[itzul] 'Idazlea itzultzaileen lantegian' ekimena, Pauen

EIZIE bulegoa a bildua eizie.org
Ost, Urr 10, 13:41:04, CEST 2012


2004 urteaz geroztik, EIZIE elkarteak literatur itzulpen lantegi bat antolatu du urtero, euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginean. Ekintza aberasgarri honen bitartez, zenbait helburu lortzen ditugu, hala nola literatur itzulpengintza eta itzultzaileen lana sustatzea, euskal literatura atzerrian ezagutarazten laguntzea, sorburu hizkuntza euskara duten liteartur itzultzaileen zerrenda osatzea.

Aurtengo edizioan, Frantziara eramango dugu lantegia, lehen aldiz, Etxepare Euskal Institutuak eta EIZIEk iaz sinatu zuten hitzarmenaren ondorioz. Pauen egingo dituzte hiru egun idazleak eta bost itzultzailek, urriaren 16tik 18ra, UPPA Unibertsitateko LLC-Arc Atlantique laborategia bidelagun dutela. 


Idazlea eta langaia

Mintegian, mahai beraren inguruan eseriko dira Eider Rodriguez eta bost itzultzaileak, Katu jendea ipuina ardatz hartuta. Aurten, Itziar Otegik koordinaturik, ikuspegi berri bati helduko diote, eta, ildo horretatik, itzultzeko hiru bide desberdin aztertuko dituzte: zuzenekoa, zeharbidezkoa eta lankidetzakoa. 

Itzulgaia kokatzeko, Eider Rodriguezek bere literaturaren nondik norakoak azalduko ditu (Amy Winehouse-ren ama), bai eta Katu jendea ipuin sorta gaztelaniaratzeko prozesuarenak ere (Autotraizioaz). 


Itzultzaileak

Aurtengo lantegian, itzultzaile hauek parte hartuko dute: 

- André Gabastou, Bernardo Atxagaren lanak frantseseratu dituen itzultzailea. Gatos ipuina izango du abiapuntu (Eiderrek berak gaztelaniaratua).
- Henrike Olasolo eta Peter Smaardijk, Herberetako Zirimiri Press argitaletxeko kideak. Tandemean lan eginez, euskaratik nederlanderara itzuliko dute testua.
- Joana Pochelu eta Gabi Schwab. Euskarazko jatorrizkotik zuzenean itzuliko dute Katu jendea ipuina frantsesera eta alemanera, hurrenez hurren. 


Amaiera ekitaldia jendaurrean
 
Mintegieran azken egunean, parte hartzaileek esperientziaren berri emango dute mahai-inguru batean, eta, ondoren, errezitaldia izango dugu: Katu jendea ipuinaren zenbait pasarte bost hizkuntzatan entzungo ditugu, musikaz lagundurik.

Ekitaldia urriaren 18an izango da, 15:00etan, Paueko Gazteluan.  


Informazio gehiago: http://www.eizie.org/Elkartea/ikastaroak/itzulika12

Gure artean izango zaitugulakoan, izan ongi eta laster arte.

EIZIE
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20121010/82c765a5/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago