[itzul] kuku-bildots

Juan Garzia Garmendia juangarzia a bildua gmail.com
Ast, Urr 16, 11:12:32, CEST 2014


Berriketaren haritik, berba hori jaulki zigun lehengoan (eta ondotik
azalpena, nahiz testuinguruan ulertzekoa zen), Busturialdeko Arrieta
herriko Jainko auzoko agure jator batek. "Ño, apuntatzekoa", egin nuen
neure artean.

Orain, OEHn begiratu, eta hara:

KUKU-BILDOTS. a) "(BN), cordero tardío, nacido fuera de tiempo" A. b)
"(Sal), niño de padres muy entrados en años" A.


Adierok guztiz bat datoz jainkotarraren azalpenarekin; alde horretatik,
ustekaberik ez. OEHkoaren parentesiak, ordea, bai harrigarriak:
baxenafarreraz eta saraitzueraz ere berdin!

Azkuek bilduak omen, bestetik, bi erreferentziok. Orduan, han urrutian bai
eta etxe ondoan entzun gabeak zituen berbok gure Resurreccion-Mariak?!

Gustatuko litzateke, eta horregatik mezu hau, hitz horren
euskalkiartekotasunaren norainokoa egiaztatzea. Alegia, estimatuko
nizuekeela, zeuen inguruan erabilera horren berri duzuenoi,  hala
adieraztea.

Kuku aurretiko esker mila.
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20141016/96573f07/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago