[itzul] Erlatibozkoetan azentu marka erabiltzeaz

Beñat Sarasola Santamaría benatsarasola a bildua gmail.com
Or, Ots 18, 10:33:16, CET 2011


Ez dakit zer gertatu den ez dudala mezua ondo bidaltzerik izan. Honakoa
idatzi nuen duela pare bat egun.


Mila esker zuen iruzkinengatik.

Luis Berrizbeitiak Karlosek ekarritako elkarrizketan esaten zuenez,
anbiguotasun arrazoiak medio da makulua erabiltzearen aldeko (nahiz eta gero
kasu guztietan erabili). Velcro efektuak ere zenbait kasu anbiguo adierazten
ditu, ondo ulertu badut. Baina Joxe Agustin Arrietak erlatibozko esaldi
luzeen ulermena erraztearena aipatu berri du Sautrelan egin dioten
elkarrizketan. Hemen duzue:
http://www.eitb.com/bideoak/kultura/literatura/osoa/594105/sautrela-joxe-austion-arrieta-elkarrizketa/.
Nik bide horretatik jo nahiko nuke.

Izan ere, bi arazo ikusten dizkiot nagusiki: markarekin ere izen sintagmako
gunea urruti geratzen dela, eta beraz, esaldia zehaztu gabe geratzen
jarraitzen duela bukaera arte, esanahia airean egongo balitz bezala. Egia da
markak aurrez aditzera ematen digula erlatibozko batean gaudela, eta beraz,
adi egon behar garela amaierako izen nagusira iritsi arte. Alde horretatik,
baiki, abantaila bat da.

Bestetik, esango nuke marka honen erabilera euskal irakurlegoaren minoria
baten minoriak ezagutzen duela bakarrik, eta hala, erabilgarritasuna ere
galdu egiten dela nolabait. Neronek duela gutxi arte ez nekien makulua
existitzen zenik ere. Markak adierazten duena ezagutu ezean bere funtzioa
galtzen du (erlatibozko esaldi batean zaudela eta aurrerago datorrela
muina). Bestetik, nekez antzemango du irakurleak bere kabuz zein den marken
funtzioa.

Edonola ere, egia da Karlosek aipatu bezala, kasuan kasu begiratzea izango
dela onena, eta hala, norberak erabakitzea. Markarik gabeko itzulpenarekin
erkatu eta erabakitzea, Juanek iradoki duen bezala. Hala ere, ez dakit ez
ote den *ad hoc* soluzio moduko bat hori, hots, testu "berezi" batzuentzat
bakarrik erabiltzen den salbuespenezko makulua. Ez dakit beste hizkuntzatan
ortografia arau bereziak erabiltzen diren testu berezi batzuetan. Nik
dakidala ez. Jakina, orain jende guztia erlatibozkoetan markak erabiltzen
hastea ez dirudi oso zentzuzkoa ere.


Tira, ikusten duzuenez, zalantza ugari eta erantzun gutxi.


Eskerrik asko berriz ere.


beñat



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago