[itzul] en metros cúbicos de hormigón fresco

Elhuyar Fundazioa elhuyar a bildua gmail.com
Ost, Eka 9, 19:04:22, CEST 2010


Ihesbideak nahi baditugu, Joxe Marik aipatu duena edo besteren bat erabil
daiteke, jakina. Baina parafrasirik gabekoaz egin du galde posta-helbidearen
hasieran 'kixmi' duen ezezagunak.
Alegia, izkin egin gabe, zuzenean, nola egin litekeen.

Hasteko, 'expresado en + UNITATEA' nola itzuli, mugatuan ala mugagabean?
NOLA galderari erantzuten dionez, mugagabean:
'metrotan adierazia', 'metro kubikotan adierazia', 'litrotan adierazia',
'Celsius gradutan neurtua'...
Elhuyarren (eta, oro har, zientzia-tekniketako testuak idazten dutenek)
sistematikoki hala idazten dugu aspaldi-aspalditik.

Bigarrenik, 'metros cúbicos de hormigón fresco' nola itzuli.
Hasi errazenetik:
Demagun 'kilos de hormigón' itzuli behar dugula. Hori ez da neurri-sintagma
bat, mendetasunezko hitz-elkarte ohiko bat baizik.
'Zenbat balio du hormigoi-kilo batek?' (neurri-sintagma)
'Zenbatean dago hormigoia?' = 'Zenbatean dago hormigoi-kiloa?'
(hitz-elkarketa)
Beraz, 'metros cúbicos de hormigón' euskaratzeko: 'hormigoi-metro kubikoak'
Baina 'fresco' adjektiboa daukagu tartean. Hitz-elkartea puskatu beharko da:
'hormigoi freskoaren metro kubikoak'
Ez dakit orain esan behar dudana anatema izango den, baina niri barrenak
eskatzen dit halakoetan berrelkarketara jotzea eta honela jartzea:
'hormigoi fresko metro kubikotan adierazia'.
Alegia, 'hormigoi-metro' hitz-elkartetik 'hormigoi fresko metro'
hitz-elkartera iristea. Badakit Euskaltzaindiak esan duela berrelkarketa,
ahal dela eta beharrik ez dagoela, saihestu behar dela, eta txintxo-txintxo
betetzen saiatzen naiz. Eta badakit debekua are zurrunagoa dela
mugatzaileari izenondoa eransten zaionean ('hautagai-zerrenda' baina
'hautagai berrien zerrenda'). Baina Euskaltzaindiak berak onartzen du kasu
batzuetan badagoela joera hori, hala nola 'kafe erre usaina' eta 'perpaus
subordinatu motak'). Eta zirrikitu horri heltzen diot nik euskara teknikoan
horrelakoei bidezidorra egiteko, behar denean bakarrik (beharra subjektiboa
izaten da, ezta?).
Beharbada ez da eskuartean dugun adibide hau egokiena aldarri hau jotzeko,
baina testu oso teknikotan gertatu izan zaigu unitate-izen konplexuak behin
eta berriro eman beharra eta hitz-elkarketara ezin jo izana, eta, ondorioz,
esaldiak astundu beharra. Hortik sortu zait lizentzia hartzeko gogoa.
Nolanahi ere, beharbada foru espezializatuago batean eta, batez ere, datu
erreal gehiago izanda eztabaidatzeko kontua litzateke.

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak


2010/6/9 Joxe Mari Berasategi <jxmbera a bildua euskalnet.net>

> Esaldi horretan bi aldiz azaltzen da "hormigón" hitza.
> Demagun bietan "hormigoi freskoaz" ari dela.
>
> Hala izatera,hona proposamen bat ("componer" eta "cantidad" hitzak janda):
> "Hormigoi freskoaren karga/zama, metro kubikotan emana"
>
> Ezertarako balio badizu,
>
> Joxe Mari Berasategi
>
> -----Mensaje original-----
> De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com] En
> nombre
> de kixmi
> Enviado el: asteazkena, 2010.eko ekainak 9 16:42
> Para: ItzuL
> Asunto: [itzul] en metros cúbicos de hormigón fresco
>
> Arratsalde on,
>
> "Cantidad de hormigón que compone la carga, expresada en metros cúbicos
> de hormigón fresco."
>
> -...hormigoi freskoko metro kubikotan?
> -...hormigoi freskoaren metro kubiko(e)tan?
>
> Ba al dago modurik hori parafrasirik gabe euskaratzeko?
> Ziurrenik "hormigoi freskoari dagozkion metro kubikoetan" edo antzeko
> moduren batean itzuliko dut, baina jakin-mina daukat.
>
> Eskerrik asko aurretiaz
>
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago