[itzul] Marratxoa eta letra larriak

Edorta Andueza edortandueza a bildua gmail.com
Al, Eka 7, 16:20:20, CEST 2010


Eskerrik asko, Alfontso, emandako azalpenengatik.



Espero dut egunen batean Euskaltzaindiak marraren inguruan arau bat ematea:
Horrela ez genuke bakoitzak gure irizpidearen arabera jokatuko.



Ondo izan.

Edorta


Elhuyar Fundazioa<elhuyar a bildua gmail.com> igorleak hau idatzi zuen (2010eko
ekaren 04a 18:21):

> Hasteko, ohartxo bat, beste inork ezer esan baino lehen: <Berez marratxoa
> duten hitzak (diru-laguntza, etab.)> idatzi duzu, baina "diru-laguntza"
> hitzak ez du "berez" marratxorik. Askok hala idazten dugu, baina marratxo
> hori aukerakoa da, Euskaltzaindiaren arabera.
>
>
> Eta, orain, galderaren erantzuna:
>
> Ez dago araututa. Euskaltzaindiaren 25. arauak (Hitz elkartuen osaera eta
> idazkera), "Marrarekin edo bereiz idatz daitezkeen hitz elkartuak" izeneko
> atalean (arauaren bertsio laburtuan, "Marrarekin edo marra gabe, nahi den
> bezala" du izena atalak), ohar hau dago:
>
> <<<<<<<<<<<<<<<
>
> Oharra: osagai biak letra larriz hasten direnean hobe da hitz elkartua
> marrarik gabe idaztea. Errotuluetan, zenbait titulutan eta izendapenetan
> agertzen da hori batez ere: *Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Kultura eta
> Turismo Saila, Garraio Zuzendaritza, Medikuntza Fakultatea, Bertsolari
> Txapelketa, Zinema Jaialdia, Ur Kirolak *eta abar.
>
> <<<<<<<<<<<<<<<
>
> (Eta bertsio laburtuan honela ageri da, parentesi artean: "*Bi hitzak letra
> larriz hasten direnean hobe da, hala ere, marra gabe idaztea"*).
>
>
>
> Ondorioak:
>
> 1- Ez dago arautua, baina bai hobetsia. Hau da, ulertu behar da hori
> gomendatzen duela Euskaltzaindiak, horretara derrigortzen ez badu ere.
>
>
>
> 2- Hobespen hori marrarekin edo bereiz idatz daitezkeen hitz elkartuei
> baino
> ez dagokie. Beraz, gainerakoetan, hau da, marratxoz nahitaez idatzi
> beharrekoak direnetan, marratxoa jarri egin behar da hitzak letra larriz
> hasten direnean ere. Eta horren adibide ezin argiagoa dago 141. arauan
> (Herri-izenak: hurrenkera eta zeinu grafikoen erabilera). Honela dio:
>
> <<<<<<<<<<<<<<<<
>
> Bi herrik edo gehiagok administrazio elkarte bat osatzen dutenean, bi
> izenak
> beti marratxo (-) baten bidez bereiziko dira, izendegi, zerrenda, seinale
> eta abarretan:
>
> *Arratzua-Ubarrundia *(A), *Beintza-Labaien *(NG), *Ezkio-Itsaso *(G),
> *Gamiz-Fika
> *(B), *Labetze-Bizkai *(NB), *Maule-Lextarre *(Z)..."
>
> <<<<<<<<<<<<<<<<
>
>  Beraz: <Nafarroako Bertsolari Txapelketa>, baina (aukerakoa denean
> marratxoa erabiltzen dugunontzat) <Nafarroan bertso-eskolen arteko
> bertsolari-txapelketak egingo dituzte datorren urtean>.
>
>
>
> 3- Beste kontu bat da letra guztiak larriak direnean nola jokatu behar den.
> Horri buruz Euskaltzaindiak ez du ezer esan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza
> Sailak ikasmaterialetarako osatzen ari den estilo-liburuan, Ortotipografia
> lanaren eranskinean, ohar hau dago:
>
> <<<<<<<<<<<<<<<
>
> Osagai biak letra larriz hasten direnean, hiz elkartuak marratxorik gabe
> idaztea hobesten eta gomendatzen da ikasmaterialetan ere, aukerakoa denean
> (...)
>
> ODOL EMAILEEN BATZARRA MEDIKUNTZA FAKULTATEAN
>
> FORU ALDUNDIAREN LAN ESKAINTZA AZTERGAI
>
> <<<<<<<<<<<<<<<
>
>
> Alegia, Euskaltzaindiaren arauak "letra larriz hasten direnean" dioen horri
> erreparaturik, Ortotipografia lanean interpretatu da letra guztiak
> maiuskulaz hasten diren kasua letra larriz hasten direnen azpikasu bat
> dela.
>
> Horrek esan nahi du, adibidez, testu batean honelako zerbait gerta
> daitekeela:
>
> <<<<<<<<<<<<
>
> ODOL EMAILEEN BATZARRA MEDIKUNTZA FAKULTATEAN
>
> Bizkaiko odol-emaileek urteko batzarra egingo dute bihar Medikuntza
> Fakultatean(...)
>
> >>>>>>>>>>>>>
>
>
> Hau da, izenburuan <ODOL EMAILE>, bereiz, eta hurrengo lerroan
> <odol-emaile>, marratxoz. Elhuyarren uste dugu horrek lagundu ez, nahastu
> egingo dituela irakurleak (ikasleak, ikasmaterialak direnean). Horregatik,
> guk, dena letra larriz idazten dugunean, baliabide tipografiko hori
> (maketatzaileen aukera izaten da askotan) kontuan hartu gabe jartzen dugu
> marratxoa. Goiko adibide horretan, beraz, <ODOL-EMAILEEN> idazten dugu
> (testu arruntean <odol-emaileen> idazten baitugu), eta MEDIKUNTZA
> FAKULTATEA
> idazten dugu (testu arruntean <Medikuntza Fakultatean> idazten baitugu).
> Honela:
>
> <<<<<<<<<<<<
>
> ODOL-EMAILEEN BATZARRA MEDIKUNTZA FAKULTATEAN
>
> Bizkaiko odol-emaileek urteko batzarra egingo dute bihar Medikuntza
> Fakultatean(...)
>
> >>>>>>>>>>>>>
>
>
>
> Alfontso Mujika
>
> Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak
>
>
> 2010/6/4 Edorta Andueza <edortandueza a bildua gmail.com>
>
> > Kaixo:
> >
> > Berez marratxoa duten hitzak (diru-laguntza, etab.) letra larriz idatzi
> > behar direnean, jartzekotan, marratxoa jarri behar al da? Hori araututa
> > dagoen jakin nahiko nuke.
> >
> > Eskerrik asko.
> >
> > Edorta
> >
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago