[itzul] «emprendedor», «entrepeneur» hitzaren euskal ordainaz
Xabier Armendaritz (Aixe, S. L.)
aixe a bildua ctv.es
Ast, Api 18, 12:20:40, CEST 2013
Nahiz eta «emprendedor/entrepeneur» erdal hitzaren euskal ordaintzat
«ekintzaile» ikustea ohiko bihurtu den, neronek, itzuli behar dudanetan
(maiz samar), «enpresa-sortzaile» jartzen dut beti. Besterik baita
ekintzaile izatea: ekintzaile, ekintza, Eusko Ekintza...
«emprendimiento»ren ordaintzat, berriz, «enpresa sorkuntza» erabiltzen
dut (bazterretan dabilen «ekintzailetza» ere ez baitzait oso egokia
iruditzen).
Gaurko /Berria/n herrikide bati irakurritakoak ekarri dit gaia gogora.
Behean kopiatu dizuet artikulua.
Ondo izan,
Xabier
_________________________
Xabier Armendaritz
AIXE itzulpen eta zerbitzuak
Biltzar Nagusiak, 11, behea
01010 GASTEIZ
Tel.: 945 174 476
_________________________
http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-04-18/004/003/txakurtxirulero.htm
Txakurtxirulero
Idurre Eskisabel
Duela egun batzuk aitortu nuen: azkura sortzen dit /ekintzaile/ hitzak;
bai, behintzat, azkenaldian erantsi diogun esanahian. Hau da, hondamendi
naturala bezain saihetsezin sinetsi dugun krisitik salbatuko gaituzten
/emprendedor/ edo /entrepreneur/-en adieran. Are eta azkura handiagoa
sortzen zait /ekintzaile-/ri ondoan /gazte/ eransten zaionean. Eta
azkura urtikaria jasanezin bihurtzen entzuten ditudanean hedabide
nagusiak, mantra bat balitz bezala, etorkizuna gazte ekintzaileak direla
errepikatzen. Badakizue, inoizko ongien prestatu ditugun gazte horiek,
ekaitzak irauten duen bitartean, txin-txin, diruaren hotsera, deserrira
bultzatu nahi ditugunak.
Baina aizue, ez atera ondorio okerrik: maite ditut ekintzaileak eta
maite ditut gazteak. Are, maite ditut gazte ekintzaileak. Esate
baterako, gaurko ekonomia eta kontsumo eredua jendearen kalterako eta
ingurumenarentzat jasangaitz irudituta, baratze kooperatibo bat abian
jarri dutenak, eta egun ---zein gau--- askotako lan, izerdi eta kezken
ondorioz, astero 20 familiaren elikagai premia nagusiak asetzeko gai
direnak, nahiz eta euren poltsikoak beti hutsik ibili. Gazte ekintzaile
horiei, ordea, ez diegu gazte ekintzaile esaten, gure handikeria
hutsalenetik, txakurtxirulero baizik.
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20130418/2d86778a/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago