[itzul] BAT artikulu indeterminatuaren aldeko galderak

Elhuyar Fundazioa elhuyar a bildua gmail.com
Ost, Ots 15, 13:13:22, CET 2012


Koldo Bigurik ekarri duen gaia dagoeneko jakinarazia diet wikilariei.
Euskarazko wikipedian (ala Wikipedian?) buru-belarri sartuta ibiltzea
egokitu zitzaidan duela hilabete batzuk, lan bat zela eta; jakina
izanagatik, behin eta berriro ematen zidaten atentzioa horrelako
artikulu-hasierek.

Nire ustez, dena den,  ZERA dagoen tokian ZER BAT idaztea ez da konponbide
estilistikoki txukunena edo egokiena (beti ere, artikulu entziklopedikoen
estiloari buruz ari garela; alegia, arlo espezifiko horri buruz ari garela).

Non dago arazoa? Koldok ekarri dituen adibideak harturik, nire ustez garbi
dago zein diren arazoak:
Lehena, definigaia definizioaren subjektu esplizitua izatea; bigarrena,
adizkia agertzea (<da>):
     - <Ataun... dagoen herria>
     - <Ruper Ordorika abeslari gipuzkoarra da>
Garbi dago, halaber, erlatiboak edo izenlagunak agertuz gero askoz
nabarmenago agertzen dela arazoa. Alegia, <Ataun Goierriko eskualdean
dagoen herria da> edo <Ataun Goierriko eskualdeko herria da> esaldia
traketsago gertatzen zait, <Kirmen Uribe euskal idazlea da> esaldia baino.

Bestalde, Karlosek aipatu dituen adibideak, bere horretan egokiak izanik
ere, ez dut uste Koldok aipatu dituen adibideetara besterik gabe
aplikatzekoak direnik:

<Ataun Gipuzkoako hego-ekialdeko izkinan eta Goierriko eskualdean dagoen
herri da> ??
<Ruper Ordorika abeslari gipuzkoar da> ??

Eta, bestalde, ez dut uste hori proposatzen duenik Karlosek.

Nire ustez, lexikografian erabiltzen diren irizpideak aplika litezke
entziklopediagintzan ere (azken batean, hiztegigintza eta
entziklopediagintza ez dira hain urrutiko ahaideak ere).
Batetik, definizioan definigaia ez sartzea; bestetik, adizkia ez erabiltzea.

Wikipedian, sarrera nabarmen agertzen da artikuluaren hasieran. Horregatik,
ez da beharrezkoa berriro errepikatzea. Hiztegietan bezala: sarrera letra
lodiz nabarmenduta  ageri da, nabarmen. Gero, puntuz bereizita edo lerroz
aldatuta edo tarte berezi batez edo bereizteko antzeko prozedura batez,
definizioa.
Bestalde, amaierako aditza ere sobran dago. Adibidez, hiztegietan honela
jokatu ohi da:

<*fresa*. Fresatzeko makinetan biraka lan egiten duen hortz anitzeko
erreminta>

eta ez honela:

<*fresa*. Fresa fresatzeko makinetan biraka lan egiten duen hortz anitzeko
erreminta da>.

Eredu horretara biltzea iruditzen zait zuhurrena (beste moldaketa txikiago
batzuk ere egin ditut, bide batez):

<*Ataun*. Gipuzkoako hego-ekialdeko herria, Goierri eskualdekoa.>
<*Ruper Ordorika*. Gipuzkoar abeslaria (Oņati, Gipuzkoa, 1956).>
<*Kirmen Uribe*. Euskal idazlea (Ondarroa, Bizkaia, 1970eko urriaren 5a).>
<*Carlos Garaikoetxea Urriza*. Euskal politikaria eta abokatua
(Iruņea, 1938 ekainaren 2a).>

Hala, definigaia aparte utzita eta <da> adizkia kenduta, uste dut beste
plano batean ulertzen dugula definizioa.

Amaitu baino lehen, ohar bat: euskal wikilarien lana miresgarria iruditzen
zait, hainbat miresgarriagoa euskarazko Wikipedian zenbat eta sakonago
murgildu. Beraz, oraingo hau kritika teknikoa baino ez da. "Debalde festa
(entziklopedia) preparatzen" diguten wikilari saiatu eta prestuak ez ahal
zaizkigu haserretuko!

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak
------------------------------------------------------

2012/2/15 karlos del_olmo <karlos_del_olmo a bildua donostia.org>

>
> Kontua da  horrelakoak adierazteko beste aukera bat ere badela euskaraz,
> egun batzuek ahaztuago duguna --atributua, behintzat, adjektiboa lagun ez
> doanetan-- (eta barka ezazue bilaketa gizon berbaz egin izana) :
>
>  _Baņo ezta aztu bear baita ere gizon dala_. Inza _Azalp_ 51
>  _Siņistu ta aitortu dezagun, Jesukristo gure Jauna, Jaungoikoaren Semea,
> Jaungoiko ta gizon dala_. Inza _Azalp_ 51.
> _ bi aldiz gizon dala berari deritza_. Or _Eus
>
>
>
>
> Karlos del Olmo
> karlos_del_olmo a bildua donostia.org
> 943483474
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago