[itzul] -eta(ri)ko bat

Bittor Hidalgo bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
Or, Aza 23, 14:12:03, CET 2012


GALDUTA ZEBILEN MEZUA ORAIN ASTE PARE BATEKOA EDO

 

Egunon hiri ere.

 

Bazekiat leku askotan esan ohi dala horrela moduz, jatorrizkoan aipatzen zen
bezela, besteak beste EIMAren Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta
argibideak (P. Petrirena, 2011) liburuan, eta agian izan dezue arrazoia. Nik
zoritxarrez nerez diat joera beti lehenik heterodoxo xamar pentsatzeko
baezpare, eta ez beste gabe sinistekoa besteek esana (nahiz bai kontuan
hartu). Eta kontu honi dagokionean, zeharretik baino begiratu ez bazioat
ere, jarri zioat arreta pixkaren bat ‘erlatiboekin’ zerikusi duen neurrian,
eta badiat halako ‘corpus’ bat bildua ere.

 

Eta egia dek ‘corpusean’ askogatik ageri dela nagusi erlatibozko aditzaren
komunztadura plurala (hau da erlatiboaren lehen ardatz beti pluralarekin
–edota bigarren ardatzarekin ere, hau plurala den kasuetan), baina ez dituk
gure literaturan batere falta komunztadura singularrak ere (nahiz lehen
ardatza beti plurala izan), bigarren ardatza singularra bada (ez noski hau
plurala bada). [Beti, noski, erlatiboaren ardatza aditzean komunztatu ohi
den NOR / NOR / NORI kasuetako batean lihoakeenean erlatiboaren barreneko
‘izen ardatz isildua edo’.]

 

Eta kasuan ere ez zaidak iruditzen bi formetako bat aukeratu beharrean
gaudenik, edota hobetsi beharrean. Bakoitzak erreferentzia eta ‘ñabardura’
desberdinak adierazten dituelako (aberastasuna), esanahi orokor berdintsu
baten barne. Horregatik dituk ‘beti’ biak onak, nahiz biak desberdin.

 

Egia esan, bilduta ditudan adibide erlatibo gehienak bigarren ardatz
agerikorik gabekoak dituk, baina kontua berdintsua dek (uste diat).

 

Tradizioan, salbu erdialdeko (Gipuzkoako) autoreetan, gutxi ageri dek
(inoizka iparraldean) –(e)netako (erlatibotiko) atzizkia (ez superlatibotik
sortua), nahiz segurua asko bera izango den gaurko ‘batuan’ gehien erabili
ohi dena (giputz inperialismoa). Hauetan ere nagusia dek komunztadura
plurala, baina badira, ondorengoak bezala erlatiboan aditz komunztadura
singularra dakartenak, bigarren ardatzaren loturan. Hala Iztuetagandik
hasita behintzat:

 

Nekazaritza zerbait ondotxo darabillenetakorik txit gitxi izango da
Gipuzkoan, urtean karobi bat txiki edo andi egosiko ez debanik, 
(Iztueta)

Gure damu gorri gaiztoan aitor degu, bere serbitzuan iraun duenetako iñor
sekulan gurekiñ infernuratu eztala. (G. Arrue)


, eta umetasunean ez bazaiote bear dan kontua artutzen alegiñak egiñaz bear
diran erremedioakin, dagoala geroagoan arraxkuan ume ura azitzen danean,
izatea biotzeko miña egiten zaionetakoa; 
 (M. Aranburu)

Ezkontza-auste [
] orrek ez dezake askatu ezkontzako uztarririk; ezin askatu
ditekenetakoa bait-da uztarri ori. (Gast. Kristau-Ikas.)

Ez nazu bizartegita amabostean bein etortzen danetakoa. (Labaien)

Aizpa gaztea ez dezu beldurrez atzean gelditzen danetakoa. (Labaien)

 

Barrensoro-ren 6 adibide segidan X komunztadura pluralarekin eta X
komunztadura singularrarekin:

 

Asarrekaitza zan Martin jauna ta norbaitek asarrerako bidea eman arren,
etzan aren erasoa, iparbeltzarena bezela, azpikoaz gain batbatean iraultzen
zanetakoa. (Barrensoro) [SINGULARRA]

Zito, ordea, gizaseme bikain aren aurrean etzan berealakoan kikildu. Belaxka
itxurakoa izan arren, etzan braust batean adorea ta ausardikeria galtzen
zituanetakoa-ta. (Barrensoro) [PLURALA]

Pozgarri izan zitzaion aren etsipena; ezpai'zekin aren barrualdean
zebiltzanetakorik ezer. (Barrensoro) [PLURALA]

Orri igarrak, alkarren igortzian, ateratzen duten otsak, ez al-dirudi
gaberdian sorgiñak izukariz dagizkienetakoa? (Barrensoro) [PLURALA]

Aren edertasuna, ordea, ez dek lenengo begiraldian zorarazten duenetakoa.
Egunetik egunera orrizabalduz dijoanetakoa baño. (Barrensoro) [SINGULARRA]

Malentxo izan ba'litz, errezago ta gainberago nerizkioke arengana altxatzea;
itzegiteko bidea noznai ematen duenetakoa baita ura. (Barrensoro)
[SINGULARRA]

 

Besteren bat ere berriagorik:

 

Amerikana egiten ziarduenetako bat, alboratu ta geratu egin zan; beste
alderdian joian txirrindulariak, jarraitu egin eban eta eldu arraiara.
(Etxaburu -Kamiñazpi-)

Leturiaren nahigabea ere ez da beste inork sumatu ez duenetakoa, non eta
noiznahiko gizonarena, eta batez ere gaurkoarena baizik. (Txillardegi)

Gaztetan, neska kaxkariñen atzetik burua geiegixko berotuta ibiltzen
zanetakoa ere bazan eta auek zoratu-azteko arte guziak bazekizkin. (Etxaide)

Fermin Imaz ta Txirritak, asarretu ta elkarri  bertsoak jarri zizkiotenean
ere, Imaz’i jarri zionetako politenetako bat ere Xaturdinok jarria zan: 

(A. Zabala)

 

-(e)netariko atzizkia batez ere mendebaldean ageri da, eta hor ere nagusi
dira komunztadura pluralak nahiz ez diren singularrak ere falta, ondokoen
antzekoak (Añibarroren lehenaren ondoren, bere beste bat doa komunztadura
pluralez):

 

Kepanderrek... «autokamion» bat, baiña berez ibilten danetarikoa, ez sokeaz
lotuta tarraz eroan bear izaten dana. (E. Bustintza -Kirikiño-) [SINGULARRA]

Andik urrengo baserrira eldu da bertako bat, autsak erosi dauzanetarikua,
bai dua artez-artez tabernara, ta an dagozanai diñotse zer ikusi daun
perian; (E. Bustintza -Kirikiño-) [PLURALA]

Baña orduan be, oi ebanetariko amarru bat otu yakon, eta garraxi egiñez,
ba-diñotse neskamiai:  —Geldi or! (Garro -Otxolua-)

Emakume gautxoria, gorputza salgei izatekoa dala uste dabenetarikoa.
(Erkiaga)

 

J. San Martinen 7 adibide segidan 5 singularreal eta 2 pluralean
komunztatuak:

 

Eskian ebillenetariko bat eldu zan *Zarauzko etxe batera; atia jo ta urten
zetsan etxekoandriak. (San Martin) [SINGULARRA]

Tabernaria, aterik aiña maratilla zitxuenetarikua zan eta laster erantzun
zetsan bere okerra zuzendu naian: (San Martin) [PLURALA]

Baña, gure agura zarrori be ez zan elixan lelengo filan egoten zanetarikua,
ta erantzun ei zetsan: (San Martin) [SINGULARRA]

Ola ta guzti be, ba'ziran umorerik galdu ez ebenetarikuak. (San Martin)
[PLURALA]

Eskian ebillenetariko bat eldu zan *Zarauzko etxe batera; (San Martin)
[SINGULARRA]

Nun il da jausi ezeukanetariko bat zan. (San Martin) [SINGULARRA]

; baña orduango *Eibar'en ez izan iñor libratzen gaitzizenen batetik, ta
nola jentia uskeria bategaitik uxatzen zebanetarikua zan, (San Martin)
[SINGULARRA]

 

Iparraldean –(e)netarik atzizkia erabili ohi da –ko gabea, nolabait sintagma
artean aske gisa, eta erlatiboak komunztadura plurala agertu ohi du. Baina
bada singularrik ere. Esaterako ondoko pasarte bereko (ia) segidako bi
adibide kalkoetan, Duvoisinek lehenean komunztadura singularra darabil eta
bigarrenean plurala:

 

22. Aitzindari batek bekhatu egin badu, eta Jaunaren legeak debekatzen
duenetarik zerbait egin badu jakingabean, [SINGULARRA]

27. Ordean populuaren arteko norbaitek bekhatu egiten badu jakingabez, eta
hobenduntzen bada Jaunaren legeak debekatzen dituenetarik zerbait eginez,
[PLURALA]

 

Jada B. Etxeparek ere bere bertsoetan bi eratako komunztadura ageri du
–(e)netarik atzikiarekin (mahiz kasuan ardatzik gabe eman esaldiak):

 

Anhiz begiratu duzu galduren zenetarik   Niri ere hel zakizat othoi galdu
gaberik. (Etxepare) [SINGULARRA]

, baieta kontrarioa egiten dutenetarik eure populua deliuratu eta enparatu.
(Etxepare) [PLURALA]

 

Hegoaldean –(e)netatik atzizkia erabili ohi da maiz, nolabait sintagma
artean aske gisa, eta erlatiboak komunztadura plurala agertu ohi du. Baina
bada hemen singularrik ere;

 

, eze dirudi aen esatez ta ustez eztala bat bere salbetan ordura artean
bekatuan iraun dabenetatik. (Añibarro)

 

-(e)tan atzizkiarekin ere usuak uste diat direla erabilerak, baina ez
zeuzkeat jasoak.

 

Nolanahi, kontua pixkaren bat argitzeko, agian balio dik pentsatzeak
eztabaida ari garela zentratzen, “erlatiboaren barreneko ‘izen ardatz
isildua edo’ lihoakeenean erlatiboaren ardatza aditzean komunztatu ohi den
NOR / NOR / NORI kasuetako batean”, eta orduan sortzen zaiguk zalantza edo
kezka. Baina bazekiagu hainbatetan erlatibatzen ditugula ere bestelako
kasuetan leudekeen ‘izen ardatz isilduak edo’, hala, errazenetakoak
aipatzeko, denborazko NOIZ, edo lekuzko NON inesiboetan lihoazkeenak. Eta
kasu horietan erlatibozko aditza ez da inoiz komunztatzen ‘lehen izen ardatz
beti pluralararekin’. Ezin. Eta honen singulartasuna edo pluraltasuna
egituraz kanpoko NOR-NORK edo NORI osagaietan dagoke, ez erlatiboan bertan,
ez ‘lehen ardatzean’, ez ‘bigarrenean’. Halako zerbait erakutsiko ligukete
ondoko adibideek:

 

Jerusalengo elizara igan zenetatik batean ekusi zuen Jesusek eliz-gizonak
etziran jendeak, (Mendiburu) [ezin IGAN ZIREN eman, Jesus bakarrik bada igo
dena]

Gaur da San Jenaroren odol legorra urtuten dan egunetatik bat. (Tx. Agirre)
[ezin URTETEN DIRAN eman, EGUN BAKARREAN urtutzen bada  delako odola]

Ametza erronkan zebillenetako batean, zortzi bertsolarien izenak sartuaz,
bertso oek esan zituan Pernandok. (G. Mujika) [ezin ZEBILTZANETAKO eman
‘Ametza’ bakarrik baldin bazen erronkan zebilena].


, gure erria ez bai-zan erri aundiak bezela irteziña ta erritarrek alkar
ezagutzen ez dutenetakoa. (Anabitarte) [ezin EZAGUTZEN DITUZTENETAKO eman,
ELKAR objektua –ikusten dutena- beti singularra delako, nahiz HERRIAK asko
izan.

 

Aspertzeko adina luze. Ezertarako balio badu
 (nik hemen goiza alferrean
emanda)

 

Ondo izan

 

Bittor

 

 

cid:image006.jpg a bildua 01CDBF85.C069D7D0

Ikurraz eta Euskaldun Bihotzekoak kanpainaren inguruan,

ikusi: www.euskalnet.net/euskaldunbihotzekoak

===========================cid:image007.jpg a bildua 01CDBF85.C069D7D0
Bittor Hidalgo Eizagirre
Gaztelu kalea, 25, 4.A
20013 Donostia (Gipuzkoa)
Euskal Herria (Espainia -gainezarpenez-)
Tfnoak: 943326855 // 655728290
posta-e: bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
===========================cid:image008.jpg a bildua 01CDBF85.C069D7D0

 

-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20121123/1441fb62/attachment.html>
-------------- hurrengo zatia --------------
Testu hutsa ez zen mezu bat ezabatu egin da...
Izena: image006.jpg
Mota: image/jpeg
Tamaina: 4973 bytes
Azalpena: ez dago erabilgarri
URL : <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20121123/1441fb62/attachment.jpg>
-------------- hurrengo zatia --------------
Testu hutsa ez zen mezu bat ezabatu egin da...
Izena: image007.jpg
Mota: image/jpeg
Tamaina: 545 bytes
Azalpena: ez dago erabilgarri
URL : <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20121123/1441fb62/attachment-0001.jpg>
-------------- hurrengo zatia --------------
Testu hutsa ez zen mezu bat ezabatu egin da...
Izena: image008.jpg
Mota: image/jpeg
Tamaina: 857 bytes
Azalpena: ez dago erabilgarri
URL : <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20121123/1441fb62/attachment-0002.jpg>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago