[itzul] Marratxoa eta letra larriak
Elhuyar Fundazioa
elhuyar a bildua gmail.com
Or, Eka 4, 18:21:05, CEST 2010
Hasteko, ohartxo bat, beste inork ezer esan baino lehen: <Berez marratxoa
duten hitzak (diru-laguntza, etab.)> idatzi duzu, baina "diru-laguntza"
hitzak ez du "berez" marratxorik. Askok hala idazten dugu, baina marratxo
hori aukerakoa da, Euskaltzaindiaren arabera.
Eta, orain, galderaren erantzuna:
Ez dago araututa. Euskaltzaindiaren 25. arauak (Hitz elkartuen osaera eta
idazkera), "Marrarekin edo bereiz idatz daitezkeen hitz elkartuak" izeneko
atalean (arauaren bertsio laburtuan, "Marrarekin edo marra gabe, nahi den
bezala" du izena atalak), ohar hau dago:
<<<<<<<<<<<<<<<
Oharra: osagai biak letra larriz hasten direnean hobe da hitz elkartua
marrarik gabe idaztea. Errotuluetan, zenbait titulutan eta izendapenetan
agertzen da hori batez ere: *Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Kultura eta
Turismo Saila, Garraio Zuzendaritza, Medikuntza Fakultatea, Bertsolari
Txapelketa, Zinema Jaialdia, Ur Kirolak *eta abar.
<<<<<<<<<<<<<<<
(Eta bertsio laburtuan honela ageri da, parentesi artean: "*Bi hitzak letra
larriz hasten direnean hobe da, hala ere, marra gabe idaztea"*).
Ondorioak:
1- Ez dago arautua, baina bai hobetsia. Hau da, ulertu behar da hori
gomendatzen duela Euskaltzaindiak, horretara derrigortzen ez badu ere.
2- Hobespen hori marrarekin edo bereiz idatz daitezkeen hitz elkartuei baino
ez dagokie. Beraz, gainerakoetan, hau da, marratxoz nahitaez idatzi
beharrekoak direnetan, marratxoa jarri egin behar da hitzak letra larriz
hasten direnean ere. Eta horren adibide ezin argiagoa dago 141. arauan
(Herri-izenak: hurrenkera eta zeinu grafikoen erabilera). Honela dio:
<<<<<<<<<<<<<<<<
Bi herrik edo gehiagok administrazio elkarte bat osatzen dutenean, bi izenak
beti marratxo (-) baten bidez bereiziko dira, izendegi, zerrenda, seinale
eta abarretan:
*Arratzua-Ubarrundia *(A), *Beintza-Labaien *(NG), *Ezkio-Itsaso *(G),
*Gamiz-Fika
*(B), *Labetze-Bizkai *(NB), *Maule-Lextarre *(Z)..."
<<<<<<<<<<<<<<<<
Beraz: <Nafarroako Bertsolari Txapelketa>, baina (aukerakoa denean
marratxoa erabiltzen dugunontzat) <Nafarroan bertso-eskolen arteko
bertsolari-txapelketak egingo dituzte datorren urtean>.
3- Beste kontu bat da letra guztiak larriak direnean nola jokatu behar den.
Horri buruz Euskaltzaindiak ez du ezer esan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza
Sailak ikasmaterialetarako osatzen ari den estilo-liburuan, Ortotipografia
lanaren eranskinean, ohar hau dago:
<<<<<<<<<<<<<<<
Osagai biak letra larriz hasten direnean, hiz elkartuak marratxorik gabe
idaztea hobesten eta gomendatzen da ikasmaterialetan ere, aukerakoa denean
(...)
ODOL EMAILEEN BATZARRA MEDIKUNTZA FAKULTATEAN
FORU ALDUNDIAREN LAN ESKAINTZA AZTERGAI
<<<<<<<<<<<<<<<
Alegia, Euskaltzaindiaren arauak "letra larriz hasten direnean" dioen horri
erreparaturik, Ortotipografia lanean interpretatu da letra guztiak
maiuskulaz hasten diren kasua letra larriz hasten direnen azpikasu bat dela.
Horrek esan nahi du, adibidez, testu batean honelako zerbait gerta
daitekeela:
<<<<<<<<<<<<
ODOL EMAILEEN BATZARRA MEDIKUNTZA FAKULTATEAN
Bizkaiko odol-emaileek urteko batzarra egingo dute bihar Medikuntza
Fakultatean(...)
>>>>>>>>>>>>>
Hau da, izenburuan <ODOL EMAILE>, bereiz, eta hurrengo lerroan
<odol-emaile>, marratxoz. Elhuyarren uste dugu horrek lagundu ez, nahastu
egingo dituela irakurleak (ikasleak, ikasmaterialak direnean). Horregatik,
guk, dena letra larriz idazten dugunean, baliabide tipografiko hori
(maketatzaileen aukera izaten da askotan) kontuan hartu gabe jartzen dugu
marratxoa. Goiko adibide horretan, beraz, <ODOL-EMAILEEN> idazten dugu
(testu arruntean <odol-emaileen> idazten baitugu), eta MEDIKUNTZA FAKULTATEA
idazten dugu (testu arruntean <Medikuntza Fakultatean> idazten baitugu).
Honela:
<<<<<<<<<<<<
ODOL-EMAILEEN BATZARRA MEDIKUNTZA FAKULTATEAN
Bizkaiko odol-emaileek urteko batzarra egingo dute bihar Medikuntza
Fakultatean(...)
>>>>>>>>>>>>>
Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak
2010/6/4 Edorta Andueza <edortandueza a bildua gmail.com>
> Kaixo:
>
> Berez marratxoa duten hitzak (diru-laguntza, etab.) letra larriz idatzi
> behar direnean, jartzekotan, marratxoa jarri behar al da? Hori araututa
> dagoen jakin nahiko nuke.
>
> Eskerrik asko.
>
> Edorta
>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago