[itzul] W-arekin amaitutakoen deklinabidea

Elhuyar Fundazioa elhuyar a bildua gmail.com
Ast, Maiatza 20, 09:37:06, CEST 2010


Behin baino gehiagotan aurkitu gara Euskaltzaindiaren arauei begira,
arauaren exegesia egin nahian edo egin beharrean. Zer dioen, zer ez
dioen, zer iradokitzen duen esaten ez badu ere, zer ulertu behar
genukeen... Neroni, behintzat, ataka horretan gertatu naiz ez
gutxitan. Kasu honetan, berriz, barrutik egin behar dut (zer esan
dugun, zer esan nahi genuen) Euskaltzaindiaren azken gomendioaren
exegesia (gomendioa, ez baita araua: 158 Kanpoko leku-izenak euskaraz
ahoskatzeko irizpideak. Euskaltzaindiaren gomendioa). Nik parte
hartzen dudan batzordean landu zen gaia, eta niri egokitu zitzaidan
gomendioaren testu hori idaztea eta osoko batzarrean aurkeztea
euskaltzain osoei. Horregatik diot barrutik egindako azalpena emango
dudala.

1- Gomendioa da, ez araua; osoko batzarrak onartua da, baina ez da
araua. Nahita jarri zaio gomendio hitza. Ahoskerari dagokionez, arau
bakarra eman du Euskaltzaindiak, eta garbi genuen exonomastikaren
ahoskera araupetzea ez dela Euskaltzaindiaren betebeharrik behinena.
Horregatik, irizpide eske edo bila dabilenarentzako lagungarri gisa
eman du gomendioa Euskaltzaindiak. Gomendioaren testuaren hasieran,
"Atarikoa" izeneko sarreran, ondo zedarrituta dago, nire ustez,
gomendioaren irispidea eta nondik norakoa.

Jonek idatzia da: <158. araua" eta ondoren "Euskaltzaindiaren
gomendioa" ere badio,

leundu nahiaren leundu nahian>. Baina ez dago ezer leuntzeko nahirik,
benetan. Euskaltzaindiak ez dauka gomendioak jartzeko txokorik
webgunean, eta hor jarri dute (Euskaltzaindiak arauak ematen ditu:
euskara batuan bete beharrekoak; gomendioak ematen ditu —oso gutxi—,
haiek ere osoko batzarrak onartuak, eta ez nahitaez bete beharrekoak;
eta irizpenak ematen ditu, beheragoko maila batean, batzordeen iritzia
adierazten dutenak eta osoko batzarretik pasatzen ez direnak).



2- Ahoskerari buruzko gomendioa bada ere, nahitaezkoa da idazkerarekin
topo egitea. Horregatik sartu zen horri buruzko atala 3. puntuan
(Deklinabidea eta ahoskera). Honela dio: <Kanpoko leku-izen baten
idazkera eta ahoskera bat ez datozenean eta izena deklinatu behar
denean, honela joka daiteke deklinabide-atzizkia eransteko orduan:
Idatzizkoan, idatzizkoari erreparatuta ezarriz deklinabide-atzizkia,
hau da, azken letra kontsonantea bada, kontsonantez amaitutako hitzak
bezala deklinatuz; azken letra bokala bada, bokalez amaitutako hitzak
bezala deklinatuz.>

2.1- Nahita eta jakinaren gainean sartu zen "joka daiteke" testuan,
eta ez "jokatzen da" edo "jokatu behar da". Eta hala behar du,
ahoskera-gomendio baten barneko albo-kontu gisa aipatzen baita.  Ez da
"molde baselinaztatua", (Jonen hitzetan jarria), ezer ezkutatu nahi ez
duen adierazpidea baizik. Nolabait esateko: ez badakizu nola jokatu,
hemen duzu irizpide bat, balio badizu (Euskaltzaindiak badaki agintera
erabiltzen: "erabil bedi" moldea ere agertzen da arau batzuetan,
pentsa). Puntu hori ez genuen sartu gomendioaren lehen idazketan,
baina, osoko batzarrean aurkeztu zenean, euskaltzain batek eskatu zuen
frantsesezko "e" mutuen ahoskera zehaztea, deklinabidea zela eta, eta
hortik tiraka iritsi ginen idatzizkora ("e" mutuen ahoskera esku
artean daukagun auziaren azpikasu bat besterik ez baita). Puntu hori
erantsi zen (beste zuzenketatxo batzuekin batera), hurrengo osoko
batzarrean aurkeztu, eta onartu egin zen.

2.2- Juanek dio: <garbi balego hala arautu dela...>. Arautu, ez da
ezer arautu; "gomendiatu" egin da, aholkatu egin da nola ahoskatu.
Nola idatzi, nola deklinatu, ez da arautu, ez aholkatu. Nola joka
daitekeen esan du Euskaltzaindiak. Eta aukera hori, gainera, nondik
norako nagusi gisa ulertu behar genuke, ez baitago kasuz kasu
zehaztua. Gure batzordean ez du inork inoiz <Bobigny> deklinatzeko
orduan <Bobignyeko> proposatu, ez aldeztu. Beraz, kasu hau ez da "Dura
lex, sed lex" katalogatzekoa. Gehiago da, nik uste, "Ea res facti, non
juris est" esatekoa (tori latinkada!): gure batzordean ohar hori
sartzea erabakitzea ez zen hutsetik atera. Datuak bagenituen, eta
ikusia genuen aukera hori zabal erabiltzen dela gaur egungo euskara
batuan. Hona hemen Googlek ("Google-ek" idatzi behar nuke Xabierren
irizpidea erabiliz gero) eman zizkigun datu batzuk (2009ko iraileko
datuak dira):

<Shakespeareren> edo <Shakespeare-ren>: 226 agerraldi

<Shakespeare-en> edo <Shakespeareen>: 12 agerraldi

Ereduzko prosa:

<Shakespeareren> edo <Shakespeare-ren> idatzi dutenak:

Bernardo Atxaga, Aurelia Arkotxa, Andu Lertxundi, Koldo Izagirre, Koro
Navarro, Jon Alonso, Juan Garzia, Joxe Azurmendi, Josu Zabaleta, Xabier
Olarra, Javi Cillero, Jose Mari Iturralde, Iņaki Mendiguren, Ander Irizar,
Xabier Montoia, Karlos Zabala, Oskar Arana, Markos Zapiain, Irene Aldasoro,
J.M. Olaizola *Txiliku*.

<Shakespeare-en> edo <Shakespeareen> idatzi dutenak:

Harkaitz Cano

Berrian, Elhuyarren, EHUko Euskara Zerbitzuan... Hezkuntza Sailaren
estilo-liburuan <Shakespeareren> moldean idazten da. Erabilera zabal hori
jaso genuen gomendioan, besterik gabe. Baina ez ginen kasu xeheak zehazten
hasi (amaierako Y, W, H...), ez baitzen hori gomendioren berezko gaia,
ahoskera baizik.
Alfontso

2010/5/19 Juan Garzia Garmendia <juangarzia a bildua gmail.com>

> Ados arauan, baina aplikazioan...
>
> Kasurik garbiena baino ez aipatzearren (letrei berezko
> kontsonate-bokal etiketa jartzearena alde batera utzita ere), non
> idatzita dago "Trinity" hitzean Y kontsonantea dela? Zer zentzu luke
> zentzugabekeria horretan oinarritutako arau batek: *Trinity-en* (NON
> zein NOREN)?
>
> (Hala ere, *dura sed lex*, garbi balego hala arautu dela,
> adostasunaren izenean, zapotzar hori ere irentsi beharko).
>
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago