[itzul] Acrecimiento

Xabier Aristegieta allurritza a bildua gmail.com
Ast, Eka 21, 19:12:47, CEST 2012


Atsekabegarria iruditzen zait euskarazko testuen ulergarritasuna samurtu
beharrean, hura aldapagoratu egiten duen aukera baten alde erabakitzea.

Hatxea kenduz, aditza zeharo itxuragabetzen da:

"Ezazkunde" dezente ilunagoa da "ezhazkunde" edo "ez-hazkunde" baino.

Oraindik ilunago "ezazi", "ezhazi" baino. Zer esanik ez, aditzari atzizkiak
jartzen hasiz gero: "ekonomia ezaztea"?

Zer lehentasun gailentzen zaio, batzuen iritziz, ulergarritasunari?
"Zuzentasuna"?

Hiztegi Batuari begirada bat botata, niri iruditzen zait Euskaltzaindiak ez
duela batere irizpide argirik hitz-eraketaren alderdi fonetiko-ortografiko
honi buruz.

Zeren eta, Hiztegi Batuan,
"deshidratatu" eta "deshidratazio" agertzen baitira. Ez
"desidratatu/desidratazio" (hau begiko mina!).
"ezbehar", "ezbide", "ezberdin", "ezdeus" eta abar agertzen baitira. Ez
"ezpehar", "ezpide", "ezperdin", "ezteus" eta abar.
"ezgai", "ezgaitasun", "ezgauza"... eta ez "ezkai", "ezkaitasun",
"ezkauza"...
Hatxea kendu "behar" hori, beraz, nondik letorke? Inork argudio sendorik
bai?

Eta, hitz-eraketaz ari garela, deigarria gertatzen zait Hiztegi Batuan
Euskaltzaindiak zenbait kasutan osagairen bateko letrak ere ezabatzerainoko
bategite-irrika agertzea ("ezilkor" hitzaren adibidea), eta beste kasu
batzuetan, ordea, baita lexikalizazio kasu aski nabarmenetan ere,
Euskaltzaindiak ez onartzea bi hitz batera idaztea ere (are gutxiago,
letrak kentzea). Adibidez, "diru laguntza", "diru sarrera", "kalte ordain",
"kontu hartzaile".

Eta, aldaketa fonetikoen beste kasu nire ustez eztabaidagarri bat
aipatzearren, sekula ez dut ulertu zergatik "merke" adjektiboari "merkatu"
aditz nahasgarri hori dagokion, eta "heze" edo "mehe"ri, ordea, "hezetu"
edo "mehetu".

Arau argi eta garbi bat ez dagoen guztietan, ni behintzat
ulergarritasunaren alde. Nire botoa, Jon Altza, "ezhazkunde"ren alde.

Xabier
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20120621/0aa4d9bb/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago