[itzul] Jentilizioak, izenarekin baldin badoaz, ezkerrean jartzearen arau orokorra

Xabier Armendaritz (Aixe, S. L.) aixe a bildua ctv.es
Ast, Ots 16, 15:24:19, CET 2012


Xabier Aristigietak dio:

 > nik ez diot hain egoki irizten, jentilizio horiek izenaren
 > eskuinaldean ere joan baitaitezke

Uste dut ez duzula ondo irakurri irizpide hori. Izan ere, hor jartzen du 
batzuetan ESKUINEAN joan behar duela jentilizioak, nahi eta nahi ez. 
Hona hemen euskal Wikipediarako proposatu nuen eta wikilarien 
adostasunez onartu zen irizpidea:

         «Arau orokor gisa, izenaren ezkerrean jarriko dugu jentilizioa: 
frantses haizea, ingeles jendea, nafar idazlea, Dominikar Errepublika, 
eta abar.

         Salbuespen gisa, eskuinean jarriko dugu bi kasu hauetan:

            - Pertsona izenen ondoan: Pedro azpeitiarra, Gorvatxov 
errusiarra, Jordaens flandestarra, Maritxu sunbildarra.
            - Izenak ezkerrean osagarri askotxo duenean: makina bat 
margolan eder egin duen Donostiara ezkondutako pintore estatubatuarra.»

https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikipedia:Bozketak/Jentilizioen_ordena


Irizpide hori oso-oso egoitzat jotzeko ditudan arrazoiak asko dira:

«"frantses hizlaria" bezalakoak oso hedatuak izan dira literatur 
tradizioan bai ekialdean bai mendebalean. Mitxelenak ere sistematikoki 
izenaren aurrean jartzen ditu halakoak. "Estatu frantziarra" eta tankera 
honetako esaldiak batez ere komunikabideen joeragatik zabaldu dira azken 
urteotan.»

Euskaltzaindia: Euskal gramatika laburra: perpaus bakuna, 155. orrialdea


«Tradizioan ia salbuespenik gabe "frantziar idazlea" motako joskerak 
agertzen dira, eta G. Garatek […] artikulu batean zioenez, joskera hori 
da baserri euskaran egiten dena. Bat nator izenaren aurreko aldea oso 
kargatua datorrenean -(t)ar hauek atzealdean izenondo gisa ematea komeni 
dela. Baina salbuespena erregela bihurtzea, sistematikoki "pintore 
estatubatuarra" eta "idazle txinatarra" idatziz, betiko euskara 
errealaren kontra premiarik gabe aritzea besterik ez dela iruditzen zait.»

Ibon Sarasola: Euskara batuaren ajeak, 88-89. orrialdeak


«[...] literatura-tradizioa nabarmenki makurtzen da (5a) egituraren alde.

(5) a. bizkaitar idazleak (tradizioaren araberakoa)
b. idazle bizkaitarrak

Beraz, aukeran, tradizioaren alde jokatu behar genuke, (5a) egitura 
bultzatuaz alegia. Hala ere, gomendio hori malgutasunez aplikatu behar 
genuke; izan ere, izenaren aurreko aldea oso kargatua datorrenean -(t)ar 
hauek atzealdean izenondo gisa ematea komeni da: hau da, beheko 
adibideen modukoetan eta salbuespen gisa, (5b) bultza genezake, baina, 
betiere, salbuespena erregela bihurtu gabe eta sistematikoki "idazle 
estatubatuarra" egiturara lerratu gabe.

(6) a. joan den mendeko gipuzkerazko bizkaitar idazleak
b. joan den mendeko gipuzkerazko idazle bizkaitarrak.»

Xabier Alberdi Larizgoitia eta Ibon Sarasola Errazkin: Euskal estilo 
libururantz, 237-238. orrialdeak


«Literatura-tradizioaren azterketak berretsi egiten du "bizkaitar 
idazleak" egituraren nagusitasuna, eta orobat "idazle bizkaitarrak" 
egituraren tradizio urria.»

Xabier Alberdi Larizgoitia: «-tar atzizkia: oraingo zenbait erabilera 
berri eta tradizioa»


Ondo izan,

Xabier

___________

Xabier Armendaritz
AIXE itzulpen eta zerbitzuak
Biltzar Nagusiak, 11, behea
01010 GASTEIZ

Tel.: (+34) 945 174 476
<aixe a bildua ctv.es>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago