[itzul] izen berezi arruntak
jon-agirre a bildua ej-gv.es
jon-agirre a bildua ej-gv.es
Ast, Mar 18, 12:20:22, CET 2010
Ados nago, Juan, zikinaren kontuan izan ezik. Bai, norbaitek zikintzat joko zuen, agian, eta horregatik irakatsi ziguten horrela. Baina horrela ikasi izanak ez nau zikin iritzi ziotenen irizkide egiten. Esapidea aldeztu ere ez dut egin, hala ikasi genuela esan dut, eta, bai, esan gabe aditzera eman dut, eta orain badiot, arrazoi pisuzkorik (ni ez naiz pisu hori neurtzeko gai) ez badago, aldatu beharrik ez dudala ikusten. Nik diodana da hitz batek esanahi bat duela, baina beste batekin ezkontzen denean emaitzak ez daukala nahitaez batura izan beharrik, hau da, 1 eta 1 ez dela beti 11, batzuetan 2 izaten dela. Zuk diozun bezala, erabaki terminologikoak arbitrarioak dira hein handi batean.
"Izenberezia" ez da ideia txarra, ezta berria ere, hor dago, burura etorri zaidan lehena aipatzearren, 'bidezabala' ([bidézabala] intonatuta), bidezabal estua izan daitekeena (etimologiazale alderdikoiek bakarrik ikusten dute hor dagoeneko erregerik pasatzen ez den 'errepidean' ikusten ez duten kontraesana).
Ni bat nentorke 'izen propioa' erabiltzearekin. Bestea bezain egokia izan liteke, edo zitekeen. Baina ez nator inondik inora bat, erabaki terminologiko zahar guztiak, garai batekoak, begi berriekin berraztertu behar/nahi horrekin. Eta ez nator bat, gurpil horrek amairik ez daukalako, bihar-etzi gaurko berrazterketak berberraztertuko bailituzketelako, eta abar eta abar, eta horrela ez dago hizkuntza serio estandarizatzerik. Dena jar badaiteke kolokan, gustukoa ez delako, akabo. Hori da dena, ez daukat garai batekoan setatzeko ezelako asmorik, baina berritu beharrean setatzekorik ere ez.
Nik uste dut, esateko moduak eta ńabardurak gorabehera, ados gaudela gehien-gehienean.
Jon
-----Jatorrizko mezua-----
Nork: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com] Noren izenean: Juan Garzia Garmendia
Bidaltze-data: osteguna, 2010.eko martxoak 18 10:17
Nori: ItzuL
Gaia: Re: [itzul] izen berezi arruntak
Ez dut (oraingoan) bazterrik nahasi nahi.
Ikastolan ez ezik, Euskaltzaindian eta ia toki guztietan ere "izen berezi"
erabiltzen da, eta ni ez naiz nor hori aldatzeko, eta hala aitortu dut
mezuan. Areago, nik ere erabiltzen dut "izen berezi" izendapen (nire ustez)
kaxkar hori.
Nire ahoan jarritakoa argitu alde aipatu dut "propio"rena, besterik gabe:
oraindik ere iruditzen zait (horretarako eskubidea, oraingoz, badut, ustez)
"propio" hitza propioagoa zela izendapen horretarako, eta erdarazkotik
hurbilegi zegoelako aukeratu/erabaki zela "berezi" edozertarako eta -nire
iritziz- nahasgarri hori.
Ez dakit zuek, baina nik askotan erabili behar izaten dut terminoa, eta
tentazioa izaten dut "izenberezi (batzuk)" edo "izen-berezi (batzuk)"
idazteko, "izen berezi (batzuk)" arrunta uler ez dadin. Jakina,
garrantzitsuagoa da gurean "propio" bezalako hitz lotsagarriak baztertzea ia
beste ezer baino, baina... Tira, azkenean bazterrak nahasten hasi banaiz, ez
da guztiz nire errua: tentatu nautenek ere badute parte.
Beraz, nik jai dut "propio" zikinarekin (eta, gainera, ez bide du esanahia
itzultzen, hara!) , eta "berezi" da zuzena, noski, baina ez esanahia hobeto
itzultzen duelako, norbaitek hala erabaki duelako baizik. Bide batez, gauza
bera gertatzen da "(garapen) iraunkor"rekin, erabaki terminologikoak
arbitrarioak direlako hein handi batean. Arbitrarioak, baina (kexuak kexu)
bete beharrekoak; eta horretan ari gara: betetzen eta (tarteka, alferrik)
kexatzen.
Bide batez. Gaijartzaileei erantzuten ari ez banintz, ez nuen etsiko
"berezi" hitzarekin bakarrik, eta "arrunt"ekin ere sartuko nintzen,
gutxienez. Ez bereziki eta nagusiki "izen arrunt/berezi" termino-bikotean,
baizik eta esanahiak nola itzuli erabakitzeko ahalmena itzultzaileok gerok
dugun esparru zabalean: oso zerrenda luzeak egin litezke komodin
(erosogailu?) horiekin baztertu nahi ditugun euskal hitz zehatzagoekin:
"normal", "tribial" eta abar, batetik, eta, bestetik, "partikular (vs
orokor)" , "propio"... Halako batean, adiera mordoaz hain kargaturik, baietz
lehertu hitz kuttun horietakoren bat.
Hori guztia nuen buruan "izen berezi" izendapenari buruz iritzia ematean
(zehazkiago: aspaldi emana gogoratzean). Hori, nire arazoa izan daiteke;
galdetzailearen testuan "izen bereziak eta deiturak" idaztean gertatzen
dena, berriz, guztion arazoa da... edo, barka, ia guztiona.. edo ez nirea
bakarrik behinik behin. Erdarazkoan dagoen arazo kontzeptualari, praktikan,
"izen berezi" horren interpretazio-zalantza gehitzen zaio hor:
konposizionala (izen + berezi)/terminologikoa.
Beraz, ustezko kontraesan larririk gabe, erabaki guztiak premiazko
adostasunaren izenean txintxo-txintxo beterik ere, "garapen iraunkor"
erabaki terminologiko ona iruditzen zait (alternatibak ikusita batez ere),
eta "izen berezi" txarra (praktikan).
Beraz, Jon, funtsezkoan ados izanik (erabaki terminologikoak bete egin behar
direla), ez dakit merezi duen bakoitzaren iritzi partikular edo bereziez
tirabiran hastea: euts diezaiola bakoitzak bereari, bestearen
arrazoibideek nahikoa indar ez badute.
Ondo izan, eta jarrai ekinean.
2010/3/17 <jon-agirre a bildua ej-gv.es>
> Ikastolan 'izen arruntak' eta 'izen bereziak' ikasi genuen. 'Berezi'
> gaztelaniaz gehienetan 'especial' itzultzen dugun arren, 'izen berezia'
> sintagma 'nombre propio' da. Hau da, hitzak ez ditugula itzuli behar
> esanahiak baino, oraintsu Itzulen gogoratu izan den bezala.
>
> Bestalde, "nombres propios o apellidos" dio, eta oker ulertzen dugu,
> testuinguruak bultzatuta 'nombres de pila o apellidos'. Eta ez da hori.
> Ez dira pertsona izenak, nahiz eta ondoan "apellidos" dagoenez horretara
> garoatzan testuinguruak. Subkontzientearen ziriak.
>
> Jon
>
>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago