[itzul] prolatiboa eta absolutiboa nahastea
Elhuyar Fundazioa
elhuyar a bildua gmail.com
Ast, Maiatza 27, 11:44:56, CEST 2010
Arrazoi du Juanek (ia beti bezala), eta hobe nuen nik gauzak xeheago,
eta hobeto, azaldu banitu. Izan ere,
'laguntzaile/bidelagun/aitzakia/hizpide... hartu' multzoan nahasian
sartu ditut denak, eta, denak zuzenak badira ere, ez dira denak
berdinak. Adibidez:
'Neska hura alabatzat hartu zuten'
perpausa zuzena da, baina haren sinonimoa ez da noski:
*'Neska hura alaba hartu zuten'.
Badirudi osagarri den izenaren tasun semantikoen arabera ebazten dela
esanahi-desberdintasuna. Kargu-izena, ogibide-izena, biziduna...
denean, badirudi esanahi-desberdintasuna markatuta ageri dela (alde
batera utzita prolatiboak duen esanahi-bitasuna: 'erregetzat hartu
zuten' zer da? 'errege zela pentsatu zuten' ala 'errege izateko hartu
zuten? Adibide hauetan , adibidez, garbi dago bigarren adiera duela:
Lardizabal: 'Siquemtarrak alako gizon galdu bat iguiñdu bearrean,
arte-pe batera bildu, eta Erregetzat artu zuten' / Larregi:
'Siximitarrek sinhetsi zuten Abimelech, eta hartu zuten bere
erregetzat'.).
Juanen adibidean garbi ikusten da desberdintasuna: 'lagun hartu'
batetik eta 'laguntzat hartu' bestetik. Baina izenak horrelako tasunik
ez duenean, badirudi prolatiboa zein absolutiboa sinonimoak direla:
aitzakia hartuta = aitzakiatzat hartuta, helburu hartu = helburutzat
hartu.
Egia da, bestalde, Juanek jarri duen adibidean ('Helburutzat hartu
zuen, baina ez zen helburu') oso ondo etortzen dela bereizketa, baina,
dirudienez, hizkuntza errealean ez da ñabardura hori (beti) egiten.
Gotzon Garatek bildua da hau, adibidez (OEHk dakar):
"Ori artu zuen elburutzat (G-azp), elburu ori artu zuen (G-azp)" Gte Erd 54.
Eta hor dugu, fosilduta, 'xede hartu' aditza ere.
Ñabardura gehiegi, beharbada. Hartu nire hau gogoeta xume
bukatugabetzat, eta ez uste sendotzat.
Alfontso
2010/5/27 Juan Garzia Garmendia <juangarzia a bildua gmail.com>
> Mezu (orobat interesgarri) hau irakurri aurretik bidali dut nirea.
>
> Uste dut erne ibili behar dugula bi predikatu mota bereizteko bi
> aukerak onartzen dituztenen artean:
>
> -aukera biak sinonimo diren predikatuak (hizkeraren araberakoak):
> "tamalgarri(tzat) jo", "gaizto(tzat) eduki"
>
> -aukera bakoitzak esanahi desberdina hartzen duen predikatuak: "lagun
> hartu" / "laguntzat hartu" // "aitasantutzat dutela" / "aitasantu
> dutela"...
>
> Eta kriskitin...
>
> 2010/5/26 Elhuyar Fundazioa <elhuyar a bildua gmail.com>:
> > Ereduzko Prosan badira adibideak:
>
> > Tankera horretakoak dira 'Norbaitek norbait/zerbait
> > laguntzaile/bidelagun/aitzakia/hizpide... hartu' gisakoak. Badirudi
> > prolatiboa har dezaketen 'hartu' eta 'ukan' aditzek har dezaketela
> > absolutiboa ere.
> >
> >
> > Alfontso Mujika
> >
> > Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak
> >
> >
> > 2010/5/26 Xabier Mendiguren <xmendiguren a bildua elkar.com>
> >
> >> -tzat kasuaren ordez, izena kasu absolutibo mugagabean erabiltzeko joera
> >> zabala dago.
> >>
> >> horrelakoak normal ikusten dira euskal testuetan:
> >>
> >> "ez-dakit-zer hartu zuen helburu"
> >>
> >> halakoetan, "izan zuen helburu" onartzen dut, "izan zuen helburutzat"
> >> orobat, eta "hartu zuen helburutzat" ere bai.
> >>
> >> baina "hartu zuen helburu" horri itxura txarra hartzen diot.
> >>
> >> inork argibide ziurrik balu, eskertuko nioke.
> >>
> >> x.
> >>
> >>
> >>
> >
>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago