[itzul] Arraun etxe ala Arraun etxea?
Xabier Armendaritz (Aixe, S. L.)
aixe a bildua ctv.es
Ost, Ots 13, 11:17:00, CET 2013
Nire ustez aski arrazoi eman dira, «Arraunetxe» ondo sortua dela jotzeko
(«Arraun etxea» ere zuzena litzatekeen bezala), eta gainera abantailak
ikusten dizkiot. Bestek ondo argitu duten gai horretara, hala ere, bi
albo argibide ekartzera nator.
1. Euskaltzaindiak gai horretan interesa baduen zerbait esana du
aspalditxo, 1991. urtean (EGLU I, 29. orrialdea):
«Bestalde, baserri izenekin eta, Ekialdeko jokabidea eta Mendebalekoa
desberdina dela dirudi gaurregun behintzat. Hain zuzen, Ekialdean baserri
izenekin herri izenekin bezala jokatzen dute. Adibidez, baserri baten izena
Haranburua izango da, baina -a hori mugatzailetzat hartzen delarik,
Haranburutik, Haranburura, Haranburuan, e.a. esango dute.
»Mendebaleko joera, berriz, alderantzizkoa dela dirudi. Alegia, baserri
baten
izena Kaminburu edo Etxeberri baldin bada Kaminburuko, Kaminburun,
Etxeberrin eta abar esango da. Beraz, zail gertatzen da erregela
zehatzik ematea
gai honetan. Dena den, Ekialdean ere, Haranburua bada ere baserriaren izena,
baserri horretako gizona ez dajadanik Haranburua izango, Haranburu baizik.»
Beraz, mendebaldeko joera (Oriokoa ere bai) toponimoa «-a» mugatzailea
gabe jartzea bide da.
2. Hari honetan bertan irakurri dugu esaldi hau: «Gure herriko Kultura
etxearen izena "Portalea" da baina inori ez zaio okurritzen "Portaleako"
egiterik, berba hori, berez, arrunta delako». Horren berri izatean,
biziki poztu naiz, Eibar aldean Gasteizen baino txukunago dabiltzalakoan
(begietako mina ematen baitit «Mendizorrotzako», «Salburuako»,
«Lakuabizkarrako» eta abar ikusteak... eta «Lakuako» kasuarekin
dagoeneko etsia naiz, salbuespentzat hartuta).
Interneten begiratuta, ordea, errealitate gordina: «Portaleako
liburutegia» handik, «Portaleako erakusketa» hemendik, «Portaleako areto
nagusian» hortik... Eibarren ere txakurrak oinutsik. Googlek 965
emaitza, «"Portaleako"» bilatuta (komatxo artean, zehazki forma hori
besterik ager ez dadin):
https://www.google.es/search?q=%22portaleako%22&ie=utf-8&oe=utf-8&aq=t
Itxaropenerako, «"Portaleko" + Eibar» bilaketak 7.100 emaitza:
https://www.google.es/search?q=%22portaleko%22&btnG=Search&oe=utf-8
Ondo izan,
Xabier
_________________________
Xabier Armendaritz
AIXE itzulpen eta zerbitzuak
Biltzar Nagusiak, 11, behea
01010 GASTEIZ
Tel.: 945 174 476
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago