[itzul] W-arekin amaitutakoen deklinabidea
Aristegieta, Xabier
xabiera a bildua parlamento-navarra.es
As, Maiatza 18, 18:05:48, CEST 2010
Kaixo:
Baldin eta euskarazko deklinabidean fonemen irizpidea erabiltzen bada (eta horregatik esaten dugu, adibidez, "edozein arkatzEKIN idatz dezakezu" baina "edozein mendiREKIN amets egin dezakezu), nik uste dut aztergai ipini zaizkigun kasuetan ere horrela jokatzea dela koherenteena.
"Bai, baina atzerriko izenak nola ahoskatu ez dakigunean, nola jokatu behar dugu?", da problema. Bai, baina problema hori operatiboa da. Zeren eta, "hauts magiko" batzuen poderioz jakingo bagenu nola ahoskatzen diren atzerriko izen guztiak, akabo problema: deklinabidearen irizpidea aplikatuko genuke.
"Hauts magikorik" ez dagoenez, nola jokatu, beraz? Orain arte ikusitakoaren arabera, idazkuntza-konbentzio batzuk ezarriz, amaierako letra(k) aintzat hartuko dituztenak. Horrela, dena delako atzerriko hizkuntza dakien norbaitek esango baligu "hitz hori, ahoskapen egokiaren arabera, kontsonantez/bokalez amaitzen da, eta zuk ez duzu ondo deklinatu", guk, babeski modura, gure konbentzioa kontrajarriko genioke eta "bai, baina munduko hizkuntza guztiak jakitea ezinezkoa denez, guk halako kasutan hala deklinatzea daukagu erabakita" esango genioke, eta lasai-lasai geldituko ginateke. Hori da, nolabait, bilatzen dena, ezta?
Horri ikusten dizkiodan korapiloak:
1.- Kasuismo handian erortzea:
"Halako eta halako letrekin bukatzean, halakotzat joko dugu", "halako edo harakoekin, beste halakotzat". Eta abar, eta abar. Baina arau batek nolabaiteko orokortasun/biribiltasun bokazioa dauka, eta kasuismoa, soil-soilik muga bateraino onartzen du. Hortik aurrera, arau hori ia-ia bete ezineko bihurtzen da. Horrela, ba, eta batez ere horretarako aukera izanda, saia gaitezen arau sinple eta errazak egiten, ez?
2.- Balizko akatsak saihestearren, akats ziurrak egitea.
Atzerriko toki-izen bat kontsonantez bukatzen dela ikusirik horren araberako deklinazioa ematen dion norbaitek duen arriskua da hanka sartzearena, errealitatean hizki hori bokal gisa ahoskatzen zelako, adibidez. Baina akats horrek agerian uzten duen gauza bakarra da testu-egileak ez zekiela hitz horren ahoskapen zuzena zein zen (espainieraz "un lander alemán" esatearen adibidearen antzera, nahiz eta ez den kasu bera). Balizko arrisku horren aurrean, jokabide egokiagoa al da akats ziur bat eginaraztea, arau bat egiteak dituen morrontzak tarteko, "Shakespeare-Ren" edo "Google-Ren" idaztera behartuz, jakinik, dakigun bezala, bi hitz horiek kontsonantea dutela azken fonema? (ez baitut uste hemendik aurrera aukerakoa izango denik euskaraz "r" hizkia ahoskatzea edo ez ahoskatzea, ezta?).
3.- Badirudi horrelako konbentzio bat adostuz halako lilura bat sortzen dugula, hitz horien ahoskapena ez jakiteak ekarritako problemak desagerraraztea lortzearena. Ezta pentsatu ere: testuak, irakurtzeko daude eginak. Eta, dela nork bere kolkorako irakurri behar duenean, dela, zer esanik ez, ozenki irakurri behar duenean, inork ez gaitu libratuko hitz bat nola ahoskatzen den nolabait jakin beharraren atakatik. Gogoratu, bestela, Islandiako ditxosozko sumendia.
Ataka hori hor egongo denez beti, nik ez nuke, gainetik, euskarazko deklinabidearen fonema-irizpideari bizkarra ematearen bidesaria ordainduko.
Ondo-ondo izan,
Xabier
-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com] En nombre de Elhuyar Fundazioa
Enviado el: lunes, 17 de mayo de 2010 12:10
Para: ItzuL
Asunto: Re: [itzul] W-arekin amaitutakoen deklinabidea
Kontu polita atera duzu.
Nola ahoskatzen den alde batera utzita deklinatzen dut nik uve bikoitza. Hau
da, W zer da, bokala ala kontsonantea? Kontsonantea, ezta? Beraz,
kontsonante moduan: Maslowen, Wroclawen, Naypyidawen (eta ez Maslown,
Wroclawn, Naypyidawn)
Y letraren kasuan, berriz, sistematikoki bokal moduan deklinatzen dut.
Badakit beharbada ez dela oso koherentea aurreko erabakiarekin, baina,
hitz-amaieran doala, bokal moduan baino ezin dut irudikatu y grekoa:
Adibideak: Annecy, Bobigny, Canterbury, Chambéry, Évry, Konakry, Grozny,
Guernesey, Jersey, Le Puy-en-Velay, Midway, Nancy, Port Moresby
Alde horretatik, ezinezkoa gertatzen zait, adibidez, <lehen aldiz jokatuko
du Super 12ko finala *Canterburyren* aurka> idatzi beharrean, <lehen aldiz
jokatuko du Super 12ko finala* Canterburyen *aurka> edo <New
*Jerseyk*NBAko historiako marka txarrena berdindu du> ez eta <New
*Jerseyek* NBAko historiako marka txarrena berdindu du> idaztea.
Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak
2010/5/17 Maialen Moreno <maialenmz a bildua yahoo.es>
> Zalantza hau sortu zait:
>
> W-arekin amaitzen diren hitzak kontsonantetzat edo bokaltzat hartu behar al
> dira?
> Adibidez, Maslow-en ala Maslow-ren esango al genuke?
>
> Eta y-rekin amaitzen direnak?
>
> Eskerrik asko.
>
>
>
>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago