[itzul] Hegaldien erdia ez da hegaldien erdiak

LARRINAGA LARRAZABAL, ASIER larrinaga_asier a bildua eitb.com
Ost, Eka 12, 08:53:04, CEST 2013


Jon, atzo opor egin nuen, baina izan nuen zure mezuaren berri. Egon lasai; ez didazu burua berotu, lehendik ezinago beroturik neukan eta. Ez zara gure kazetarientzat zigorrak edo zehapenak eskatzen lehena, ezta azken egunetan eskatzen bakarra ere, eta ez egunokaz eskakizuna plazan egiten bakarra ere.

Arrazoi duzu gauza bitan: a) kazetari batek hizkuntzaren ardura handia izan behar du, eta b) EIko -eta ETBko- kazetariei ia egunero ohartarazten diegu mugagabeaz eta beste hainbat hizkuntza-akatsez.

Dena dela, azalpen batzuk gehitu nahi nituzke. 1) EIko -eta ETBko- kazetariak hizkuntza-erabiltzaile arduratsuak dira, eta testu oso onak ekoizten dituzte. 2) Neurri batetik aurrerako eta premiatasun-maila batetik gorako testuetan, ezin itzurizkoak dira akatsak, eta, beraz, gure kazetarien testuetan beti egongo dira akatsak. 3) Akats horien artetik, badira batzuk beste batzuk baino sarriago agertzen direnak: mugagabea -batik bat -a organikoa duten hitzetan-, aditz batzuen erregimena... 4) EiTBko Zuzendaritzak eta Euskara Zerbitzuak hainbat neurri eta hainbat ekimen eramaten dituzte aurrera urte osoan, akats horiei aurka egiteko. 5) Halako neurri edo ekimen bakoitzaren ostean, hein oso handian murrizten da arretagune izan den akatsaren agerpena. 6) Hortik aurrera, agerpenak gehituz joaten dira, eta jardunbide errealista bakarra da beste neurri edo ekimen bat gauzatzea maiztasun onartezinera heldu aurretik.

Badakit oso aspergarria eta inolaz ez suspergarri eta zirraragarria dela errealismoz eta pragmatimoz jokatu beharra. Mundu ideal batean, hegaz egiten utziko genieke irudimenari eta sormenari, gure artista-senak testu bikainak ekoitziko lituzke hitz egin ahala, eta unibertsitateak hizkuntza-prestakuntza hobea emango luke... eta ez litzateke euskararen esentzien paladinik altxatuko -<komisario>, <ezjakin> esaka- hedabideetarako hizkuntza-eredu bat proposatu nahi dugun bakoitzean... eta euskarazko produkzio osoak EiTBn sortzen diren testuen kalitatea izango luke.


Asier Larrinaga
<http://www.eitb.tv/>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20130612/d9cb799b/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago