[itzul] Ética de máximos / Ética de mínimos

Juan Garzia Garmendia juangarzia a bildua gmail.com
Ast, Mar 10, 15:37:39, CET 2011


Bai, Fernando, semantikan dugu eztabaida; alegia, nola irudikatzen
den/dugun esanahia atzizkiaren azpian. Aitortu dut ni ere neure
interpretazioa egiten ari naizela, etikalari profesionala izan gabe.

Gramatikaz, hala ere, argitu beharra dago kontua. Plural gramatikala,
euskaraz, mugatua da: mugagabea ez da ez plurala eta ez singularra.
Alegia, "hiru/zenbait etxe" ez da plural gramatikala, semantikoa
baizik. Plural gramatikala "etxeak" zein"hiru etxeak" da, hots,
ezinbestean mugatua (gaztelaniaz-eta ez bezala: los niños / niños).

Gero, plural horretan, TESTUINGURU JAKIN BATZUETAN, ohikoa da galtzea
artikuluaren berezko adiera ( -ak = las ):

etxe politak dira
etxeak egin dituzte (baina "hor egin dituzte etxeAK")

Hori, ordea, absolutiboan izaten da, eta (aurreko parentesia lekuko)
galdegai diren zenbait sintagmatan.

Hortik kanpo, mugatuari dagokion intrepretazio semantikoa egiten da
ezinbestean pluraletan (oraintsu arteko euskaran bederen):

"mendiez inguratua" ez da "mendiz inguratua": mendi espezifiko batzuk
ulertzen baitira pluarlarekin, mugagabearekin ez bezala.

-Z atzizkiaren berezitasuna da zenbatzailerik gabeko mugagabea
onartzea, ez baita halako aukerarik, oro har, beste kasuetan:

"ikasleen lanak" / "*ikasleren lanak"

Halakoetan, beraz, zenbatzaile zehaztugaberen bat behar da
erreferentea mugatua (espezifikoa) ez dela adierazteko:

"zenbait ikasleren lanak", "ikasle(ren) batzuen lanak"...

Beraz, HALAKO TESTUINGURUETAN plurala erabiltzen bada, mugatua da
ezinbestean interpretazioa (besterik da, BESTE TESTUINGURU BATZUETAN
plural mugatu horren erreferentzia, espezifikotzat hartu beharrean,
generikotzat hartzea).

Alegia, "Barakaldoko biztanleek" ezin liteke ulertu "vecinos de
Barakaldo"ren baliokidetzat. Horretan ados ez bagaude, ez du merezi
aurrera segitzea.

Badakit handikap handia duela nire azalpenak, "espezifiko" eta
gisakoak aipatuz eta, batez ere (vade retro) erdara ere baliatuz
berizkuntzak argitzeko, baina, sinetsi, ez naiz ezer asmatzen ari:
hizkuntzan bertan dago kontua.

Lehendik ere izan dugu halakoren bat eztabaidagai ("haritz gorrien
basoa" / "Haritz gorri(zko) basoa"), eta esango nuke nik aldezten
dudanaren jarrera alternatiboa zera dela: "bale, badakigu pluralak
hori esan nahi duela, baina zergatik ez diot emango nik nahi dudan
esanahia nahi dudanean?", edo "Zuk diozun testuinguruan egokia bada
plurala zentzu mugagaberako, zergatik ez beti?".

Zergatik? Bada, haatik, hots: hizkuntzari galdetu, ez niri.

Gaizki esanak barkatu.


2011/3/10 Rey Escalera, Fernando (Itzultzailea:NAO/BON)
<fernando.rey.escalera a bildua cfnavarra.es>:
> Kasu honetan, behin behin, ez diot nik problemarik ikusten horri. Erdarak "de" hori esaten badu ere, eta ez "de LOS", esanahi bera du, nik uste.
> Azken batean, semantikoki, gauza bera da, ezta? Nik plurala ikusten dut hor.
> Etikan minimo izan behar luketen elementuen multzoa da, minimoen etika. "la etica que recoge, no unos cuantos mínimos, sino LOS mínimos", hots, minimoak biltzen dituen etika da, ustez.
> Oker egon naiteke, noski. Eta ez zait batere kostatzen amore eman eta arrazoia ematea (puntuazioaren ikastaroan, halaxe egin behar izan nuen :-).
> Fernando
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago