[itzul] BEZ
BECERRA ITURGAITZ, Juan Mari
jmbecerra a bildua gipuzkoa.net
Ast, Mar 15, 08:56:47, CET 2012
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Departamentuan erabiltzen dugun irizpidearen berri ematera natorkizue:
1.- Deformazio profesionalak eraginda-edo, egunero ari baikara Ogasun Departamentuan zergak gora eta zergak behera, zaila egiten zaigu oso zergen izen espezifikoak letra txikiz idaztea.
2.- Modu generikoan aipatzen direnean, argi dago letra xehea dela erabili beharrekoa ("Eusko Jaurlaritzak zergak igotzea erabaki du" adibidean bezala). Beste kontu bat da dena delako testuinguruan zerga jakin eta espezifiko bat aipatzen denean ("Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga aitortzeko kanpaina"). Horrelakoetan, ez dugu dudarik egiten, eta zergaren hasierako letrak maiuskulaz idazten ditugu.
3.- Bai Fundeuren gomendioan eta bai EIMAren estilo liburuan esaten da "zerga" terminoa izen arrunta denez, letra txikiz idatzi behar dela. Horraino, ados. Alabaina, zer gertatzen da aipamen generiko batetik aipamen espezifiko batera pasatzen denean? "Ondare Eskualdaketen gaineko Zerga" idazten badugu, ez al gara zerga jakin bat "bereziki" aipatzen ari? Ez al dugu izen "arrunt" zena izen "berezi" bihurtu?
4.- Antzeko zerbait gertatzen da euskaraz "udal" hitzarekin. Zentzu generikoa duenean minuskulaz idazten dugu termino hori ("Gipuzkoako udalak"), baina, aldi berean, "Donostiako Udala" ere idazten dugu propio udal horri buruz ari garenean. Zergen kontuan, egoera antzekoa izango litzateke. Eta seguru badirela adibide gehiago.
5.- Azkenik, egungo erabilerak argi erakusten du zergak maiuskulaz idazteko joera nagusitzen dela 5 boletin ofizialetan (bada salbuespenik, hala ere), eta seguraski hori gertatzen da, Patxik ongi dioen bezala, legeekin-edo identifikatzen ditugulako. Hala izan edo ez, iruditzen zaigu erabilerari ere kasu egin behar zaiola EIMAk edo Fundeuk besterik esan arren.
Juan Mari Becerra
Gipuzkoako Foru Aldundia
Ogasun Departamentuko itzultzailea
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago