Halako zalantza bat ikusten da, hori bai,
mugagabearen eta mugatuaren artekoa ("minbiziz hil" / "minbiziaz hil"), eta
zenbait kasutan ez dago jakiterik idazleak zer aukera egin duen, delako
hitza -a organikoz amaitua delako:
- Zenbait egunen buruan nagusia septizemiaz hil zen. (Zazpi urkatuak, Leonid
Nikolaievitx Andreiev / Jose Morales, Alberdania-Elkar, 2006).
- Ziur aski, bere amets zoroaren indarrari esker, lotan zegoenean ere jotzen
ikasi zuen; bestela, loezinez hilko zen aspaldi. (Zazpi urkatuak, Leonid
Nikolaievitx Andreiev / Jose Morales, Alberdania-Elkar, 2006).
- (...) ezingo zenuke burdinaz, hotzez, gaixotasunez edo pozoinez hil zenik
frogatu, baina badakigu horrelakoxe istripuren bat gertatu zaiola. (Gauzen
izaeraz, Lukrezio / Xabier Amuriza, Klasikoak, 2001).
- John Roebling, zubiaren diseinatzaileak, kaiko oinarrien eta
transbordadore baten artean hanka harrapatu zuen planoak bukatu eta egun
gutxira, gangrenaz hil zelarik handik hiru astera. (Piano gainean gosaltzen,
Harkaitz Cano, Erein, 2000).
- Askoz larriagoa da ur izoztuan murgilduriko gorputz baten bero-galera, eta
horregatik izaten da hipotermiaz hiltzen denik ontzi-hondoratze baten
ondoren. (Giza gorputza lanean, John Lenihan / Irene Aldasoro, EHU, 2006).
- Bi neba nagusiagoak nituen, baina, juxtu ni jaio nintzenean, erdikoa
leuzemiaz hil zen, eta horrek asko markatu zuen familia. (Zortzi unibertso,
zortzi idazle, Ana Urkiza (Alberdania, 2006).
- Arjumand Banu Begum erditze ondorengo gaixotasunez hil zen, hamalaugarren
seme-alaba izan ondoren. (Bizitza eredugarriak, J.M. Olaizola "Txiliku", Elkar,
2006).
- Lisboako jende zoritxarrekoa heriotza beltzez hiltzen uzteko prest zegoen
(Lisboako Setioaren Historia, José Saramago / Jon Alonso, Ibaizabal, 2000).
- ... eta ezkutuan kiskaltzen dira urteetan eta urteetan, eta gero
jubilatzen dira eta minbiziaz hil. (Buda zoriontsuen etxea, João Ubaldo
Ribeiro / Karlos Zabala, Txalaparta, 2003).
- Gero oroitu nintzen paralesiaz hil zela, eta konturatu nintzen nik ere
irribarre arin bat egiten nuela, haren simoniazko bekatua barkatzeko bezala.
(Dublindarrak, James Joyce / Irene Aldasoro, Alberdania, 1999)
- Izuak buruan danba jotzen zuen, mailukada bortitzez, kolpe bakoitzean
puntaparix bat ziztatuz, erle elegante batek pozoiaz hil nahiko balu bezala.
(Korapiloak, Jasone Osoro, Elkar, 2001).
- Makina deitzea zilegi bada, behintzat, itxuraren aldetik ez baitzirudien
makina, eskultura minimalista bat baizik; hala izendatu zuen behin,
minbiziaz hil aurretik, Iriarteren emazteak, lehenengo prototipoen planoak
ikustean, eta hala deitzen zion gerora ere fisikari donostiarrak, "nire
eskultura minimalista". (Etorkizuna, Iban Zaldua, Alberdania, 2005)
- "Eta azkenik, esan behar dizuet aurten, hirugarren solairuko korridorean,
eskuinaldekoan, erabat debekaturik dagoela ibiltzea, oso heriotza mingarriaz
hil nahi ez baduzue, behintzat. (Harry Potter eta Azkabango presoa, J.K.
Rowling / Iñaki Mendiguren, Elkar, 2002).
- Napoleon ere, orain jakin denez, minbiziaz hil omen zen, artean gaixotasun
horrek izenik ere ez bazuen ere. (Itsasoan euri, Joxerra Garzia, Alberdania,
2003).
- Baina halako batean gauzak itsusitu egin ziren, lagun bat gaindosiaz hil,
polizia jadanik gehiago ezin uxatzeko moduko droga arazoak eta, Andres Kutz
Urtari zegokionez, zenbait istilu berak sinaturiko errezeta batzuk zirela
medio. (Euliak ez dira argazkietan azaltzen, Joxemari Iturralde, Erein,
2000).
- Zorrez lepo eta emaztea minbiziaz hil berri, azken-mezu izugarri bezain
ozpina utzi zien bere abentura-liburuekin diruz lepo egindako
editoreei. (Italia,
bizitza hizpide, Anjel Lertxundi, Alberdania-Berria, 2004).
Niri mugagabea eskatzen dit senak ("minbiziz hil"), baina ikusten da denek
ez dugula berdin sentitzen hori.
Egun ona izan!
Patxi
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago