[itzul] % ikurra zenbakiaren aurrean nola jarri
Elhuyar Fundazioa
elhuyar a bildua gmail.com
Ost, Mar 9, 16:08:06, CET 2011
Ulertzen dut eragozpena, egia da. Baina hori ezin da argudiotzat erabili (ez
litzateke erabili behar, hobeto esanda) "%" sinboloaren eta zenbakiaren
artean zuriunerik ez jartzeko. Bestela, argudio bera erabilita, unitateen
sinboloak ere zenbakiari lotuta idaztea hobetsi behar genuke. Adibidez:
"hiru ampere" eta "bost metro", "3A" eta "5m", hurrenez hurren, idatzi behar
genuke, lerro-amaieran arazorik ez izateko, ezta? Hau da, halakorik ez
gertatzeko:
xxxxxxx 3
A-ko intentsitatea
xxxxxxx 5
m-ko zabalera
Miren Ibarluzeak eman du horretarako konponbidea (baina egia da, aitor
dezagun, ez dela oso erosoa).
Kontua da zuriunea jartzearena ez dela apeta hutsa, badela arrazoi "serio"
bat. Nazioarteko arauek (ISO 31, ISO 80000 edo IEC 80000) esaten dute
zuriunea utzi behar dela sinboloaren eta zenbakiaren artean. Eta nazioarteko
arauek salbuespen bakarra ematen dute: angelu lauaren unitateen ikurrak
-graduak (°), minutuak (') eta segundoak (")- zenbakiari lotuta idazten
dira: 30° (30 gradu), 43' (43 minutu) 35" (35 segundo). Horiek dira
zuriunerik utzi gabe idazten diren unitate-sinbolo bakarrak. Beste hainbeste
zeinu matematikoekin. Adibidez, "5 + 7 = 12" idatzi behar da, eta ez
"5+7=12".
Arau horiek nazioarteko hitzarmenak dira, eta hizkuntza guztietarako balio
dute. Alegia, ez dira hizkuntza-akademien langaia edo erabakigaia.
Hala ere, euskaraz arazo bat badugu (bakarra balitz, gaitzerdi):
Euskaltzaindiak, arau espliziturik eman ez badu ere, 1985ean argitaratutako
"Euskal Gramatika Lehen Urratsak" lanean ("3.2.1.11 Frakzioak" izeneko
atalean), honela dio:
"... portzentaien kasuan: % 5 ——— 'ehuneko bost' (irakurriko da)"
Eta Euskaltzaindiak 1993an argitaratutako *Euskal Gramatika Laburra: Perpaus
Bakuna* lanean, 4.2.1 zenbatzaile zehaztuak izeneko atalean, honela dio:
"... Portzentaiak honela: %5 (ehuneko bost)"
Hau da, batean '%' ikurraren eta zenbakiaren artean zuriunea dago (% 5), eta
bestean ez (%5). Geroztik, nik dakidala, Euskaltzaindiak ez du ezer esan
horri buruz. Eta, beharbada, esan beharrik ere ez luke, lehenago esan
bezala, horrelako hitzarmenak nazioartekoak izaten direlako. Baina kontua da
gaur egungo euskal testuetan denetatik ikusten dela.
'%' ikurraren erabilera guztiz onarturik dago nazioartean 0,01 zenbakia
adierazteko eta proportzioak adierazteko). Ikurra den aldetik, kalifikatzen
duen zenbakiaren ondoren idatzi ohi da erdara nagusietan (erdara horietan,
esan ere ordena horretan esaten da):
25 % (25 por ciento; 25 pour cent; 25 percent)
Euskaraz, ordea, alderantzizko ordenan esaten da:
% 25 (ehuneko hogeita bost)
Hori dela eta, ulertzekoa da ikurra aurretik jartzea. Hala ere, orain dela
gutxi arte behintzat, zenbait euskal zientzialarik nazioarteko moldea
erabiltzen zuten. Izan ere, unitateekin ere arazo hori badugu 1 zenbakia
erabiltzen denean, baina horretan badago adostasuna:
10 A (hamar ampere) eta 1 m (nahiz eta 'ampere bat' esan) idazten dugu.
Dena den, ikurra zenbakiaren aurretik idatzita ageri da Euskaltzaindiaren
lanetan ,eta, gaur egun, horrela ageri da euskarazko testu
gehien-gehienetan. Auzia, hortaz, ez dago hor: ikurraren eta zenbakiaren
artean zuriunea jartzea edo ez jartzea da auzia, edo, hobeto esanda, batzuei
ez zaie gustatzen edo ez zaie eroso gertatzen zuriune hori. Baina, esan
bezala, nazioarteko hitzarmenek diote zuriunea jarri behar dela.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren
eskola-materialetarakoestilo-liburuak esplizituki dioehunekoaren eta
zenbakiaren artean zuriunea utzi beharra dagoela. Eta EHUren
Euskara Zerbitzuak ere hori aplikatzen du EHUk argitaratzen dituen
testuetan.
Dena den, hezkuntzaren eremutik kanpora ari direnek esan dezakete gomendio
hori ez dagokiela berei, eta ez dutela bete behar. Eta erdara nagusietan ere
ez dela zuriunea erabiltzen. Nahi dutena esan dezakete, baina jakin beharra
dago erdara nagusietan ere zuriunea betetzeko gomendioa ematen dutela
erakundeek. Adibidez, ingelesez, Estatu Batuetako Merkataritza
Departamentuaren NIST (National Institute of Standards and Technology)
erakundeak *Guide for the Use of the International System of Units
(SI) *gidaliburuan, %
ikurrari buruz ari dela, honela dio:
"... When it is used, a space is left between the symbol % and the number by
which it is multiplied... *Example: *
*xB *= 0.0025 = 0.25 % *but not* *xB* = 0.0025 = 0.25%".
Bestalde, inork uste badu gaztelaniaz ez dela zuriunerik utzi behar (hala
ikusten baita, gehienbat, gaztelaniazko testuetan), jakin beharra dago
"Ortografia de la lengua española" obra argitaratu berrian (gaztelaniaren
akademia guztiek egina), berariaz aipatzen dela zuriunea utzi beharra.
Honela (4.4 atala, 590. or.):
<<<<<<<<<<<<<<<<<<
(...) f) Los símbolos deben escribirse pospuestos a la cifra que los
cuantifica y separados de ella por un espacio: 33 dB, 125 m2, 4H, 20 %.
(...)
Información adicional: Aunque el simbolo % (que se lee "por ciento" en
español) se ve frecuentemente escrito sin separación de la cifra que lo
precede, la norma establecida por la Oficina Internacional de Pesos y
Medidas determina que se escriba precedido de un espacio. Para evitar que la
separación resulte excesiva, puede utilizarse un espacio fino.
>>>>>>>>>>>>>>>>>>
(honaino iritsi bazara, barka mezuaren luzea)
Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak
**
2011/3/9 <vegiluz a bildua ej-gv.es>
> Eta gainera, banatuta idazten bada eta lerro bukaeran badago, lerro
> desberdinetan banatuta agertzeko arriskua dago:
>
> Xxxxxxxxxx %
> 10 xxxxxxxxx ????
>
> Horrek lagundu beharrean, nahasgarria suerta daiteke. Eta begi-bistan oso
> itxura txarrekoa da.
>
>
>
>
> Veronica
>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago