[itzul] Erlatibozkoetan azentu marka erabiltzeaz

karlos del_olmo karlos_del_olmo a bildua donostia.org
Ost, Ots 16, 14:01:22, CET 2011


Mezuak zerrendara ezin bidalita dabilen kide batek eskatuta bidaltzen dut
honako mezu hau, haren ustez eztabaidan argigarri gerta daitekeelakoan:


Miel Anjel Elustondok Le Clèzioren Basamortua elaberriaren itzultzaileari
Argiarako egindako elkarrizketaren pasarte batean menpeko esaldietako
tildearen erabileraz galdetzen da.  Hona gai horretaz itzultzaileak esateko
duena:



"Zergatik erabaki duzu erlatibozko esaldietako aditz laguntzailearen
gainean azentua ezartzea?

Irakurketa  errazteko. Menpeko esaldiak pilatzen direnean, perpausen segida
sobera  luzatzen denean edo perpaus bat, laburra izanagatik, anbiguoa gerta
daitekeenean,  komeni  da  makulu grafiko bat izatea jakiteko nola irakurri
esaldia.  Edozein hizkuntza seriok hala egiten du: ulergarritasun arazo bat
formula  ortotipografiko  baten  bidez konpontzeko modua badago, adosten da
formula  hori,  aplikatzen  da, eta fini arazoa. Horren adibideak palatraka
ekar  nitzake hona baina ez zaitut aspertuko kontu horiekin. Euskaraz aditz
laguntzaileak  anbiguetate  arazoak  sor  ditzake  zenbait  testuingurutan,
esaterako  iraganaldiko menpeko esaldietan. Har dezagun adibide sinple bat:
“lanean  ari  ziren  gizonak”.  Perpaus horrek bi adiera izan ditzake: ‘les
hommes  travaillaient  /  the  men  were  working’,  eta  ‘les  hommes  qui
travaillaient  /  the men that were working’. Esango du batek testuinguruak
argitzen  duela  kasuan kasuko esanahia, eta hala da, baina jakiteko esaldi
horretako  gizon  horiek  menpeko  esaldi  batean dauden ala ez esaldi osoa
irakurri  behar  da,  eta behin irakurri ondoan berriz esaldiaren hasierara
itzuli  testuari  esanahi zuzena emateko (baldin lehen irakurrian okerrekoa
eman  badiogu)  edo  berresteko  (baldin  intuitiboki  adiera  zuzena  eman
badiogu).  Kiribila  esaten  diote  ikerlari batzuek txiribuelta gogaikarri
horri,  eta fenomeno bataiatua izateak berak erakusten du ez dela asmakeria
bat,  dagoeneko  ohartua  eta  sailkatua  dagoen arazo objektibo bat baino.
Tildea  erabili  ezkero, ordea, irakurri ahala argitzen da esanahia, eta ez
dago  perpausera  berriz  itzuli beharrik gure irakurketa doitzeko: ‘lanean
ari  ziren  gizonak”  =  ‘les hommes travaillaient / the men were working’;
‘lanean  ari  zirèn gizonak’ = ‘les hommes qui travaillaient / the men that
were  working’.  Menpeko  esaldietako  laguntzailea  zenbait kasutan tildez
markatuz egiten duguna da beste edozein hizkuntzak bere hiztunei irakurketa
errazteko  egiten  duen  gauza berbera (pentsa bakarrik nolako jokoa ematen
duen  tildearen  erabilera inteligenteak gaztelaniazko hitz segida honetan:
‘esta/èsta/está’.  Hiru  posizio, hiru adiera eta zero anbiguotasun). Baina
badirudi  euskaraz  beste hizkuntzetan baino herabeago garela soluzio erraz
eta praktikoak hartzeko. Hainbat gaizto guretzat. Esaldi bat oker ulertzeko
arriskua badago, obligazioa dago arrisku hori minimizatzeko eta horretarako
behar  diren  tresna guztiak erabiltzeko. Hala ez egitea suizidioa da. Hori
guztia  esan  ondoren,  halere,  argi dezadan bakoitza libre dela nahi duen
bezala  jokatzeko  eta  nik  neuk,  aukeran,  ez  nituzkeela menpeko esaldi
guztietako  erlatiboak  tildez  markatuko,  bakarrik  ulergarritasun  arazo
nabarmena  duten  kasuak.  Baina  koherentziaren amoreagatik liburu honetan
erabaki zen denetan jartzea eta, okerrak salbu, hala atera da.




Karlos del Olmo
karlos_del_olmo a bildua donostia.org
943483474


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago